Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Patakon, bandolero euskalduna 

PERTSONAIAK

PATAKON
(herriko hizkeran)
BESTE HIRU BANDOLERO:

- GIÑI
- IRRINTZI
- PERUMALO
(herriko hizkeran)

BI HERRITAR:

- MARITXU (herriko hizkeran)
- JOXE MANUEL (herriko hizkeran)

GOBERNADOREA (bizkaieraz)

GOBERNADOREAREN ALABA:

- MAIALEN (bizkaieraz)

BI GOARDIA:

-GOARDIA 1
-GOARDIA 2


BI MARINEL (lapurteraz)


ESZENATOKIA

Eszenatokian hiru espazio bereiztuko dira:

1.- Azpian eta ezkerraldean basoa irudikatuko da; enborrak, su itxura, zuhaitzak…

2.- Erdialdean baina goian, bi zutabeen artean gobernadorearen etxea irudikatuko da; Mahai txikitxo bat lanparatxo batekin eta jarleku dotore samarra, gortinak eta egurrezko balkoia.

3.- Azpian eta eskumako aldean itsasontzi handi bat atzean sartzeko modukoa eta azpian olatuak.

JANTZIAK

BANDOLEROAK

PATAKON: Panazko jantzia, txaleko gorrixka, zilarrezko edo antzeko botoiez, gerriko edo gerriko zabala, narruzko botak edo abarkak eta manta bat lepo gainetik. Buruan zapia eraman dezake. Arma trabukoa izan daiteke.

GIÑI: Patakonen antzera. Dantzarien frakakbalio dezakete. Trabukoa edo ezpata eraman dezake.
IRRINTZI: Aurrekoaren antzera baina gona luze luzearekin, emakumea dela antzemateko.
PRUMALO: Giñiren antzera txalekoen kolorea aldatuta.

GOBERNADOREA: Blusa zabala bolanteekin, txaleko beltza, katedun erlojua, fraka bitxiak, galtza zuriak, zapatak, bibotea eta handikeria itxuran.

MAIALEN: Soineko luzea eta dotorea, ile luzea, eskotea.

HERRITARRAK: Dantzarien arropak eskatu.

MARINELAK: Fraka zuri piratak, alpargatak, marradun nikia, petrina zabalak, euskaldun txapelak.

GOARDIAK: Hertzainak irudikatzen, jertse gorriak, txapel gorriak, fraka luzeak, gerrikoan porra eta pistola handiak

ESZENAK EDO EKITALDIAK

1.- PATAKONEN AURKEZPENA
Patakon guardietatik ihesi dator, nekatuta. Laguntza eskatuko du eta herritarrak ezkutatu egingo dute, gero guardiak azalduko dira, herritarrei laguntza eskatuko diote baina hauek okerreko bidetik bidaliko dituzte. Guardiak desagertuaz bat beste hiru bandoleroak azalduko dira eta Patakonekin basoan elkartu. Suaren inguruan eserita gobernadorearen etxea ostu eta Maialen bahitzeko asmoak garbi geldituko dira, baita Patakon eta Maialenen arteko maitasun harremana ere.

2.- GOBERNADOREA ETA ALABAREN AURKEZPENA
Gobernadorearen etxean aita-alabaren arteko eztabaida entzungo da. Alabak, (Maialenek) Patakon maite du eta berarekin bizitzeko asmoak azalduko dizkio aitari. Aitak ez du hori onartzen eta alaba bere gelan giltzaperatuko du. Maialen balkoian triste dago, orduan Patakon etorriko da eta bere asmoak azalduko dizkio.

3.- GOBERNADOREAREN ETXEARI ERASOA

Lau bandoleroak gobernadorearen etxe inguruan azaldu eta guardiak erasotu ondoren Maialen libratuko dute eta etxean dagoen urre eta bitxien kutxa eurenganatu. Patakonek gobernadorearekin elkarrizketa izan ondoren hau beraiekin alde egiteko konbentzituko du.

4.- IHES EGITEA
Danak basoan elkartu ondoren Baionako porturantz abiatuko dira. Guardiak atzetik doakie baina berriz ere herritarren laguntzarekin ihes egitea lortuko dute. Itsasontzira igo eta Euskal herria agurtzearekin bat bukatuko da antzerkia.

5.- AGURRA
Musika jakin baten erritmoan pertsonaiak banan-banan eszenatokira azalduko dira eta eskutik heltzen joango dira azkena atera arte kate bat osatuz.



1.EKITALDIA

Eszenatokia ilunetan dagoela grabazioa entzuten da non Euskal herriko bandoleroen historiaz hitz egingo duen, haien ekintzak eta ezartzen zizkieten zigorrak. (batua)

“ Bai, Euskal Herria ere bandolero leku izan da eta mendeetan zehar gure mendi eta oihanek ezagutu dituzte. Haiek burututako ekintzen berri badugu gaur egun, herritarren memoriari esker da.

Azeri Sumakila esaterako XIII. Mendean bizi izan zen bandolero buruzagi famatua dugu; edo eta Santxiko Rota izenekoa, XV.mendean Nafarroako Bardenak bere egin zituena. XIX. Mendean berriz, Hernani izutu eta bertako bideen jabe egin zen Giñi izenekoa ezaguna da; Honekin batera, Antonio Madariaga “Patakon” ezizenekoa…edo Moneos, Morenillo, Txitxos, Jergon…eta emakumeak ere izaten ziren honelako lanetan, Irrintzi izenekoa adibidez.

Bidaiariak ezustean harrapatu, ostu eta kasu batzutan asko zeukatenei kendu, gutxi edo ezer ez zeukatenen artean banatzeko… holako ekintzak burutzeagatik egin ziren ezagun aipatutako izenak eta hemen aipatu gabe gelditzen diren asko.
Harrapatuz gero, zigor handiak jasotzen zituzten, kartzelaratzea ez zen ezer, hori baino askoz ere krudelagoak ziren zigorrak, bizirik erre edo zuhaitzetatik urkatzen baitzituzten.

Arestian aipatu dugun Giñi bera ere 37 urterekin akabatu zuten garrote vil zeritzon zigorpean baina…PATAKON ez, gure gaurko bandoleroa behin baino gehiagotan atxilotu zuten, baina beste hainbestetan ihes egin ere; Historiagileek diotenez, Galdakaon jaiotako pertsonaia honek bere bizitza Euskal herritik urrun bukatu zuen…baina…ikus dezagun gerta zitekeen istoriotxo bat…”
 
Eszenatokia argitzen hasten da, musika entzuten da eta Patakon korrika ateratzen da, guardiak atzetik segika datozkio torpe xamar; Bigarren bueltan musika isildu eta Patakon eszenatokian geldituko da arnas estuka. (Publikoan 2 herritarrak daude eserita)


PATAKON: Uff…eztakitx nora jo…harrapau bienaue…E! herri osua zauze hemen ala? IEPA! PATAKON naz, Zornotza ingurutik nator iheska…baina ixo! Sssss…isildu bestela harrapauko naue…zuek ez esan guardiei ikusi nauzuela e?

MARIA: EEH!!! Patakon…!
(Patakon ahotsa nundik datorren begira dabil)
Bai…eh! Hemen…! Etorri zaittez hona!!

JOXE MANUEL: bai, zatoz!! Guk ezkutatuko zaittugu… Aguro baina…!!

(Berriz musika entzuten da, bitartean Patakon, Maritxu eta Joxe Manuelen artean esertzen da gorde antzean, ondoren guardiak azaltzen dira bakoitza alde batetik eta erdian txokatu egiten dira. Musika isiltzen da.)

GOARDIA1: Ieeeepaaa…!

GOARDIA2: Eupalatx!!!

GOARDIA2: Madarikatua…! Berriz ere ezkutatu zaigu Patakon ziztrin hori!!

GOARDIA1: E! baina herritar jator hauek lagunduko digute e? Ikusi al duzue Patakon?

GOARDIA2: Begira…Patakon gaizkilea da…lapurretan egin du; Inguruko jauntxo guztiak erasotu ditu eta orain gobernadorearen alaba eta biak maiteminduta daude eta gobernadoreak ez du horrelakorik nahi… gurekin eraman behar dugu zigortu dezaten, bai horixe!!

GOARDIA1- Zer…nondik joan da?
(Herritarrak, Maritxuk eta Joxe Manuelek, okerreko bidetik bidaltzen dute)

GOARDIA2: Eskerrik asko! Goazen! Oraingoan bai! Oraingoan harrapatuko dugu!

(Musika entzuten da eta eszenatokitik alde egingo dute korrika antzean. Ondoren, musika isildu eta aretoko ateetan buila entzuten da; ate batetik bat eta bestetik bi bandolero azaltzen dira abesten ikuslego artean)

GIÑI ETA IRRINTZI: “Ardaua eranda mozkortzen naiz, pipia erreta txoratzen naiz, kortejatzian lotsatzen naiz, nola demontre biziko naiz…!!”

PERUMALO: (pistola atera eta jendearengana zuzenduz)
Eupa..!!  gora eskuak! Dirua ala bizia…!jo…jo…jo…! Perumalo naz ni gero eh?? Lasai…apropos nabil eta…(pistola fraketan gordetzen du) E!! Irrintzi!!! Giñi!!! Patakon topau biou! Badakitzue nun dabilen?

IRRINTZI: Bai, hor non dauen, Maritxu eta Joxe Marik ezkutau daue!

(Patakon, Maritxu eta Joxe Manuel erdira irten dira)

PATAKON: Eskerrak lagunak, Eskerrik asko maritxu, Joxe Manuel! Oin basoko ezkutalekura juan biherra daukat, hara juango die nire lagunak be eta…

(Argiak itzaltzen dira, bitartean lau bandoleroak suaren inguruan korroan jarriko dira eta musikarekin batera arin-arina dantzatuko dute irrintzi artean. Ondoren eseri egingo dira eta…)

GIÑI: Zer? Noiz kendu bie jutzau Zornotzako zikin horrei dauken aberastasun danak?

IRRINTZI: Gurozuenien…!! Ni gertu nau…gainera biherrien be banau..!!

PERUMALO: Bai…baina geruau eta gertuau dauz guardixak eta kontuz ibili biheko gare…!!

PATAKON: Horretxeaitxik…bixar bertan…!! Lehenbailehen inbiou jospa!! Gainera Maialen ez dot aspaldi ikusi eta bera be nire zain egongo da honezkero!!

IRRINTZI: Benga ba…! In deigun planak!!!

(Musikarekin batera aretoa ilunetan jarriko da. Musika aldatzearekin batera argiak piztu eta gobernadorearen etxea, gobernadorea bera eta bere alaba azalduko dira eszenatokian, goialdean)



2.EKITALDIA

GOBERNADOREA: Mila bider esan dautzut ezetz, ez zarela sekula be tipo…jentilaje…lapur…horregaz ezkonduko!!!

MAIALEN: Baina aitta!! Nik bera maitte dot eta berak ni maitte nau, mesedez eskatzen dautsut, hola bakarrik izengo naz ni zoriontsu!!

GOBERNADOREA: Ez, ez eta mila bider EZ!!

MAIALEN: Ba, zuk gura ala ez berakin juango naz!!

GOBERNADORA: Ez horixe!! Preso sartu bier badautsut be, sartuko zaut! UTIKAN! Baina zu etzara lapur malapartau horregaz ezkonduko!!

MAIALEN: Baina…baina…aittaa!!!

(Alaba bere gelan giltzaperatzen du; ikuslegoak Maialen balkoian ikusten du triste)

GOBERNADOREA: Banoia…guardia alper horrei begixek ondo zabalik eukitzeko esan behar dautsiet eta Patakon hori hemendik etorten bada…

(Gobernadoreak alde egingo  du, eszenatokian Maialen azaltzen da eta musika erromantiko bat entzuten da. Abestia bukatzen denean, balkoi azpian, Patakon azalduko da)

PATAKON: Maialeeeen!!....Maialeeen…!!

MAIALEN: Ene Patakon niria…!! Aittak topetan bazau zeuriak ein dau!” zoiaz hemendik urrin…!!

PATAKON: Ez bihotza!! Hori esatera nator! Bixar gabien egon gertu nirekin igez eitteko…

MAIALEN: Bai… Bai…! Bixar gertu egongo naz!!

(Argiak itzali eta musika entzuten da. Musika aldatzean berriz ere gobernadorearen etxea, bera, guardiak eta alba azaltzen dira eszenatokian. Basoaldetik bandoleroak etorriko dira aurpegiak estalita)


3.EKITALDIA

PATAKON: Irrintzi, hik lehenengo guardia despistain; Perumalo, hi berriz bigarrenaz arduratuai!!

IRRINTZI ETA PERUMALO:
Hori indda jak!!

GIÑI: Ni gobernadoriaz ardurauko nok eta gero hirurok urria eta bitxixak hartuko jittuau…

PATAKON: Nik bitxartien Maialen atarako juat!! Dana bukatutakuen basuen juntauko gaittuk, betiko lekuen.

Musika entzuten dan bitxartien Irrintzik lehenengo guardiari zaplada bat emango dio hau lurrera eroriz, gero Perumalok pistolarekin golpe bat emango dio bigarrenari eta ondoren Giñik pistolarekin gobernadorea apuntatuko  du eta beste biak aulkian lotuko dituzte eta urre kutxa hartuta alde egingo dute. Hau gertatzean musika isilduko da eta Patakon azladuko da.

PATAKON:
Maialeeen…! Maialeeeen…!

MAIALEN: Ai…nire Patakon…lagundu…!!

Maialenek izara biribildu bat botako  du balkoitik behera eta bertara irristatuko da Patakonen besoetara. Gero aita dagoen tokiraino joango dira biak.

PATAKON: Zure alabia nirekin dator eta nire lagunak zure dirua daroiate, hobe izengo zeuke zu zeu be gurekin etorriko bazina, hemen ezebe barik geldiketan zara eta…

GOBERNADOREA: (negarrez) Bai, egixe da, hemen alaba barik enaz ezebez!

MAIALEN: Ondo aitta…!! Baina gurekin bazatoz badakitzu, justizia zure atzetik be etorriko da eta harrapatzen bagaue…!

GOBNERNADOREA: Bai, bai…guazen!!

PATAKON: Tira ba guazen…basora!!

Argiak itzali eta musika entzungo da. Musika isiltzean danak basoan elkartuko dira.


4.EKITALDIA

PATAKON: lagunak! Nik hemendik alde in bierra jaukat, inguruko jauntxo danak nire burua arbolatik txintxilik ikusi gura juek eta!!

GIÑI: Ta honek txarrixonek ze itxejok ba hemen?

PATAKON: Hau gurekin jatok!!

GIÑI: ba…ni behintzet ez naixuek Euskal herritxik inora!

IRRINTZI: Ezta ni be, ni hemen geldiketan nok!

PERUMALO: Eta nik ze ingo neuke ba lurralde arrotzetan?? Hau dok nire lekua!!

PATAKON:
Bajakixat Baionatik barkua joiala Afrikara, hauraxe harrapau biejuau!

Diruak banatu eta bidean jartzen dira, beste hirurak basoan ezkutatu eta desagertzen dira. Guardiak azalduko dira korrikan bakoitza alde batetik eta erdian txokatu eta lurrera eroriko dira, momentu horretan bi herritarrak etorri eta mugitu ezinik edukiko dituzte lurrean. Orduan musika entzuten da eta itsasontzia dagoen tokia argitzen da, marinelak kantuan egingo dute planta haundiekin musika jarraituz. Musika isiltzean…

GOBERNADOREA: Afrikara goiaz, badau hemen hirundako lekua)

MARINELA1: Hemen izanen deizue toki…!!

MARINELA 2: Emazte eder hunentzat nola ez bada?

Hirurak barkura igoko dira, marinelak arraunak hartu eta arraunketan hasiko dira, Patakonek ikuslegoa agurtu ondoren denak eskuekin agur eginaz eta musikaz amaituko da lana.

PATAKON: Agur Euskal Herria!! Etorriko naiz egunen batean!!

Argiak itzali eta musika berri batekin  pertsonai guztiak bere agurra egingo dute aurrera dantzan irtenaz, azkenean danak eskutik helduta agurtuko dira.



BIBLIOGRAFIA


- XIX. MENDEKO BANDOLERISMOA. Joseba Agirreazkuenaga Zigorraga (E.H.U)

- GARA. 2000ko Uztailaren 11, “Aintzina” atala.

MUSIKA


Azala: 2- polka- hasiera eta 1.agerraldiko 1. zatia.
3- Ain- arin 1. agerraldiko 2.zatia (dantzan)
2- polka- 1.agerraldiaren bukaera.
5- Habanera- 2.agerraldiaren hasiera.

Kepa Junkera 4- Maitia nun zira 2.agerraldiaren erdia (Maialen preso balkoian)

Azala: 5- Habanera- 2. agerraldiaren bukaera.
12- Polka- 3. agerraldiaren hasiera, erdia (borroka) eta  bukaera.
4.agerraldiaren hasierarrte
6- Iduzki- 4.agerraldiaren erdi bukaera, basoko ekitaldia bukatu eta itsasontziaren aurkezpenean, eta, bukaeran.
7- Polka- agurra

Karmele Igartua

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago