Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
   
pdf    
218 Sinopsia

Alaitz Olaizola 218  2017ko Aipamen berezia


Ane, emakume arrunt bat, familia arrunt batean eta bizitza arruntarekin. Edo, beharbada… ez.


1.- BARRUAN. LOGELA – GOIZA
ANE, SENARRA

Logela ilun dago. ANE(46) dago ohean, bere SENARRA(48)ren ondoan. Biak erabat lo daude. Bat-batean bi iratzargailuek jo dute batera. Goizeko zazpiak eta zortzi dira.

Kolpera esnatu da ANE. SENARrak lo jarraitzen du. Bi iratzargailuak itzali ditu kolpe batez ANEk. Gau-mahaiko argitxoa piztu du. Begi-zuloak ditu, ondo deskantsatu ez duenaren itxura. Nagiak atera eta altxatu egin da presaka. Bezperan hurrengo egunerako txukun utzitako arropa hartu du aulki batetik, eta isilean, logelatik atera da.

2.- BARRUAN. SUKALDEA - GOIZA
ANE, MADDI, MIKEL

Dutxatik atera berria da ANE, eta ilea bustita du. Kaleko arropak ditu soinean. Kafetera martxan dago. ANE tostada baten gainean gurin pixka bat igurtzi nahian dabil presaka, baina gogorra dago oraindik. Bitartean, mahai gainean duen liburua irakurtzen ari da. Laurehun bat orriko liburua da: “Nikaraguako Emilia”. Berrogeita hamar orri falta zaizkio amaitzeko.

Honetan, gurin zati bat erori zaio alkandorara, bular parean, eta beste zatitxo bat liburura, irakurtzen ari den orriaren gainera.

ANE

Joder!

Zapi bat hartu eta, iturrian busti ostean, koipe orbana garbitzen hasi da. Aurrena alkandorakoa eta gero liburukoa. Bat-batean, kafeterak gainezka egin du.

ANE

(etsita, kafetera sutatik kenduz)

Ez ba!

Kafe apur bat erori zaio esku gainera, baina ez da konturatu.

MIKEL(18) sartu da sukaldean, artean pijama soinean duela.

MIKEL

(aldarte onean)

Egun on, ama! (usainduz) Um… Ez dago kafe egin berriaren moduko usain hoberik goizean-goiz.

ANE

Usaina sekulakoa Mikel, baina… kaferik batez!

MIKELek, sutara begiratu eta, kafe putzu bat ikusi du suaren gainean.

MIKEL

(disgustu aurpegiarekin)

Joe, ama! Berriz?

ANEk liburua garbitzeko ahaleginean jarraitzen du presaka. Honetan, esku gainetik, kafe tanta bat erori zaio liburura.

ANE

(etsita)

Baina, posible ote?

MADDI(16) sartu da sukaldean da, isilean, artean lo.

MIKEL

Kafea nahi, Maddi?

MADDI

(Erdi lotan)

Puf… Bai, mesedez. Beroa eta katilua goraino ahal bada.

MIKEL

(irribarre egin eta)

Prestatzen duzunean abixatu! Janztera noa!

Korrika atera da sukaldetik. MADDI begira geratu zaio, atsekabetuta.

MADDI

(amari)

Jo, ama! Esan iezaiozu goizean goiz ez hasteko bazilatzen!

ANE

Hara, Maddi, ez bazilatu zuk niri, faborez. (Tostada zatia ahoan sartuz, presaka) Ni banoa, autobusa galduko dut eta. Esan aitari berandu bueltatuko naizela gauean. Liburutegitik pasa behar dut bai hala bai.

MADDI

Oraindik ez al duzu bukatu?

ANE

(pipertuta)

Bistan da, ez?

MADDI

Bale, bale!

Isilunea. ANEk liburua irakurtzen jarraitzen du. Behatzarekin jarraitzen ditu lerroak, ahoa mugituz irakurtzen ari den bitartean.

MADDI

Zer dago gaur bazkaltzeko?

ANE

Hozkailua ireki eta jangarria den edozer!

Liburua itxi eta, sukaldeko mahai gainean prest duen poltsa, motxila eta jakarekin batera besapean hartuta, presaka atera da etxetik.

MADDI eseri egin da. Sukaldeari begiratu azkar bat eman dio. Kafea isurita, amak erabilitako zapi bustia erdi janda utzi duen tostadaren gainean, gurin potoa zabalik labana bat barruan duela…

MADDI

(ironiaz)

Viva astelehenak!

3.- KANPOAN. AUTOBUSAREN MARKESINA - GOIZA
ANE, GIZONA

ANE korrika iritsi da autobus geltokira. Euria ari du eta ez du aterkirik. Azkar batean markesina azpira sartu da. Banku  gainean utzi ditu bere poltsa eta motxila. Eskumuturreko erlojua begiratu du.

ANE

Ondo, pare bat minutu.

Ilea astindu euri tantak sakabanatzeko eta liburua atera du poltsatik. Eseri eta irakurtzen hasi da. Azkar batean pasatzen ditu orriak.

ANE

(liburuaren orriei begiratu eta)

Bale, beste berrogeita sei…

Erabat kontzentratuta dago liburuan.

Honetan, GIZON(55) bat dator bere aterkiarekin. Markesinara iristean aterkia astindu du itxi aurretik. Goitik behera zipriztindu du ANE, baita liburua ere.

ANEk burua altxatu du atsekabetuta.

GIZONA

(konturatu eta)

Ai, barkatu! Ez zaitut ikusi. Busti egin al zaitut?

ANE

Berdin da.

GIZONA

Nola izango da ba berdin? (paperezko mukizapi bat emanez)

GIZONA ANEren ondoan eseri da. ANEk liburua irakurtzen jarraitu du. GIZONA ez da isiltzen.

GIZONA

Apirilean ezin zaitezke fida… Ez du hotz handirik egiten, baina gutxien esperotakoan, tapa, zaparrada! (ANEri begiratuz )Amorrua ematen du, e?

ANEk liburuan kontzentratu nahian jarraitzen du.

GIZONA

Ze liburu da?

ANE

(burua altxatu gabe, gogo txarrez)

“Nikaraguako Emilia”

GIZONA

Nikaraguako Emilia? Hango emakume baten bizitzari buruzkoa, ala?

ANE

Ez. Etorkin joandako batena. (GIZONAri begiratu eta irmo) Liburutegikoa da eta gaur entregatu behar dut bai ala bai isuna jaso nahi ez badut behintzat! Bukatu nahiko nuke…

GIZONA

(berean)

Bai… Egun gutxitxo ematen dituzte, ez duzu uste? Nik utzi nion liburuak hartzeari. Ezin bukatu bakar bat bera ere!

ANE, bitartean, hasperenka. Liburua irakurri nahian, eta ezinean.

GIZONAk bere txamarrako poltsikoan sartu ditu eskuak. Gero galtzetakoan… Zerbait falta zaiola konturatu da.

GIZONA

Aiba Dios! Telefonoa!

Zutitu egin da asaldatuta. ANE begira geratu zaio.

GIZONA

Erori egingo zitzaidan, seguru! Marka da gero!

ANE

Etxean utziko zenuen beharbada…

GIZONA

Ez, ez dut uste.

ANE altxatu egin da, gogo txarrez. GIZONArekin batera telefonoaren bila hasi da. Bankuaren azpian, inguruan, metro batzuk haratago… Markesina atzera joan da badaezpada. Euria ari du.

Bat-batean, autobus zarata entzun da. ANE, konturatu eta, azkar batean sartu da markesina azpian bere gauzak hartzeko, baina autobusa ez da gelditu, eta joan egin da. Hasperen egin du, haserre.

GIZONA

Hori al zen zurea? Ai ba! Ezetz egin diot eskuarekin txoferrari.

ANE

(haserre)

Ederki!

GIZONA

Arrazoi duzu. Etxean utziko nuen. Banoa bila! Egun ona eduki dezazula, eta animo liburuarekin!

GIZONAk alde egin du. ANE, garrasi bat ito, bere gauza guztiak hartu, eta euritan, oinez abiatu da.

4.- BARRUAN. BULEGOA - GOIZA
ANE, LANKIDEA

ANE ordenagailu aurrean eserita dago. Jakarik ez du kendu. Hoztuta dago. Liburua aldemenean du, irakurtzen ari den lekuan irekita. Tarteka, ordenagailua begiratu, teklatuko botoi batzuk zanpatu eta irakurtzen jarraitzen du. LANKIDEA(42) hurbildu zaio.

LANKIDEA

Ane, medikuarengana nian semearekin Donostiara. Ez naun bihar arte itzuliko. Nire deiak hire telefonora desbideratuko ditinat, Bale?

ANEk zirkunstantzia aurpegiarekin begiratu dio.

ANE

Bale.

LANKIDEak alde egin du.

ANEk bere lanean jarraitu du. Berehala telefonoak jo du.

Hartu eta…

ANE

Emeki aholkularitza?

Norbaitek zerbait esaten dio telefonoaren beste aldean.

ANE

Bale. Nire kontu. Gero arte.

Ordenagailuan jarraitzen du lanean. Berriz ere telefonoa. Ez dugu entzuten zer esaten dioten, ez eta berak zer dioen ere. Eskegi eta berehala berriz ere telefonoa. Horrela bizpahiru aldiz. Telefonoa artatu, ordenagailuan lan egin eta liburua irakurri, denak batera egiten saiatzen da.

TRANSIZIOA. EGUERDIA

5.- BARRUAN. BULEGOA - EGUERDIA
ANE, NAGUSIA

Leku berean jarraitzen du ANEk. Makinatik ateratako sandwich bat jaten ari den bitartean liburua irakurtzen ari da, presaka, erlojuari begiratuz tarteka. Oraingoan paper mordo bat du teklatuaren aldamenean, nahasi samar. Bekokian jarri du eskua, ea sukarra ote duen begiratzeko. Poltsatik pilula bat atera eta irentsi egin du edalontzi batean duen ur apurraren laguntzaz.

Liburura bueltatu da berriz ere. Lehen baino gutxiago falta zaio irakurtzeko. Telefonoak jotzen du behin eta berriz, baina jada ez du deirik hartzen.

Honetan, NAGUSIA(50) hurbildu zaio eskuan paper mordo batekin.

NAGUSIA

Eta Miren?

ANE

Medikuarengana joan da semearekin. Gaur ez da bueltatuko.

NAGUSIA 

(paperak ANEren mahai gainean utziz)

Zuri emango dizut orduan. Gartziatarren txostena bukatzeko dago, eta presazkoa da.

ANE paper mordoari begira geratu da, zur eta lur.

ANE

Noizko?

NAGUSIA

Gaur arratsalderako.

NAGUSIAk alde egin du.

ANEk hasperen egin du. Paper mordoari begira geratu da. Telefonoak jo eta jo segitzen du.

TRANSIZIOA.ARRATSALDEA

6.- BARRUAN. KIROLDEGIA - ARRATSALDEA
ANE, FIGURAZIOA

Kirola egiteko arropa jantzita, bizikleta estatiko batean pedalei eragiten ari da ANE, liburua irakurtzen ari den bitartean.

Musika entzuten da, erritmo handikoa eta nahiko ozen. JENDEA ageri da ANEren inguruan kirola egiten. Batzuk bizikletan, besteak korrika egiteko makinan etb…

Tarteka ahaztu egiten zaio pedalei eragitea ANEri, hain dago kontzentratuta irakurketan… Akordatzen denean, berriro hasten da pedalei eragiten, indartsu, azkar, nonbaitera berandu iristeko beldurrez balego bezala.

Halako batean, eragiten ari den une batean, pedalak ez atzera eta ez aurrera geratu dira. Bizikletatik jaitsi, liburua lurrean utzi eta aparatuari begira hasi da. Eskuekin zerbait astindu du bizikletaren azpialdean. Segidan, probatu ea pedalak ba al dabiltzan, eta makina badabilela ziurtatu ostean, liburua hartu eta bizikletara igo da berriz ere. Orria topatu eta irakurtzen hastear dagoenean, ez da konturatu eskuak koipez zikindu dituela, eta dapa! orban beltzak uzten ditu orrian.

ANEk haluzinatuta begiratzen dio liburuari. Ezin du sinetsi.

7.- KANPOAN. KALEA - ARRATSALDEA
ANE, EMAKUMEA, FIGURAZIOA

Kalean doa presaka ANE. Jada kalez jantzita dago. Ilea bustita du berriz ere hartu berri duen dutxaren ondorioz. Ez du euririk ari, baina kaleak bustita daude. Liburua irakurtzen ari da oinez doan bitartean. Tarteka burua altxatzen du egiten ari den bidea ziurtatzeko. Hauetako batean, kaleko erloju bati begira geratu da, eta arratsaldeko zazpiak eta hamalau direla ikusi du. Liburua begiratzen du segidan, falta zaizkion orriak.

ANE

Hogei. Bale.

Bidean aurrera jarraitzen du arin, irakurketan murgilduta, obsesionatuta.

Honetan, semaforo baten parera iritsi da. Gorriz dago. Zebrabidearen parean gelditu da, irakurtzen jarraitzen duen bitartean.

Norbait sumatu du bere aldamenean. Burua pixka bat altxatu eta EMAKUME(57) bat ikusi du, erosketetako karroa hartuta. Irakurketara bueltatu da.

Halako batean, EMAKUMEA oinez abiatu da zebra-bidean zehar. Semaforoa berde jarri da. ANEk atzetik jarraitu dio liburua irakurtzen jarraitzen duen bitartean. ANEk bi pausu baino eman ez dituenean, EMAKUMEA lurrera erori da karro eta guzti. ANE begira geratu zaio, haluzinatuta. Kotxe mordoa dago semaforoa berde noiz jarriko zain. Erreakzionatu eta EMAKUMEAri laguntzera hurbildu da. Ez daki zer egin eskuan duen liburuarekin, eta semaforoari ez zaio asko falta gorri jartzeko. Duda horretan, liburua lurrean utzi du, eta EMAKUMEAri altxatzen laguntzen hasi da.

ANE

Lasai. Heldu besotik. 

EMAKUMEAk ANEren esana bete du. Laster batean espaloian daude biak. ANEk karroa ere jaso du. Semaforoa gorri jarri da jada. Autoak hasi dira atzera eta aurrera, eta ANEren liburua bide erdian geratu da. Kotxeek behin eta berriz zapaldu dute. ANE ez da horretaz konturatu momentuz.

ANE

(EMAKUMEAri)

Ondo zaude?

EMAKUMEA

Bai… Eskerrik asko. Izan ere, presaka nindoan eta tupust egin dut!

ANE

Sustoa baino ez orduan… Lasai.

EMAKUMEA

(bere buruari begiratuz)

A ze piura! Goitik behera blai eginda!

ANE

Bueno, hori da gutxiena… Minik hartu ez baduzu…

EMAKUMEA

(soinean daraman arropa ondo jarriz)

Ikusiko dugu bihar nola esnatzen naizen. Eskerrik asko, benetan.

Ordurako semaforoa berdean jarri da berriz ere, eta EMAKUMEAk bidea gurutzatu du. ANE ere zebra-bidea gurutzatzen hasi da, eta han ikusi du bere liburua errepidea erdian blai eginda eta kotxeen gurpilen marka mordo batekin. Azkar batean hartu eta zebra-bidea gurutzatzen duen bitartean…

ANE

(liburuari, haserre)

Zer, Emilia, adarra jotzen?

GIZON GAZTE bat pasa da une horretan bere ondotik. Zur eta lur, begira geratu zaio.

ANEk, poltsan sartu liburua, eskumuturreko erlojua begiratu eta, bere bidean aurrera jarraitu du ia korrika.

8.- BARRUAN. SUPERMERKATUA - ARRATSALDEA
ANE, HARAKINA, SENAR-EMAZTEAK, FIGURAZIOA

Supermerkatuan erosketak egiten ari da ANE. Eskuko karro horietako bat darama, erdi betea jada. JENDEA dabil inguruan bere moduan erosketak egiten. Erosketen zerrenda bat dauka eskuan tarteka begiratzen duena. Oso azkar dabil alde batetik bestera.

Harategira hurbildu da. Txanda hartu eta bere aurretik beste hiru pertsona dituela konturatu da. Zain dagoen bitartean, liburua atera eta, irakurtzen hasi da.

Laster…

HARAKINA

Hogeita zortzi.

Inork ez du ezer esaten.

HARAKINA

Hogeita zortzi?

Inork kasurik ez.

HARAKINA

(ANEri)

Aizu! Aizu!

ANEk kasurik ez.

HARAKINA

(ozen, haserre moduan)

Behar ez denean liburua irakurtzen ari den horri!

ANEk burua altxatu du.

Inguruan JENDE mordoxka dago bere txandaren zain. Denak ANEri begira daude, serio.

HARAKINA

Bai, zuri. Hogeita zortzi?

ANEk bere zenbakia begiratu du.

ANE

Bai. Ni naiz.

HARAKINA

Hurrengoan txanda pasatuko dut, eta kito.

ANE

(lotsatuta)

Bai, barkatu. Eman lau xerra, mesedez.

Atzerago dago BIKOTE GAZTE(35, 35) bat egoera behatzen.

SENARRA

(EMAZTEAri, ahopean)

Batzuk lotsarik ez dute.

EMAZTEA

Ezta munduko gauzarik inportanteena liburu hori balitz ere!

9.- BARRUAN. LIBURUTEGIA - ARRATSALDEA
ANE, LUBURUZAINA, FIGURAZIOA

ANEk hanka bat liburutegi barruan du eta beste bat kanpoan. Ate parean dago. Ii ez dago argirik barruan. Ixtera doaz. Bina poltsa ditu zintzilik beso banatan, goraino beteta. Eskuartean liburua, azken orria irakurtzen. Liburua zimurra, erdi bustia, zaharkitua dago jada.

LIBURUZAINA(28) ANEri begira dago, serio.

LIBURUZAINA

Aizu!

ANEk liburuaren azken esaldia ozen irakurri du.

ANE

(irakurriz)

“Emiliaren errautsak Parisera eramatea lortu zuten.”

Liburua itxi du kolpe batez, eta haspereren egin du.

LIBURUZAINA

Ixtera noa.

ANE

(hurbildu eta poltsak lurrean utzi gabe)

Bai. (Liburua emanez) Hauxe bueltatzera nentorren.

LIBURUZAINA erabat haluzinatuta geratu da liburuaren egoera ikustean.

LIBURUZAINA

(sinetsi ezinda)

Tren bat pasa al zaio gainetik?

ANE

Ia ia… kontatuko banizu! (Alde egiten hasten da) A! Oso ona liburua, e?

Hori esan eta alde egin du, presaka.

LIBURUZAINA ANEri begira geratu da, aho bete hortz.

TRANSIZIOA: GAUA

10.- BARRUAN. LOGELA - GAUA
ANE, SENARRA

ANE logelan sartu da pijama jantzita. SENARRA ohean dago, ANEk lo egiten duen ohearen aldeko gau-mahaiko argitxoa piztuta.

ANE ohean sartu da azkar batean. Hotzikarak ditu.

ANE

Itzali egingo dut.

SENARRAk gerritik heldu dio.

ANE

Oso nekatuta nago. Uztazu.

SENARRA 

Ni baino gehiago ez… Baina aspaldi ez dugu egin, eta ohitura onak ez dira galdu behar.

ANE

Bihar hobe. Gaixotzen ari naizela uste dut.

SENARRA

Honekin sendatu baietz?

SENARRA, ANEren gainean jarri da sexurako pronto.

ANEk, agia itzali eta, begiak itxi ditu, nekearen nekez.

ANEren bihotz taupadak entzuten dira. Motel hasieran, azkarrago gero.

11.- BARRUAN. OSPITALE BATEKO GELA – GAUA
ANE, MEDIKUA 1, MEDIKUA 2, HERIZAIN FIGURATEAK (GIZONAK)

ANE ohe batean etzanda dago, leporaino izara zuri batekin estalita eta burua libre. ANEren bihotza geldirik dago. Makinak egiten duen zaratagatik dakigu hori. “Piiiiiiii” luze bat baino ez da entzuten.

Bere inguruan daude BI MEDIKU eta LAU HERIZAIN, BI MEDIKUak paperak eskuetan dituztela.

MEDIKUA 1

(ANEri lotuta dagoen makinari begira)

Erritmo honetan ez da efizientea. Abiadura jaitsi behar zaio.

MEDIKUA 2

Ados. Berrehun eta hemezortzitik berrehun eta hamabostera.

MEDIKU 1 ek baietz egin du buruarekin.

12.- BARUAN. LOGELA – GOIZA
ANE, SENARRA

ANE aurreko sekuentzian utzitako postura berdinean dago, bere logelako ohean, bere SENARaren ondoan. Biak erabat lo daude. Bat-batean, bi iratzargailuek jo dute batera. Goizeko zazpiak eta hamaika dira.

Kolpera esnatu da ANE. SENARRAk lo jarraitzen du. Bi iratzargailuak itzali ditu kolpe batez ANEk.

AMAIERA

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago