Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

 

Buru-hezurra

-Ze, Joxemiel, neurtu al duk hire kaskezur hori?

-Errespetu pixka bat, niri txapela erdi tamainakoa sartzen zaidak eta.

-Ez nian horregatik esaten, hi baino buruhandiagoak bazeudek, bai.

-Zergatik ba, orduan?

- Esan zidatek hor beheko kobazuloan buru-hezur ia osoa aurkitu duzuela.

-Nola dakik hori?

-Ze, ezkutatu nahi zenuten, ala? Hemen dena jakiten diagu bertakook.

-Hori txarrena, hemen dena jakiten dela beti.

-Beno, hire azken amoranteari buruzkoa, ez genian ezer esan.

-Zer diok? Zein amorante? Neuk baino gehiago dakizue zuek.

-Hemen dena jakiten dela, Joxemiel!

-Baina nik ez diat amoranterik izan, horixe bakarrik falta nian, apaiza izanda.

-Benga hi, neuk ere ez diat ezer esango, eta kitto!

- Lagun bat izan zuan, neska, baina laguna.

-Hori ba, neskalaguna, ba. Nik zer esan diat?

-ez, gaizki ulertu didak…

-Gaizkiulertuak sarritan izaten dituk, neuk ere izaten ditiat emaztearekin.

-ez, hireak ez dituk gaizkiulertuak, egiak dituk, emagalduekin joaten haizenean behintzat.

-Ni inoiz ez nauk emakumeekin galdu, eurak bilatzen naitek, eta nik aurkitu.

-Baina nik ez diat horrelakorik egiten, nik ez diat sexurik egiten.

-Ez da izango, ba, Joxemiel, ez duala inoiz txikili-txakala egin!

-Hi Pello, ez zaukaat hau zertan jasan behar, eta ez egin irri! Errespetu falta duk eta.

-eta neskalaguna, orduan?

-ez zuan neskalaguna, neska zuan, eta laguna zuan, baina biak banatuta.

-Ondo duk. Gaur ulergaitz ari haiz, jainkotiar, eta lurreko gizarajoak ezin ulertu, ba.

-Ez adarrik jo, Pello. Hik ondo ulertzen duk dena, baina ez duk nahi.

- Lasai egon, ez diagu berriz ere gai hori aterako.

-Gairik ez dagoela duk egia, Pello.

-Bai, bai, hori esan nahi nian. Eta, zer, orduan buru-hezur horrena ere, gezurra duk?

-Ez, hori egia duk. Kaskezur ia osoa aurkitu diagu kobazuloan.

-Ikusten? Heuk esan didak. Gero ez ibili aurkikuntzak ezkutatzen, eta ea nork kontatu duen galdetzen. Hemen dena jakiten duk, badakik…

-Grrrrrr! Ondo duk, ez nian esan behar, atera egin zaidak, rediosss!

-Apaiza biraotan?

-Ez, ez, ez diat ezer esan, ezer…

- Ahozabal batzuek ematen duzue.

-Aho-Zer? Hirekin bai pazientzia daukadala nik.

-Nirekin? Nik galdera bakarra egin diat goiz osoan, ea buru-hezurra atera duzuen lur-azpitik, ez besterik.

-Ba, horixe ba, Bai. Erantzuna da bai, Buru-hezur eder bat aurkitu diagu gaur goizean.

-Perurenarena bezain edarra ez duk izango.

- Nik ederra esan diat, ez handia.

-Eta hainbeste lan egiten ari zarete, meloi-hezur zahar bat aurkitzeko?

-Hamabost mila urte ditik.

-Are eta zaharrago oraindik! Hori duk denbora galtzea, hainbeste urte eta gero, lurpetik ateratzen.

-Ez duk denbora galtzea. Gure arbasoak aurkitu nahian gabiltzak, eta hau izan daiteke horietako bat.

- Arbasoak? Ta, zertarako nahi ditugu hildako senideak? Herentziarik banatzen al dute, ba?

- Gu gaituk herentzia, gu geu, euskaldunok.

- Ba, nik batzuk errekara botako nitizkek, ba, alu horiek.

-Pello, gaur aldrebes jaiki haiz.

-Bai, hala izango duk. Egun batzuetan nahiago buru-hezurrak, bizirik daudenak baino. Ez zidatek horrenbeste lanik ematen.

-Ez duk hainbesterako izango…

-Gehiago ere bai, Joxemiel. Zer esango huke norbaitek kotxeko leihoa apurtu, eta barruko tresna baliotsuak lapurtuko bahinduke, arrosarioaz gain?

-Kontrabandoan hasi haiz, ala? Noiztik dauzkak hik tresna baliotsuak kotxean? Eta noiztik arrosarioa, kostata joaten bahaiz mezetara ere?

-Nik ez, Joxemiel, heure kotxetik atera dizkiate tresnak!

-Kauen la puñeta!

-Han biraoka, berriz ere.

-Esadak ba, esadak ba, lapurretan egin didatela.

-Saiatu nauk, baina hi, hor habilen hitz eta pitz, eta ez didak betarik eman.

-Banoak azkar-azkar.

-Nahi bezala joan, orain berandu duk. Honez gero, Baionako barran izango dituk.

-Ikusi al dituk?

-Bai, nik pentsatu diat, zera, hire laguntzaile zientzialariak zirela.

-Nola baina?

-Egia esan, zalantzak izan ditiat. Iruditu zaidak, ez zeukatela babalore itxurarik.

-Zer diok? Gu babaloreak garela?

-Ez, ez, itxura besterik ez. Gero, ezagututa, konturatu izan nauk beti ilargian zaudeten horrelakoak zaretela.

-Iraintzen ari gatzaizkik!

-Errealitatea nolakoa den besterik ez diat esan, eta zuek, munduan, galdutako itxuraz zabiltzate beti. Begira orain, kotxea hustu diate, eta ez haiz konturatu ere egin.

-Kobazuloan lanean ari nintzelako.

-Ilargian, edo kobazuloan, edo opizinan, beti errealitatetik at.

-Eta txarrena, buru-hezurra eraman ditek.

- Ez da izango? Zopa egiteko edo

-Pello!

- Umore gutxi daukazue, gainera. Zientzialariek.

-Zer?

-Ezer ere ez. Banoala. Hau laster ertzainez beteko da eta.

-Galdetuko zigutek! Itxoin!

- Ez ezak txapela ken, Joxemiel! burua galduko duk eta, berriro ere…

Iñaki Odriozola