Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Enkontrua

 

luma40    
argazkia:Izaskun Etxeberria    

EMAKUMEA.- Bi ezezagun.

GIZONA.- Bi pertsona?

EMAKUMEA.- Bai, hori da, bi pertsona. Emakumea eta gizona.

GIZONA.- Ziur zaude?

EMAKUMEA.- Jakina. Zu gizona zara eta ni emakumea.

GIZONA.- Ados. Zein da nire izena?

EMAKUMEA.- Ez dakit, horrek ez dauka garrantzirik.

GIZONA.- Nola ez du izango ba? Ez da gauza bera Jason edota Egisto deitzea.

EMAKUMEA.- Odiseo.

ODISEO.- Odiseo?

EMAKUMEA.- Ez duzu gustuko?

ODISEO.- Beno...

EMAKUMEA.- Orduan... Agamenon?

AGAMENON.- Hobe. Eta zurea?

EMAKUMEA.- Casandra.

AGAMENON.- Ados.

CASANDRA.- Bi ezezagunek elkar topatzen dute kalean. Gizona eta emakumea. Gizonak esaten dio emakumeari, galduta al zaude infernuan?

AGAMENON.- Noraezean zabiltza kaleetan?

CASANDRA.- Ez dakit. Ezezagunak ditut auzo hauek, aurpegiak arrotzak, itzalak izugarriak. Ez naiz hemengoa. Beldurrak jota nago.

AGAMENON.- Heldu eskutik. Itzalak farola dardaratiak dira, aurpegiak iraganeko mamu bakartiak lagun bila, berdintsuak munduko kale guztiak. Heldu eskutik.

CASANDRA.- Ez. Gizona segundo batez harritzen da emakumearen bortizkeriaz. Ez da izutzen, harritzen baizik. Bai, horrela. Sufre usaia dario aireari, gerrak bukatu dira baina nire herriko hondarrak da- ramatzat soinean.

AGAMENON.- Laguna nauzu.

CASANDRA.- Ez zaitut ezagutzen. Odola da nagusi zure eskuetan.

AGAMENON.- Enigmatikoak dira zure hitzak. Gizona emakumeari hurbiltzen zaio.

CASANDRA.- Baina emakumeak atzerantz jotzen du. Ez nazazu uki.

AGAMENON.- Laguntzeko gerturatu natzaizu.

CASANDRA.- Uniforme berdeko salbatzailea zara?

AGAMENON.- Gizon xumea.

CASANDRA.- Gizonak beti gizon, soldaduak beti soldadu.

AGAMENON.- Esku handiak, begirada galdua, tristura bihotzean. Bidaiak luzeegiak dira etxera bakarrik bueltatzeko, horregatik ekarri zintudan nirekin. Momentu bat,  ez dut ulertzen. Horrek esan nahi du elkar ezagutzen zutela lehenagotik.

CASANDRA.- Bai eta ez. Betiko arrotzak izango dira, elkarrekin etorri diren arren. Aurrera, mesedez.

AGAMENON.- Jarraituko dut, bai. Gizonak esaten dio, hobe egongo zara hemen.

CASANDRA.- Ezer gutxi utzi zenuten lokatzen artean; hala ere, sustraien indarra boteretsuagoa da munduko beste edozer baino.

AGAMENON.- Ni zure lur berria.

CASANDRA.- Odola duzu eskuetan.

AGAMENON.- Hitz enigmatikoak darabilzu etengabe. Sorgina al zara?

CASANDRA.- Ezberdinak dira nire hizkuntzan pertzepzioak, baina bere izenaz ezagutzen ditugu gauzak: sarraskia sarraskia da, bahiketa bahiketa eta emakumea bizitza berri baten esperantza bakarra. Bortxaketa bat naiz, besterik ez. Gizonak begirada bere bota zikinetan paratzen du, lotsatuta edo.

AGAMENON.- Hemen ere, izena ematen diegu gauzei: sarraskiari demokrazia, bahiketari etorkizun hobea eta emakumeari... Gizonak pentsatzeari ekiten dio segundo batez.

CASANDRA.- Gizonak ez daki esaldia nola bukatu eta azkenean, nirea zara, esaten du.

AGAMENON.- Maite zaitut.

CASANDRA.- Saria garailearentzat beti.

AGAMENON.- Ez, ez da hori.

CASANDRA.- Nire herria?

AGAMENON.- Galdutako amets urruneko bat.

CASANDRA.- Kale hauek?

AGAMENON.- Geroaldi zoriontsua. Emakumeari lehortu zaizkio begiak.

CASANDRA.- Orain arte ez du negarrik egin eta!

AGAMENON.- Ez du egingo jada.

CASANDRA.- Ez dago esperantzarik, gertu da heriotza.

AGAMENON.- Zure hitzak ez ditut ulertzen...

CASANDRA.- Sexuaren usaia bakarrik ulertzen duzue gizonezkoek.

AGAMENON.- Nirea zara.

CASANDRA.- Euria. Bikotea bustitzen den bitartean gizonak emakumeari tinko heltzen dio eskutik.

AGAMENON.- Berandutzen ari da, gertu dut etxea.

CASANDRA.- Behartuta, engainatuta, esklabo.

AGAMENON.- Gizonak emakumea askatzen du. Bizitza hobea.

CASANDRA.- Kale zikinak.

AGAMENON.- Ederra zara.

CASANDRA.- Nire arrazakoek ez dute lekurik hemen.

AGAMENON.- Ederrena.

CASANDRA.- Emakumeari begiak gorritzen zaizkio. Ekaitza.

AGAMENON.- Ederretan ederrena.

CASANDRA.- Sasiak sutuko ditu nire herriko herentziak, odolez beteko dira auzoak. Gertu dugu heriotza.

AGAMENON.- Ez ditut zure hitzak sinesten. Erotuta al zaude?

CASANDRA.- Zoritxarra nirea. Isilunea. Goazen etxera, zure emaztea izango naiz. Gizonak barre egiten du.

AGAMENON.- Ez, gizonak ez du ba- rrerik egiten. Emaztea daukat. Zu... nire maitalea.

CASANDRA.- Ez nuen besterik espero. Gizonak emakumea eskutik heltzen du, ez, hobe besotik. Ez, ez du emakumea heltzen. Bakarrik berarekin joateko eskatzen dio.

AGAMENON.- Zatoz.

CASANDRA.- Zergatik?

AGAMENON.- Ez duzu leku hoberik topatuko. Edo bueltatu nahi al duzu zure herri suntsitura.

CASANDRA.- Isilunea. Azkenean...

AGAMENON.- Itxoin! Luzeagoa izan behar du isiluneak.

CASANDRA.- Azkenean baietz egiten du buruaz emakumeak. Eta badoaz.

AGAMENON.- Horrela alde egiten dute? Besterik gabe?

CASANDRA.- Bai.

AGAMENON.- Baina, badakite dena gaizki joango dela; heriotza bakarrik ekarriko duela erlazio honek.

CASANDRA.- Eta? Horrela gertatu izan da beti. Beste irtenbiderik ikusten al diozu?

AGAMENON.- Egia esan...

CASANDRA.- Berriz hasiko gara?

AGAMENON.- Ados. Nor zara zu?

CASANDRA.- Medea.

Xabier LoĢpez Askasibar

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago