Euskaltzaindiaren Literatur Sariak, Barrio, Igartua eta Arriolabengoarentzat 

 

Eleberri saririk ez dute eman, epaimahaikoen ustez lanetako batek berak ere ez duelako merezi izan

http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=kultura&data=2007-12-18&orria=045&kont=007

Zuberoa Iturburu

Bilbo

Pablo Barriok, Karmele Igartuak eta Julen Arriolabengoak jaso dituzte Euskaltzaindia eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioaren aurtengo literatur sariak. Barriori Toribio Altzaga antzerki saria eman diote, Kontrako bidean lanagatik. Igartuak, Felipe Arrese Beitia olerki saria eskuratu du, Hitzak orbainetan poema liburuagatik. Arriolabengoak, berriz, Mikel Zarate saiakera arloko saria jaso du, Euskara Ibarguen-Cachopin kronikan ikerketa lanagatik.

Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak atzo banatu zituzten sariok, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. «Euskara eta euskal literatura sustatzea dute helburu», Andres Urrutia euskaltzainburuak esan zuenez. Kulturaren alde egiten duten lana eskertu zien idazleei, eta «sari bat eman gabe geratu bada ere» sariketan parte hartzeko eskatu zuen.

Txomin Agirre eleberri saria utzi dute eman gabe, hain zuzen. Lau nobela aurkeztu zituzten sail horretan. Sebastian Gartzia Trujillo epaimahaiko kideak azaldu zuenez, «lanen artean gorabeherak daude, eta idazle batzuk besteak baino trebeagoak izan dira», baina «ez dute merezi izan» saria eramaterik. Hainbat argudio eman zuen erabakia arrazoitzeko. «Historiek ez dute nahikoa interesik, eta historiak egituratzeko moduan ere ez dute asmatzen», adierazi zuen. Ur Apalategi eta Iratxe Retolaza izan ditu lagun Gartziak epai lanetan.

Joserra Bilbao BBK-ko ordezkariak ere auzi hori ekarri zuen gogora. Haren ustez, saria ez emateak seriotasuna aitortzen dio lehiaketari, ez baita kanpora begira irudi bat emateko egiten. Epaimahaiaren zorroztasuna ere agertzen ei du.

 

HIRU SARI, BESTE HAINBESTE ARRAZOI. Antzerki arloan zortzi lan aurkeztu dituzte. Beste sailetako idazlanen bikoitza, eta hainbat kasutan, gehiago. Horregatik, aurtengoa urte interesgarria izan da antzerkiarentzat, Patri Urkizuren iritziz. Urkizu bera ez zen sari banaketan egon, eta Pello Telleriak irakurri zituen haren hitzak. Urkizu antzerki sariko epaile gisa aritu da, Eugenio Arozena eta Daniel Landartekin batera.

Pablo Barrio lasartearraren Kontrako bidean lana aukeratu dute irabazle. «Gaurko historia bat errealtasun handiz kontatu du, pertsonaiak oso landuak daude, trama bizi-bizia du, baita bukaera itxaropentsua ere», Urkizuren hitzetan. Zahar etxe batean kokatzen dira gertaerak. Pertsonaiak lehen planoan daude, eta zerbitzu publikoen kudeaketa pribatizatzeko joera atzetik. Urkizuk aitortu duenez, «laster ikusi nahi genuke agertokietan».

Olerki arloan, hiru lan lehiatu dira. Hitzak orbainetan liburuak lortu du saria, Karmele Igartua aretxabaletarrarenak. Jon Kortazar, Mikel Lasa eta Lourdes Otaegi izan dira epaileak. Otaegik beste bi lanak goraipatu zituen, baina irabazlearen poesia nabarmendu zuen. «Irakurleari mezu esanguratsua igortzen dio giza sentimenduez, eta hitzen bidez egitura estetikoa eta edertasuna sortzen du».

Ikerketa lan batek jaso du saiakera saria, azkenik, Julen Arriolabengoa aramaioarraren Euskara Ibarguen-Cachopin kronikan tesiak. Antton Aranburu, Iñaki Aldekoa eta Adolfo Arejitak osatu dute epaimahaia kasu honetan. Arejitak esan zuenez, «merezimendu osoak» ditu lan horrek, «ez bakarrik lanagatik, ikerketagatik ere bai». XVI. mendean idatzi zuten, Ibarguen eta Cachopinek , Crónica General Española y Sumaria de la Casa Vizcaína kronika, gaztelaniaz. Bertako euskarazko testuak aztertu ditu Arriolabengoak.

«Gaurko historia bat errealtasun handiz kontatu du Barriok; trama bizia du eta bukaera itxaropentsua»

patri urkizu

antzerki arloko epaimahaiko kidea

«Igartuak sentimenduez mezu esanguratsua igorri du, eta hitzen bidez egitura estetikoa sortu du»

lourdes otaegi

poesia arloko epaimahaiko kidea

«Merezimendu osoak ditu Arriolabengoaren lanak, ez bakarrik lanagatik, baita ikerketagatik ere»

adolfo arejita

saiakera arloko epaimahaiko kidea

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago