Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 
Idazle ezagunak ariko dira irakasle mintegi eta
 
graduatu ondokoetan
 
 'Ihes betea' nobela idazteko prozesua azalduko du Anjel Lertxundik, Idazle Eskolak eratu duen mintegi batean
 
   
 

2007-12-9 

Erredakzioa

Donostia

Aurreko ikasturtean bezala, 2007-2008ko ikasturtean ere idazle ezagunak ariko dira irakasle lanetan Asmoz Fundazioak eta Idazle Eskolak antolatutako mintegietan eta graduatu ondoko ikastaroetan: Anjel Lertxundi, Itxaro Borda, Edorta Jimenez, Aingeru Epaltza, Felipe Juaristi, Tere Irastortza, Karlos Linazasoro, Amaia Lasa...

Idazleak irakurle mintegian, beren obretan eragina izan duten irakurketez mintzatuko dira idazleak, hileko aurreneko larunbatetan. Itxaro Borda, Aingeru Epaltza, Felipe Juaristi, Karlos Linazasoro eta Amaia Lasa ariko dira, banan-banan, zeregin horretan. Horretaz gain, mintegiaren hasierako saioan Nikolas Ormaetxea Orixe-ri buruz mintzatuko da Paulo Iztueta, eta amaierakoan Joseba Sarrionandiaren hausnarketa liburuei buruzko mahai-inguruan mintzatuko dira Ruper Ordorika, Txema Larrea eta Joxemari Iturralde.

Post scriptum 'Ihes betea' mintegian, Anjel Lertxundik Ihes betea nobela (Alberdania, 2006) idazteko prozesua aztertu eta azalduko du, sei saiotan, eta zazpigarrenean Jorge Gimenez editore eta itzultzailea izango du lankide.

Eusko Jaurlaritzak homologatutako graduatu ondoko ikastaroak bi ikasturte izango ditu: lehenengoan idazketarako baliabideak jorratuko dira; bigarrengoan, idazketa literarioa eta lan arloko idazketa. Anjel Lertxundi, Edorta Jimenez, Tere Irastortza, Fernando Morillo, Joseba Lozano, Fito Rodriguez eta Juan Martin Elexpuru izango dira irakasleak.

Urriaren 11 arte izango da zabalik Asmoz Fundazioak eta Idazle Eskolak antolatutako literaturako mintegietan eta graduatu ondoko ikastaroan izena emateko epea. Mintegietan izena emateko epea urriaren 1ean irekiko da, eta graduatu ondokoan, irailaren 18an.

http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=kultura&data=2007-09-12&orria=039&kont=006 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago