Izendaezina hil da. Gora jainkoa.

 

-Hil da Jainkoa- pentsatu,

eta Jainkoa hilda zegoela sinistu izan zuten,

euren burua gizakitzat zeukaten gizantzeko jainkotxoek.

 

-Hil da Jainkoa- pentsatu,

eta gizakia bizirik zegoela sinistu izan zuten,

euren burua jainkotzat zeukaten jainkoantzeko gizakiek.

 

Hil da Jainkoa- esan,

Eta, txilioka, inork inori ezin entzunaz,

egiatzat hartua zuten gezur hura,

ozenki

lau haizeetara,

hedatu zuten,

eta azpimarratu,

ordurako urduri eta noraezean zebiltzan ilusiozko itzalek

 

Hil da jainkoa- zioten guztiek,

izendaezina izendatuaz, behingoz,

hildako ezerezari, ez zegoen hildakoari, izena jarriz,

–egokitzen ez zitzaion zeinu zentzugabea- izendatzailea, ezarriz.

 

Ordutik aurrera ez-izena ezizen bihurtu zen,

beraz, izen,

eta izan ezina esan ezina izanik ere,

egonezina barneratzen zuten heinean,

ezintasunaren gezi zuzenarekin zaztatuaz,

bataiatu zuten,

-hildakoa da- esanaz.

 

Dena den, ez dena, dena ez dena,

izendaezina ere ez den, denaren senak zioen bezala,

euren burua gizakitzat zeukaten gizantzeko jainkoak erratuz zebiltzan,

ilusiozko itzalak bezain galduak.

 

Gizakiek, ostera, bizitu –berpiztu- egin zirela uste izan zuten,

Jainkoaren heriotzaren bitartez.

Baina, jainkoa ez bezala,

eurak, jainkorik gabe sentitu zirenetik,

konturatu ez baziren ere,

hilda zeuden.

 

Izendaezina hil da. Gora gizakia.

 

Eta esango duzue, zertara dator digresio antzu hau?

Egia esango dizuet, shock egoeran utzi nahi izan zaituztet,

Hori aprobetxatuz, saiakera sakon bat, ez ohiko hausnarketa eder bat  gomendatzeko,

Tere Irastortzaren IZENDAEZINAZ.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago