Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
koadroko_aiertza1.gif  
 
KOADROKO NESKATXA 

Irribarre egin berri zion. Ziur zegoen. Baina ezin zion inori kontatu. Ezta bere lagunari. Berriz begiratu zionerako malenkoniak jotako betiko aurpegiarekin aurkitu zuen. Baina ziur zegoen segundu bat lehenago irri leun bat eskaini ziola Danel lagunak besoa zakarki astintzen zion artean.

- Jode! Zein lainotan hago! Hiru aldiz galdetu diat inorekin joan behar duan mozorro festara.
- Aaah!, ez zekiat, eta hik?
- Saioak kalabazak eman zizkidak eta ez zekiat.
- Hi Danel, nork duk koadroko neska hori?
- Ez duk ba horrekin joatea pentsatuko! (barrez lehertzen). Bah! Ez zekiat eta ezta inporta ere. Etxe honetara etorri gintuanean hor zegoan eta hor jarraitzen dik izutzeko moduko errukarri aurpegiarekin. Hormako orbana estaltzen dik bana estaltzen dik behintzat, eta nire gurasoek nola ez ditek behintzat, eta nire gurasoek nola ez duten berria erosteko, ez etxetzar hau konpontzeko dirurik ba...

Izan ere, Danelen etxea ez zen batere arrunta, dorretxe garrantzitsua izandako harrizko eraikin sendoa baizik. Herritik zerbait aldenduta zegoen eta bertara joateko harrizko zubi estu bat igaro behar zen. Autoz joateko punteria zorrotza behar zuen gidariak eta barrukoek gorputza orratzaren pare estutu eta arnasari eutsi behar izaten zioten autoa hegalik ukitu gabe igaroko bazen. Gainontzean dena zen handia Danelen etxean. Garaia zen oso, lau solairukoa, eta larre zabalak zituen etxearen aurre eta ezker-eskuinaldeetan; atzealde guztia hartzen, aldiz, harizti aparta, katamixar, azeri, basurde, orein eta mota guztietako txorien gordeleku.

 koadroko_aiertza2.gif


Jolasleku hobarik ez zen herrian bi gazteentzat; nahiz eta eguzkiak nondik sarturik ez izan; nahiz eta Danelen aitak esan eraikuntza bera eta sarrerako kaskorik gabeko armadura herdoildua beste aztarnarik ez zela geratzen jada, behinola aberats eta boteretsu izandakoenik. Mutikoek bila jarraitzen zuten.

Egun batean gapirio eta harlanduaren arteko amarauntzan tela gorrixka bat atzeman zuen Jokinek. Egundoko saguzar ikaratu aldra barreiatu zen ganbarako sabaian haren garrasira. Hezetasunak, hautsak eta pipiaren goseak desitxuratutako belus gorriaren gainean Arancibiae novilivm irakurri ahal izan zuten urregorriz brodatutako letratan. Hortzetarainoko dardarez liburua zirudiena ireki, eta tintaz, milaka puntutxuz eta beste hainbeste marratxoz egindako marrazkiak aurkitu zituzten orri beilegituetan. Mutikoek aurpegi beteko begiekin begiratu zioten elkarri, eta ogitartekoak sagu-festarako utzita, herriko liburutegira joan ziren nork baino nork bizikleta pedalei azkarrago eraginez. Liburu bina kolkoan itzuli ziren handik laster. Arratsalde hartan, izenez, datez eta gertakariz betetako liburuak irentsi zituzten askaritzat. Erretraturik apenas. Hala jakin zuten nola jende xehea egurrezko etxeetan bizi zen garaian Arantzibiatarrak bezalako han dikiek dorre garaiak ireki zituzten babeslekutzat. Nola Euskal Herrian bi bando zeuden lehian orduan, oinaztarrak eta ganboatarrak, eta Arantzibiatarrak bigarrenen aldekoak zirela, eta borroka odoltsuak eta liskar latzak izan zirela bando eta leinuen artean. Arantzibiako jaun bat baino gehiago eta haren sendiko eta jarraitzaile asko hil zirela erasoetan. Dorrea bera ere, Danel bizi zen etxea, erre egin zutela behin ganboatarraren buruzagiak eta haren gizonek. Hala jakin zuten leinu bereko jendearekin ezkontzen zirela botere gehiago izateko eta ezkontzako seme-alabez zein sasikoez baliatzen zirela leinuak ugaltzeko.

Jauntxo haiek boterea eskuratzeko besteren lurrak hartu eta era guztietako gehiegikeriak egin zituztela jakin zutenean liburua etxe ostera atera eta su ematekotan hasi ziren. Gero, hobeto pentsatu eta isilpean gordetzea ebatzi zuten, benetako historialari egiten zirenean inork idatzi ez bezalako liburua idazteko asmotan, erretratuz hornitua eta herritar xumeek jasandakoak azaleratuko zituena. Koadroa ere sugarretan kiskaltzeko arriskuan egon zen, baina aurpegi goibel hark borreroarena baino biktima izateko traza gehiago zeukala eta, Danelen su-gosea itzaltzea lortu zuen Jokinek. Gari koloreko iledun neskatxak irribarre eztia eskaini zion mihisetik; begi-ninietan betiko iltzatuta geratuko zitzaiona.

«Hala jakin zuten
nola jende xehea
egurrezko etxeetan bizi zen
garaian Arantzibiatarrak
bezalako handikiek
dorre garaiak ireki
zituzten babeslekutzat.
Nola Euskal Herrian
bi bando zeuden lehian
orduan, oinaztarrak eta
ganboatarrak, eta
Arantzibiatarrak
bigarrenen aldekoak zirela,
eta borroka odoltsuak
eta liskar latzak izan zirela
bando eta leinuen artean»


Hurrengo egun batean Jokin ezin izan zen joan lagunaren etxera. Aitari lagundu behar izan zion; hain justu, herriko margolari bati erositako koadroak kontsultategiko itxarongelan jartzen, Jokinek ez zuen aukera galdu:

- Aita, Danelen etxean badago asko gustatzen zaidan koadro bat. Pareteko orbana estaltzeko daukatela dio. Beharbada, herriko elizaren hau onartuko lukete trukean, hain dira elizkoiak haren gurasoak…

Jokinek bete-betean asmatu zuen. Koadro batekin joan eta beste batekin itzuli ziren aita-semeak. Eta aspaldian ahoa itxita zeukan pianoaren burualdean eskegi zuten.

Aita kontsultategira itzuli zenean Jokin eta koadroa bakarrik geratu ziren. Egongelako alde eta distantzia guztietatik begiratu zion. Hain sentitzen zen pozik, non pianoari tapa altxatu eta tekla zuri-beltzak zapaltzen hasi zen. Hasieran alfer eta baldar, baina apurka-apurka hatzamarrak askatzen eta abiada hartzen joan zitzaizkion, maisu batek eramanda bezala. Nola puxika airez, halatsu joan zen betetzen musikaz aretoa. Luzaz jardun zuen. Gero eta grinatsuago, pozarren. Hartan, bi hanka mehe parez pare irekita sentitu zituen buru gainetik igarotzen. Ez zuen izan begiak koadrora jasotzeko ausardiarik eta sala erdira eraman zituen, hatzamarrak pianotik altxatu gabe. Eta hantxe ikusi zuen oin-punta-puntetan, aintzirako zisnea bailitzan bira-biraka, katamixarraren pare saltari, irribartsu, do lehor luze batek, hanka bat aurrean eta bestea atzean lurrean eserita, besoak luzatuta, Jokini begira geratuarazi zuen arte.

- Munduko neskarik zoriontsuena egin nauzu. Zorigaiztoko dorre hartatik atera nauzu eta gehien gustatzen zaidana egin ahal izan dut: dantzan. Zoragarri jotzen duzu pianoa.

- Bihar mozorro festa daukagu ikastetxean. Etorriko zara nirekin?

Maribel Aiertza