IDAZLANAK » HAUR ETA GAZTE LITERATURA » HAUR ETA GAZTE LITERATURA


VELEZ DE MENDIZABAL, Zuriñe " Egia ote? (Haur eta gazte literatura) Inprimatu E-posta
Osteguna, 2005(e)ko iraila(r)en 01-(e)an 02:00etan
2.0/5 (2 Bozkak)
velez2.gif
EGIA OTE?

 

Galdu zituen gurasoak; menditik jaisten ari zirela izugarrizko ekaitzak harrapatu eta amildegi batetik behera erori ziren. Ordutik Marirekin haserre bizian zegoen; bera zen trumoi eta tximistak zaintzen zituen dama. Goizeko lehen argiizpiekin esnatu zen Ekai. Aurreko egunean kirioak dantzan zituela eta, kosta egin zitzaion lokartzea. Horregatik geratu zen denbora apur batean etzanda. Besoak luzatu zituen, eta begiak itxita, arnasa hartu zuen sakon, oso sakon. Bost minutuz horrela egon ondoren, eseri eta jantzi egin zen. Egurrezko etxe txiki hartatik irten eta egun onak eman zizkion Amalurri egun berria ikusteko aukera emateagatik. Ez zuen hutsik egiten; hogeita bost urte zituen, eta hamabostekin hasi zen esnatzerakoan hori egiten. Gaixo zegoenean ere, kalera irten beharra sumatzen zuen.

Egun luzea zuen aurretik. Mendira igo behar zuen aspaldiko kontu bat argitzera eta bazirudien egun kaskarra egingo zuela. Kezkatzen hasi zen. Behia jetzi behar zuen, gosaldu gura izanez gero, behintzat. Esne apur bat bakarrik ematen zion larreko behiak, baina ez zuen askoz gehiagorik behar izaten. Gurasoak zendu zitzaizkion, eta berarentzako behar beste janari aurki zezakeen etxe inguruan. Ez zuen gose handirik igarotzen, eta noizbait jatekorik eduki ezean Orbain lagunak ematen zion behar zuena.

Behiarekin amaitu, etxera abiatu eta ate gaineko eguzki-lorea zuzenduta sartu zen. Sua egin eta gosari apurra prestatu zuen. Atea jo zuten eta irekitzean Orbainen begi handi eta irribarre zabalarekin egin zuen topo. Sartu eta sutondora gerturatu zen. «Egun on! Ikusi al duzu? Zerua oso triste dagoela dirudi», esan zion Ekairi. «Bai, Mari haserre antzean dago! Lasaituko ote da!? Goraino joan behar dut, eta lasaiago egingo nuke bidea euririk egingo ez balu», erantzun zuen orduan esnatu berri zegoen mutilak.
velez1.gif

Gauza gutxiz izutzen zen Ekai. Baina eguraldi txarrarekin mendira igotzea... urduritu egin zen. Izan ere, horrela galdu zituen gurasoak ; menditik jaisten ari zirela izugarrizko ekaitzak harrapatu eta amildegi batetik behera erori ziren. Ordutik Marirekin haserre bizian zegoen, bera zen trumoi eta tximistak zaintzen zituen dama. Amak esaten zionez, Marik ondo zekien okerrak zigortzen. Horregatik ez zuen ulertzen bere gurasoak eraman izana; berak zekienez, aitak eta amak ez zuten txarrik egin. Baina hobe zen kobazuloan bizi zen hori ez zirikatzea. Sentitzen zuen haserrera ohitu eta horrekin bizitzen ikasi zuen.

Egun hartan ezin zion mendira lagundu; ardiekin geratu behar zuen. Kutun bat eman zion lagunari abiatu aurretik, dena ondo joan zedin. Honek, lepotik zintzilikatu zuen. Orbain zelaitik agur egiten ikusi zuen. Mendian gora zihoala, kutuna ukitu zuen amildegi madarikatu hartatik igarotzean. Beldurra sentitu arren ez zen kikildu eta aurrera egin zuen. Bitartean, trumoiak geroz eta gertuago entzuten zituen eta laster hasi ziren lehen tantak. Ez zuen atzera egiterik; zerbaitek bultzatzen zuen bidean aurrera egiten. Ilun zegoen guztia, hala ere, oinazturek bidea argitzen zioten. Hotza geroz eta nabarmenagoa zen.

Maiz egiten zuen gorako bidea Ekaik, baina une horretan lehenengo aldia zela iruditu zitzaion. Bidezidor guztiak ezagutzen zituen arren, beste mendi batean zegoela zirudien, ez zuen eta ezer bereizten. Hormari ahalik eta gehien gerturatuta zihoan bidean gora. Solte zegoen harri bat zapaldu eta lurrera erori zen. Blai eginda zegoen, eta horri, belauneko zauria gehitu zitzaion. Altxatu, begiak itxi eta arnasa sakon hartu zuen. «Ezin duzu atzera egin Ekai», esan zion bere buruari.

Zerbait gertatu behar zela sentitu zuen, eta hotzikara batek bizkarrezurra gurutzatu zion. Kikildu gabe, aurrera egin eta gorako bidean, euri gogorra zirimiri bihurtu zen. Metro batzuk atzerago nabaritutako hotza leundu egin zela iruditu zitzaion mutil gazteari. Behe-lainoa ere joan zen apur bat gehiago ibili ondoren. Bero egiten zuela iruditu zitzaion. Baina, nola zitekeen horrelako aldaketa bat-batean ematea? Bere irudimena izango ote zen? Begiak igurtzi, aurrera begiratu eta kobazulotik irteten zen argi indartsu bat ikusi zuen. Geldi geratu zen. Amak behin esan ziona gogoratu zuen orduan. «Zure aitonak esaten zuenez, hor bizi da Mari. Hobe da bakean uztea. Beraz, ez gerturatu hona».

Burua nahasirik zuen. Gurasoak gogoratu eta haserre sentitu zen; egonezina eta beldurra sentitu zituen batera. Erabakia, baina, aspaldi hartua zuen eta bi aldiz pentsatu gabe sartu zen kobazulora. Sakonetik zetorren argia. Barrura joan ahala, berotasun goxoa nabaritu zuen. Aurrera jarraitu, ahots leun bat entzun zuen abesten eta harri handi baten atzean ezkutatu zen. Emakume eder bat ikusi zuen bere aurrean, eta hari begira egon zen denbora luzez. Halako batean kantatzeari utzi eta «etorri Ekai, sartu beldurrik gabe», esan zion. Ustekabean harrapatu zuten mutila hitz horiek, eta zer egin ez zekiela geratu zen. Emakumearen aurrean geratu zen zutik, hitzik egin ezinean ezinik. Irribarre xume bat zuzendu zion Marik eta berarengana gerturatuta, besarkatu egin zuen gazte umezurtza. Aspaldi nabaritu gabeko berotasuna, maitasuna sentitu zituen Ekaik. Barruko ha-serrea poliki-poliki desagertu zen. Denbora luzez mendiko damaren besoek inguratuta egon zen. Begiak ireki eta kobazuloan inor ez zegoela ohartuta, zoratzen hasi ote zen galdezka hasi zitzaion bere buruari. Toki guztietara begiratu eta leizea hutsik zegoela ikusi zuen. Bere arropak lehor zeuden, eta belaunean ez zuen egindako zauriaren arrastorik.

Bere modura bazen ere, ulertu zuen gertatutakoa. Mari ez zen izan bere gurasoen
ezbeharraren errudun. Gertatu beharreko kontua izan zen, patuaren nahia. Lasai zegoen eta mendian behera hasi zen. Bidean, inoiz baino indartsuago eta inoiz baino harmoniatsuago sentitzen zen. Ametsa edo egia izan, inork inoiz ezagutuko ez zuen abentura bizi izan zuen. Goizero Amalurri eskerrak emateaz gain, hil artean irribarre zabala eskaintzen zion mendi hartan bizi zen dama ederrari.

Zuriñe Velez de Mendizabal

 
RocketTheme Joomla Templates