Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 

krokodiloa_igartua1.gif
   KROKODILOA OHE AZPIAN
 
Mariasun Landa. 1.argitaraldia: 2002. urtean.  Alberdania. Ostiral saila.
Barne sentimenduen mundura eraman gaitu Landak, berriz, Iholdi edo Elefante txori bihotz edo Alexen egiten duen bezala; oraingoan J.J.ren eskutik. Egunerokotasunetik abiatuta edonoren barruan gertatzen diren bizipenak erakutsi dizkigu. Fikzioari ere egin dio leku, krokodilo bat ekarri digunean ohe azpira, eta gertaera hori ederki uztartu du errealitatearekin, horrela sinesgarritasuna bermatuz kontatu digun istorioan.

Gaiak berak, irakurketa atsegina egiten badu liburua, laburragatik ere, ba da xamur irakurtzen dena; eta hori gutxi balitz, tarteka sartzen dituen elkarrizketa motzek bizitu egiten dute, asko, sakona den gaia aurkezteko forma.

 “...- Bai, esan?    
- Jolas parkea?     -Bai...   
- zoologikoa duzue, ez da?    
- Bueno...animaliaren bat badago  
-Krokodilorik falta duzue?  

- Nola diozu?...” ( 12.orr.)

 

Gainera, esaldi motzez baliatzen da eta lexiko ezaguna erabiltzen du idazleak, eta horrek irakurlearenganako hurbilketa erraztu egiten du.

 “...  – Juanjo, Juanjotxo, lan gehiegi egiten duk hik! Eta gainera ez zegok beti bakarrik bizi izaterik! Hik dibertsio pixka bat behar duk!...”( 19.orr.)
 
Krokodiloa ohe azpian  Haur eta Gazte Literatur saileko ipuin, narrazio edo eleberri laburren arteko sail batean argitaratu zen, baina Sailkapen horiek gainditzeko moduko irakurketarako bidea urratzen ditu M.Asun Landak liburu honetan ere: irakurri nahi duen edonor (haur, gazte nahiz heldu), izan daiteke hartzaile.
  krokodiloa_igartua.gif

Gaiari erreparatuz, J.J. pertsona arrunta da,  egunero lan egiten duena. Batzuetan aspertzen da eta badu bete gabeko hustasun bat, gutariko askok bezala. Egun batean, izutu duten sentimenduekin egin du topo; krokodilo itxuran agertu zaion izua.  ”...jadanik ez zuen beldurrik. Itolarria besterik ez izerdi hotza...Krokodiloarena bere sekretu handia izango zen, eta hartan pentsatutakoan konturatu zen hartaz inorekin hitz egin ezina beldurra bera baino gogorragoa zela.” ( 19.orr.)

Protagonistari gertatzen zaionaren ikertze bidea, berarekin batera jorratzeko gonbitea luzatzen zaigu liburuan. Juan Josek angustia edo beldurra eta batez ere bakardadea sentitzen du. Eta zer sentitzen duen identifikatzen duenean hasiko da bere sendatze bidea; orduan, eta laguna hurbildu eta eskua eskaini dionean.

 “...J.J. ohartu zen, lehen aldiz, norbaitekin zerbaiti begira egotea mundu honetako gauzarik politenetarikoa dela...”( 57.orr.)

Funtsean, J.J. pertsona heldua da, eta Mariasun Landa helduon izuaz ere ari da. Izan ere sentimenduak haur nahiz helduongan bizi dira. Sentitzeko moduak aldatzen dira norbanakoaren bizipenen arabera. Eta, umetan, erraz kanporatzen ditugun beldur, poz edo maitetasunak, denbora aurrera joan ahala, arrazionalizatzeko joera izaten dugu; gure jokaera, sentimenduek eragiten digutena geure baitan gordetzekoa izaten da, batez ere ezkorra denean sentitzen duguna; erakusten ez dena existituko ez balitz bezala!- baina, barru-barruan lekutxo bat egiten dute kanporatzen ez ditugun horiek, isil-isilik, askotan geroz eta toki handiagoa hurrupatuz gure izateari, eta, hasieran beldurra zena, izu bihurtzen da; eta min txikia, gorroto; eta bakartasun sentsazioa, bakardade; eta lotsa, ezintasun. Horiek horrela, adinarekin batera zahartzen garen neurrian, areagotzen dira, gutxitik askora, adierazten ez diren barrukotasunak. J.J. horren ispilu da, eta irakurleak badaki hori igartzen; igartzen eta identifikatzen, eta konparatzen, eta dagokion neurrian hausnartzen.

Nabarmendu beharreko egiten zait Mariasun Landak J.J.ren urradurak sendatzeko bilatu duen bidea: haurrei bezala helduoi lagunaren eskua onartzen asmatzearena, edo lagunari eskua luzatzearena ere, lagunarekin batera bizitza dastatzearena eta orobat, helduoi erakustea, ume bagina bezala, gure sentimenduak irakurtzen.

 

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago