Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Napoles

HAMAR . Andrej Longo. Itzultzailea: Josu Zabaleta. Pasazaite, 2012.

li116    

Napolesen sekula egon ez izanagatik, badira Italia hegoaldeko hiri handienaren gainean arituz gero, burura datozen kontuak, hala nola, beroa, eguzkia, camorra, erlijio katolikoa, Maradona, immigrazioa edota zaborren kudeaketa. Pelikula, erreportaje, liburu edo albisteen bidez jasotako informazio printzak dira, bestelako errealitateak bazterrean uzten dituztenak, ziurrenik. Betiko topikoak direla ere pentsa dezake baten batek, baina topikoek gehienetan benetako iturbururen bat izaten dute, eta gizakiok gustukoak izaten ditugu, gainera, besteez aritzeko.

Bada, ikuspegi honetatik, lan honek ez dio irakurleari aparteko berritasunik ekarriko. Goian aipatutako kontu guztiak azaltzen dira liburuan zehar, batzuk aunitzetan, eta beste batzuk, une konkreturen batean bakarrik, zeharkako datu moduan. Informazioa lortzeko dugun erraztasunarengatik izango da, ala datu metaketa geldiezinarengatik, baina orokorrean, ezaguna egin zait irakurritakoa. Hamar istorio laburrek osatzen dute Andrej Longo italiarraren liburua. Hamar istorio dira, eta bakoitzak Hamar Aginduetako bat du izenburutzat. Ariketa bitxi samarra iruditu zitzaidan honakoa hasieran, behartuegia izan zitekeela pentsatu nuen. Baina, zergatik ez? Liburuaren tonu eta estiloari ongi lotzen zaizkio, eta bizitzarako arauak ezartzen dituztenen arteko nolabaiteko paralelismoa ere antzeman dakioke. Lehendabiziko kapitulutik uzten du argi autoreak Napolesen gertatzen denari buruzko tesia. Politikari zein talde mafiosoentzat, jendea ez da zaborra baizik, eta hobe hau lehenbailehen barneratzea. Azken atalak ere badu bukaerako ideia bat: honelako inguruetan animaliak gara, basatiak. Edo bera, edo ni. «Hemen bukatzen duk dena». Tartean, hiriaren giro itogarria deskribatzen du, beronen zerbitzura jarriz gizakiaren ohiko jokamoldeak. Garai batean izan zenaren oroitzapen etsitua gogoratzea, egunen batean izan daitekeenaren esperantza mantentzea, familia barruko tragedia saihestezinak ezkutatzea, ohitura bihurtzen diren situazioez ez konturatu nahi izatea.

Laburbilduz, erraz irakurtzen den liburua da Longorena, gertaerak apaindura handiegirik gabe kontatzen dituena, zoritxarreko patuak ez baitu itzulingururik eskatzen. Estilo zuzena, kasik irudi bilakatzen diren hitzak, zinemarako ere egokia izan daitekeen erradiografia eskaintzeko.

Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi Pasazaite argitaletxe berriaren sorrera. Kanpoko autoreen liburuek izango omen dute protagonismo nagusia, baina baita berauek euskarara itzultzeko ardura dutenek ere. Luze iraun dezatela langintza honetan eta ea aurrera begira zein beste ale jartzen diguten eskura.

Iban BALERDI

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago