Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Bihar etzi atzo gaur! 

ATZORAKO GERATU DENA. AFORISMOAK. Ana Urkiza. Alberdania, 2011

li108    

Erran gabe doa kontraesanez beterik doakizuela artikulu hau, eta paradoxak ere aurkituko dituzuela Ana Urkizaren aforismoz osatutako liburu honetan.Ezin erran poesia denik, baina ez denik ez da erran behar.

Liburuaren azalean denetariko harriak erakusten dizkigu Ana Urkizak itsasertzean, baina lau harri nabarmentzen dira bereziki, urre kolorez, altxor baten gisa begiratu beharrekoak. Bata izan daiteke iraganak babesten duena, bestea izan daiteke biharkoak gordetzen duena misteriotsuki, eta beste bi harriak izan daitezke orainaldiaren distira, eta ondorengoei utziko diegun arrastoa etzi.

Altxor horiek aurkitzeko hitzezko harriak botatzen dizkigu Anak: muturreko egoera bat bizitzera kondenaturiko gizakia itxuraldatu egiten da, bere burua ezagutzeraino, eta bizitza iraultzeko, galderak egitea edota goizero begiak erauzi eta berriak jartzea baino modu hoberik ez dago.

Adiskidetasuna izan daiteke nabarmen ikusten dugun harri horietako bat, altxor bat, jada galdu dugunean. Harriak bota eta galderak jaurti dizkigu norbaitek erantzun ditzan: landatu dut zuhaitz bat, erditu ume bat, idatzi liburu bat, eta orain zer? Horrelakorik egin ez duenean, olerkari honek ez daki zer erantzun, baina norberak erantzun beharko dio bere bizitzari, aldarrikatzen hasi beharko dut laranja oso bat naizela bizitzen segitzeko, eta nire bihotza nirea dela, ene maite txistukaria maitatzen segi dezadan.

Bizitzen segi beharko ororen gainetik, haizea bezala, gutxiago mindu nadin. Haizea dela egia ororen jabe erran dit Anak, eta hitzak bertan utzi dizkit zintzilik aske. Hartu nahi ditudan erranak onartzeko, eta hartu nahi ez ditudanak ez onartzeko; izan ere, kontraesanak sortu baitizkit behin baino gehiagotan, eta ohera joan aitzin, haserrarazi: nola da posible lanera doan emakumea ama oso ona ezin izatea, anbizio profesionalak dituelako? Beharbada olerkari hau lanera doan emakumea da, ez delako ama oraindik eta orduan anbizio profesionalak asmatu behar ditu, bere amets hori ahazteko. Ene uste apalean harriak botatzen dizkigu Anak gu zirikatzeko, eta orainean mutu gera ez gaitezen eta bizi gaitezkeela errateko.

Harri bat da bihotza, bihotz onekook ere bihotzekoak traizionatzen gaitu, eta oharkabean ohartzen naiz egunero uzten diogula existitzeari. Artikulu hau bukatu bezain laster, galdurik egonen naiz, ez dut existentziaren kontzientziarik izanen. Orduan egonen bainaiz Ana Urkizaren erranetan nire baitan, eta aurkituko naiz, aurkituko dut zer edo nor.

Bizitzeko ikaskizuna da aforismo-liburu hau, bai eta ez artean ni, dena eta ez denaren artean jartzen nauena amildegiaren ertzean, ez baikara ezer hil arte, eta orduan hauts izanen gara. Etorkizunera helduko garenean, iraganak ez du orainaren laurdenik ere balioko. Atzoko promesak gaurko mailua dakar eta biharko iltzeak etziko damua. Denbora ez da itzuliko gaur. Gaur eta hemen nago, ezin urrutirago gure barrenean jada ez dudalako umerik aurkitzen, beharbada oraindik gainean daramadalako?

Maitasun galdua itxaroten nagoela, hitz koldarrek ez dute mingain puntatik jauzi egiteko ausardiarik batzen, ez dute hil nahi, eta horregatik erran gabe doakigu penaz bizitzako gauzarik garrantzitsuena. Hitz batez mila irudi marraztu dizkit, eta lehen baino nahasiago utzi. Azkenean, bizitzaz ere nekatu egiten gara, bizitzeaz oporrik hartzen ez dugulako.

Helmugatik hurbilena, abiapuntua dugu. Bizi zaitezke, edo ez. Beste begi batzuekin zapalduko ez ditugun harri horiek ikustea nahikoa da bizitzeko; nahikoa da galdera bat harago egitea edo erantzun ezezagun bat irudikatzea bizitzako ateak zabaltzeko. Hori erraten digu kontra-azalean Ana Urkizak.

Ainara MAIA

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago