Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Tsunamia zirudiena ... 

Kyoichi Katayama. MAITASUNEZKO OIHUA. HUNDUAREN ERDIAN Itzulpena: Keiko Suzuki, Inma Errea . Denon artean, 2010.

li75    

Kyoichi Katayama jarri dut Interneteko bilatzailean eta aurkitutako berrehun mila emaitzetatik gehienek “Maitasunezko oihua, munduaren erdian” eleberriaren titulua zekarten izenburuan. Ez da harritzekoa. Izan ere, Japonian historiako nobelarik irakurriena izan denaren aurrean gaude. Hiru milioi aleko salmenta gainditu ondoren, telebistara, zinemara eta manga komikira eraman da. Jatorrizko bertsioaren antzera, best seller bilakatu dira ingelesez, frantsesez, gazteleraz eta italieraz egindako itzulpenak ere. Denon artean argitaletxearen eskutik eta Keiko Suzuki zein Inma Errea itzultzaileen lanari esker iritsi da japoniako tsunamia euskal literaturara. Ikusi egin behar arrakastaren aparrak itsasertz honetan ere irauten duen.

Zorionez, hau ez da tsunamien lurraldea, eta, zoritxarrez, Denon artean argitaletxea bezalako proiektu interesagarriek ez dute marketinean eta promozioan inbertsio handiak egiteko gaitasun ekonomikorik. Baina kanpo faktoreak alde batéra utziz, eta mamiari erreparatuta', konturatu naiz, “Maitasunezko oihua, munduaren erdian” urrunean handia eta apartsua izanagatik ere, indarrez hustu eta ahul lehertzen den olatua dela.

Maitasunezko istorioa da Katayama-k dakarkiguna. Letretara eraman izan diren amodiozko istorio ugarik bezalaxe, Sakutaró eta Aki protagonisten arteko maitasunak heriotzaren mugak ere gainditzen ditu. Ez diot inori istorioaren amaierarik izorratuko Aki hil egiten dela esaten badut. Izan ere, nobelako lehenengo orrian errauts-kaxa batean sartuta ezagutuko du irakurleak Aki. Sakutaró izango da bigarren hezkuntzan elkar ezagutu zutenetik nola maitemindu ziren eta Akiren hatsa nola akitu zen lehenengo pertsonan kontatuko diguna. Kontaketa hori geldoa iruditu zait, maiz interesik gabeko elkarrizketetan eta garrantzirik gabeko xehetasunetan gehiegi luzatzen delarik. Tartean, bi nerabeek bizitzari, heriotzari eta maitasunari buruzko hausnarketak eskaintzen dizkigute, baina hauek ere topikoak iruditu zaizkit kasu askotan. Nobelako pertsonaien adinagatik eta kontatzen den istorioarengatik, helduentzako baino, gazteentzako egokiagoa ikusten dut. Eleberriaren alde, esan, gurearekin alderatuta hain ezberdina den japoniako kultura eta bizimodua, azaletik bada ere, ezagutzeko aukera ematen duela. Hori Keiko Suzuki eta Inma Errea itzultzaileei eskertu beharko genieke, oineko oharren bidez hamaika kontzeptu eta esamolde ulertzen lagundu baitigute. Dena den, itzulpena bera ere nahiko baldarra iruditu zait, askotan behartua ere bai. Maiz egin dut estropezu bidean aurkitutako koxka edo harrien erruz.

Hondartzara joaten naizenean, jolaserako aukera ematen duten olatuak gustatzen zaizkit: hondorantz buruz botata edota uhinaren indarra baliatuz gorantz salto eginez saihesten diren horietakoak. Finean, mugiarazten nauten olatuak ditut gustuko. Oratu hau, ordea, oharkabean pasa da. Ez dakit zein irizpide darabilten argitaletxeek literatur lan jakin bat itzultzea erabakitzen dutenean, baina liburu batek arrakasta lortu izanak ez du bermatzen lan horren kalitatea.

Leire Zubeldia

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago