«Tartariarren basamortua»
Dino Buzzati."Tartariarren basamortua" Itzultzailea: Josu Zabaleta. Argitaletxea: Alberdania eta Elkar
Ofizial izendaturik, iraileko goiz batean abiatu zen hiritik Giovanni Drogo, Bastiani Gotorlekurantz, bere lehenengo posturantz». Horrela abiatzen da Dino Buzzati italiarrak idatzitako eleberri hau. Lerro horiek itxaropena, etorkizuna eta bizitasuna iradoki dezakete hasiera batean. Liburuko azken punturaino iritsita ordea, bidaia horrek jomuga arras ezberdina gordetzen duela esan daiteke, heriotza izeneko erreinura hasitako bidaia baino ez dela esango nuke.
Buzzatik XX. mendearen lehen erdian idatzi zuen liburu honetan gogoeta sakon bat plazaratzen da, egunerokotasunak bere bidea nola egiten duen, denborak ustekabean arrakalak nola erakusten dituen eta bizitzak nola ihes egiten duen gu zain gauden bitarteari. Egunero jomuga berriak jartzen ditugu biharko, etorkizuna dugu amets, baina orainaldian bizi garela ahaztu zaigu nonbait eta ohartzerako gure izatea iragan bihurtu da etorkizuneko jomuga hori sekula ferekatu gabe, gure aldeko kanpai hotsak entzuten diren arte.
Horixe idazleak 30 saiotan azaldu nahi duena. Horretarako, testuinguru militarra sortzen du; ofizial bat hartzen du txotxongilotzat eta gotorlekua eraikitzen du egunerokotasunaren irudi gisa. Drogo da ofizial hori eta Bastiani Gotorlekura doa bere karrerari dirdira atera nahirik. Ortiz kapitainarekin topo egiten du bidean, irrikaz agurtzen du eta hark begirada penatu batez egiten dio harrera, linboaren zurrunbiloak harrapatu duenari begiratzen zaion bezala. Hainbat hamarkada pasata, ordea, bera izango da Ortiz eta Moro tenientea ikusiko du, denbora iragan da eta beste zirkulu bat hasi berri da.
Gotorlekuan harrapatuta, iparraldera begira guda dute amets, gotorlekuari zentzua emango dion gertakaria dute kimera, bizitzari bizitza emango dio n ekintza. Biharko egunez jarri dute, alabaina, jomuga eta denborak bere bidea egiten duenez, biharko egunera iristerako jomugak aurrera egin du beste egun batez. Horrela pasako dira hilabeteak, horrela pasako dira urteak eta hamarkadak. Kapitain, ofizia!, sendagile, jostun nahiz soldadu, gotorlekuko arima oro ohartu da zurrunbiloan harrapatuta daudela, hirira itzuli nahi dute lehenbailehen, eguneroko bizipen txikien poza berreskuratu nahi dute, baina ordurako gotorlekuaren gaitzak jota daude, hiriak ez du zentzurik. Berriro, denborak bere bidea egin du, erre ka aurrera doa eta han ez dago ezer utzita bezala. Gotorlekua da geratzen zaien iltze bero bakarra eta iparraldeko basamortua da itxaropen bakarra. Narratzailea tontorrean dago kokatuta, oro ikusten du, eta badaki bihar zer gertatuko den. Narratzaile orojakilea da eta parte-hartzailea ere bai esango nuke, izan ere, zenbaitetan narratzailea bera ari da hizketan, Drogori ari zaio, aholku ematen bezala.
Esan bezala, 30 saio edo kapituluk osatzen dute kontakizuna, elkarrizketa gehiegirik ez izan arren eta zenbaitetan deskribapen errepikatuak topatu arren, erritmoa bizia dela esango nuke. Jazoera edo mugimendu berezirik gabeko liburua da; izan ere, ez da hori idazleak bilatzen zuena. Pentsarazteko asmoa duen idazlana da. Dena den, erraz irakurtzen da, atseginez, kapituluak behar bezala josita baitaude, nahiz eta agertokitik agertokirako jauziak zenbaitetan bortitzegiak izan. Testuingurua arrotz zaigu beharbada, baina gaia, mamia, guztiok ezagutzen dugu.
Iker Zaldua