Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Bilbao-New York-Bilbao 
URIBE, Kirmen.Elkarlanean 2008
luma57    

Liburu baten inguruan hitz egiten dugunean nola neurri batean behintzat idazleaz berataz ere badihardugun -are gehiago kasu honetan- Kirmen eta bion artean egon daitezkeen loturez pentsatzen hasi naiz.

Liburuaren hasieran, nobela ulertzeko giltza diren hiru zita ematen ditu Kirmenek. Liburua zabaldu eta bigarrena, Winfred George Sebald idazle alemaniarrarena, irakurri dut. Honela dio: Geroztik neure buruari galdetzen diot beti zein diren geure bizitza zehazten duten harreman ikusezinak, eta ze harik elkarlotzen dituen denak. Telebista saio batetaz gogoratu naiz orduan, Felix Linaresek aurkezten duen La noche de programaz hain zuzen. Programa honetan lauzpabost pausotan batzen dituzte  printzipioz inolako zerikusirik ez duten pertsonaiak.  Horrela elkarlotu ditzakete  esaterako, Andoni Egaña eta Brad Pitt.

Bada, hori posible bada, gu biok batzea ez dela hain zaila izan behar begitandu zait. Bar Puerto jarri dut musika katean bueltaka Kirmenen eta Mikelen ahotsek irudimena dantzan jarriko didatelakoan.  Bat-batean, Bisita poemaren doinuetan  harreman baten oroitzapenak egin dit bisita eta gu biok batu gaitzakeen hari ikusezin hori ikusi dut: hain maite dudan irakasle eta laguna, Xabier Kaltzakorta.

Liburuko 73.orrialdean Xabier Kaltzakortak Kirmen Uribe idazle-narratzaileari  bidaltzen dion e-mail bat agertzen da.  Bertan Zaharregia, txikiegia agian lanean argitaratu zen Urrezko eraztuna poemaren aldaera ezberdinak ematen dizkio Xabierrek Kirmeni. Guk Kaltzakortaren eskoletan aspaldi irakurri genuen Kirmenen poema, baita e-mailean kontatzen dituen ipuin honen aldaerak eta liburuan zehar agertzen diren beste zenbait pasarte ere, Axularren itzalarena esaterako.  Horregatik eta Kirmenen zutabe frango irakurri ditudalako egin zait hain hurbila agian liburua.

Eraztunaren poema berrirakurri eta lehengo egunean neure ikasleei eraman nien aldaera bat etorri zait burura, Joxe Arratibelen Kontu Zaharrak liburuko Aralargo Txabola deritzon ipuina hain zuzen. Ipuin honetan,  protagonistetako batek txabola batean giltzapetzen du laguna, lagunak berak hala eskatuta, eta gero honen aginduei men eginez uretara jaurtitzen du giltza. Handik egun batzutara arrain baten tripan agertzen da, eta giltza hartuta txabolara joaten da lagunaren bila. Atea ireki eta herrira jaisten dira berriz biak ezer gertatu ez balitz bezala. Neure artean pentsatu dut Kirmeni aldaera eder honen berri eman behar diodala, agian ez du jakingo eta bere hurrengo liburuan agertuko naiz.

Gure arteko hari ikusezinen bila, neure kontuak kontatzen, betebeharraren haria galtzen ote nabilen pentsatu dut. Liburuko lehen zita etorri zait orduan burura,  Elias Canetti   alemanez idatzi zuen idazle bulgariarrarena. Honela dio: esan zeure-zeureak diren kontuak, esan, horrek du benetan garantzia. Ez lotsatu. Gainontzeko guztia arrunta da, egunkarietan ageri dena.  Baina lotsatu egin naiz eta nonbaitetik hasi behar eta lan honen inguruan hitz egitean hainbestetan aipatu den autofikzio hitzaren bila jo dut wikipediara. Harritu egin naiz baina ez da agertzen ez gazteleraz ez euskaraz. Ingelesez topatu dut azkenean: Autoficton refers to form of fictionalized autobiography; hots, fikziozko autobiografia da autofikzioa. Liburuaren hasieran argi erakusten du badaezpada hori Kirmenek. Honela dio: Liburuan agertzen diren pertsonen adierazpenek ez dute zertan jaso hitzez hitz haien pentsamendua.

Mamiari berari helduta, liburuak bi ardatz nagusi ditu ene iritziz, alde batetik Bilbotik New Yorkerako bidaia eta bestetik  nobelaren beraren sorkuntza prozesuaren kontaketa. Bi hari nagusi hauen azpian leudeke beste hari garrantzitsu batzuk, hala  nola, Aurelio Arteta pintorearen eta Rikardo Bastida arkitektoaren arteko harremana; Kirmen, Nerea eta Unaien arteko harreman sarea; aita Joseren itsasoko kontuak, aitona Liborioren istorioak eta Dos Amigos ontziaren misterioa.

Denbora aurrera doala eta idazten dudan hitz bakoitza Kirmeni kentzen diodan hitza dela pentsatuta, liburua zabaldu dut berriz eta hirugarren  eta azken aipua irakurri dut. Virginia Woolfena da. Honela dio: Baina porturatu bezain laster, garabiek beren jaitsiera eta kulunkak hasi bezain pronto, badirudi itsasontziek aurretik zuten alde erromantiko hori desagertu egiten dela.

Niri porturatzeko sasoia heldu zait jada, isiltzekoa, porturatu egin behar baita gero berriz partitzeko eta erromantikoa zen  bidaia hura atzean utzi eta are erromantikoagoa dena egiteko.

Liburuari buruzko hitzaldia egin behar nuen, baina betikoa egiteaz aspertuta nik ere neure autofikziotxoa egin dut eta hitzaldia nola prestatu dudan kontatu dizuet.

Nola amaitu jakin ez, eta Xabier Kaltzakorta etorri zait berriz burura eta berarekin batera aspaldi hitzaldi batean entzun  nion zita matxista xamar baina aldi berean ederra: los discursos tienen que ser como las minifaldas, cortos, ajustados y que  enseñen algo.  Ez dakit minifalda luzeegi  geratu ez ote zaidan.

Erlojuari begiratu diot.
Local time: 12:30 Am
Distance to destination: 10 meters
Time to destination: 10 secons

Banoa ohera.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago