Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Deabru guztiak madarikatu ala…
li10    

DENBORA ENAREN HEGALETAN Karmele Igartua Pamiela, 2009

…aingeruen hegalei heldu? Itxaro Bordaren gisa berean bestaldean mintzo zait Karmele Igartua ere: noka. Eme eta maitasunez ainara honi.

Bizitzaren trena hartu nuen behin, ez dakit noiz, eta orain noizean behin, ez dakit non eta noiz, baina badakit nola: sentimenduen bidezidorretik, arrazoiari uko eginez eta sena kitzikatuz.

Ainara honen kontzientzia aireratu da zeru urdinerantz eta izarretarantz olerki bakoitzeko, eta horrela bizi da, aireratuz lurretik eta tipatuz lurrean. Bizitzatik bizitzara jauzika egiten dugun gisa berean, jauzika ibili naiz orrialdetik orrialdera. Pixka batean hegan eginez, ametsetan, lurrean gure urratsa hitzez hitz uzten dugun bitartean. Karmele Igartuak bere maitasuna eta izarrak eskaini dizkit iluntasunean eta miopetasunean zerbait gehiago ikus dezadan barnean, kanpoan, denbora kontuan hartu gabe.

Denbora kontrolaezina izan daiteke nora ezean eta ezdeusean hegan bagabiltza. Erlojua asmatu zuen gizakiak, baina tik-tak erregular batek mugatzen gaitu gu, eta denbora hori badoa norberarengandik, badator norberarekin, hegan zurrunbiloan tik-tak hura entzunik gelditzeko gogoa badugu ere, ezin! Denbora bizitzaren gure neurria bada, Suitzako erlojugile onenak ere ezin du harrapatu, ala bai? Libre gara gure iragana, oraina eta geroa gugan daudelako.

Denbora badoa, badator gure inguruan, bere bidea egiten du, norberak berea bezala etenik gabe. Mina sentitu dut eta negar egin olerkiren batekin, neure bizitza azken bolada luze honetan amodioak kolpaturik baitago; baina aldi berean sosegua ere sentitu dut, hatsa sakon harturik.

Gauean idazten dizut zuri, Karmele, urte zaharreko azken gau urdin honetan idatzi beharra daukat zurea irakurri ondoren, bakarrik egote honek bake tristea ekartzen baitit.

Toka ere aritu zara gorputz zen gizon bati, eta taup-taup ene bihotza bizi da. Olatu baten gisa, niri ere joan-etorri zaidan gizon horrek infinituan libre dauden izarrak erakutsi zizkidan behin, eta zerua ez zen urdina. Olatuak joaten direlako itsaso zabalera, eta berriro datoz. Baina joan eta itzultzen ez direnak denboran gelditzen dira, braust! ainararen hegalen azpian babes.

Nik ere ez dut erlojurik eskumuturrean, eta neure bihotzak ez du ezinik, libre naiz, izarrok, zuekin dirdira egiteko. Nik ere izar bat izan nahi dut, baina barneko min bizi honek lagunduko al dit?

Estazio jendetsu batean denbora ez da gelditzen trenak pasatzen ikusteko, eta ni gelditzen naiz tokietan, baina denborak lekuetan irauten al du? Horrela galtzen ditut trenak beharbada, baina une espazial horiek gordetzen ditut hegalpean, eta amodioaren zorionak eta txarrak astintzen gaituelako beheititzen gara. Olatuetan maitasuna joan-etorrian. Eta «maite zaitut» etortzen zait belarrietara gazi-gozo, «maite zaittut, bihotz izar urdin ». Biluzik. Isilik. Distira zuretik nirera, eta niretik zurera musuak. Aukeran zu aukeratuko zintuzket, aukeren artean ez bazeunde ere. Hori da amodioa, gazi-gozo, hori da bizitza. Hori da espazio-denboraren joan-etorria. Bihotzean atzo arratsaldea, gogoan gero bat eta gela bat urdina. Lilith eder batekin pirata urdin bat, hatsa berean denbora hartu da denbora eman. Denborak, edota bizitzak, enoratu ez gaitzan.

Ainara Maia

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago