Ezker-eskuin, Ekaitz Goienetxea eta Yoseba Peña, proiektuaren baitan egonaldi bana egin duten euskal idazleak. GAUR8 |
YOSEBA PEÑA
«Sekulako aukera izan da bi hilabetez idazle baten moduan bizi ahal izatea»
Yoseba Peña idazlea –Sodupen jaioa eta egun Zarautzen bizi dena– izan da Other Words proiektuaren baitan bigarren egonaldia osatu duena. Joan den urteko urritik abendura bitartean egon zen Dublinen. Esku artean duen eleberriaren azken partea ontzeko baliatu zuen egonaldia eta lanaren azken zuzenketak egiten harrapatu dugu.
Proiektuko bigarren egonaldia egiteko aukeratu zintuzten. Baina lehenengo deialdira ere aurkeztu zinen. Hasieratik tentatu zaitu.
Lehen deialdian ez ninduten hautatu. Ekaitz Goienetxea aukeratu zuten. Nik ezagutzen nuen Ekaitz, idazle eskolatik. Espero nuen idazle famatuagoren bat edo aterako zela eta pentsatu nuen akaso idazle xumeentzat zela deialdia, edo akaso xumeok bakarrik egin genuela aproba. Horregatik bigarren deialdian are indar handiagoz saiatu nintzen. Oso ondo pentsatu nuen egonaldian zer egingo nuen, nola lotu idazten ari nintzen nobelarekin, zeozer erakargarria nola eskaini...
Esku artean duzun eleberriaren hirugarren zatia ontzea. Horixe egonaldiari lotu zenion helburu nagusia.
Eleberriak hiru zati ditu eta garai desberdineko hiru emakumeren istorioak jasotzen ditu. Nire familia inguruko kontuak dira. Lehen emakumearen istorioa Bigarren Errepublika inguruan kokatuta dago; bigarrenarena, frankismo amaieran, eta, hirugarrenarena, 80ko hamarkadan. Denak familia berekoak dira eta bakoitzaren bizitza kontatzen joan naiz.
«Egia esan sekulako luxua da bi hilabetez idazle izatea, egunean zortzi-hamar orduz idatzi ahal izatea. Egonaldian amaitu nuen eleberria eta orain zuzenketa lanetan ari naiz» |
Gerraren lehen lerroko kontaketa egiten da gehienetan. Bigarren lerrokoa, atzeguardiakoa, gutxiagotan kontatzen da.
Bai, eta askoz ere gordinagoa da askotan. Badaude gerraren inguruko argitalpenak, baina denak gizonezkoen kontaketa jasotzen dutenak. Kontaketa horretan gerra kontatzen da; nora joan ziren, nola izan zen erasoa, zein hil zen...
Svetlana Aleksievitx Nobel saridunaren lana irakurtzen ari nintzen –“Gerrak ez dauka emakume aurpegia” liburua– eta bertan autoreak esaten du berak jaso duen gerraren kontaketa emakumeen ahotik jaso duela eta konturatu nintzen nire istorioa ere horrela dela. Nik ez dut aititarik ezagutu, baina birramama eta amama ezagutzeko aukera izan dut eta etxean entzun ditudan gerrako istorioak eta frankismoaren ingurukoak emakumeek kontatuak izan dira. Gure aitak ez du inoiz horren inguruan berba egiten, baina gure ama bai izan da kontatzearen zaleagoa. Aleksievitx irakurtzen ari nintzela konturatu nintzen hori zela nire ikuspuntua ere, hori zela nik kontatu nahi nuena. Nire eleberrian gizonak badaude, baina garrantzitsuena emakumeek kontatzen dutena eta emakumeen bizitza da.
«Dublinen gaelikoa oso galduta dago, erabat gainbeheran. Sentimendu tristea eragin dit horrek» |
Intrahistoria esaten zaio horri. Niretzat Napoleonek Waterloon zer egin zuen baino askoz garrantzitsuagoa da intrahistoria hori.
Egonaldiari begira jarritako helburuak eta asmoak bete al dituzu?
Bai, zintzo-zintzo. Egia esan sekulako luxua da bi hilabetez idazle izatea, egunean zortzihamar orduz idatzi ahal izatea. Egonaldian amaitu nuen eleberria eta orain zuzenketa lanetan ari naiz. Nik beti eskuz idazten dut eta orain papereko zuzenketak ordenagailura pasatzen ari naiz.
Eskuz idazten duzu?
Bai, informatikaria naiz, baina nahiago dut eskuz idatzi. Ordenagailuan idazten dudanean ez naiz berdin kontzentratzen eta denbora galtzen dut tontakeriatan. Finean idazteko metodoak dira. Liburuxka txikietan idazten dut eta nire burua behartzen dut egunero, gutxienez, orrialde bat idaztera. Idatzi eta gero, data jartzen dut orrialde bakoitzean. Metodo psikologiko bat da.
Dublineko egonaldiko emaitzarik ez dago oraindik proiektuaren webgunean.
Oraindik ez. Eleberria erabat bukatzean jarriko dut, behin betiko bertsioa izan dadin. Idatzita dago, baina zuzentzen ari naiz. Ea udararako jartzen dudan.
Zuretzat zergatik zen hain tentagarria egonaldi hori?
Irakaslea naiz eta sekulako aukera iruditzen zitzaidan bi hilabetez idazle baten moduan bizi ahal izatea. Hori da nire borroka umetatik. Bi hilabete Dublinen, maite dudan hiri batean, eta idazteko aukerarekin, sekulako pagotxa zen niretzat.
Gaelikoaren inguruan ibili zara, gainera. Besteen hitzak izena du proiektuak. Zuretik zer eraman duzu eta zer dakarzu bueltan?
Nik euskaldunen kemena eraman dut. Hangoei kontatu diet Euskal Herrian lortu den guztia, oztopo guztien gainetik, gobernu guztien gainetik... Pilak kargatuta etorri naiz, ikusi dudalako guk aurrera egingo dugula euskararekin eta beste hizkuntza batzuek ez dutela lortuko, eurek adibidez. Gaelikoa oso gutxi entzuten da Dublinen. Hegoalderago gehixeago entzuten da. Hunkitu ere egin nintzen haur batzuk natural-natural gaelikoz entzun nituenean. Baina Dublinen gaelikoa oso galduta dago, erabat gainbeheran. Sentimendu tristea eragin dit horrek. Politikariek ez dute batere maite gaelikoa eta identitatea ez dute hizkuntzarekin lotzen, ezin dutelako. Ia ehun urte dira independentzia lortu zutela eta egin duten gauza garrantzitsuena hizkuntza akabatzea izan da.