Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
   
 ELEFANTERIK GABEKO ZIRKOA

Goizeder Iturain  VI KARMELE IGARTUA SORKUNTZA BEKA 2016 Aipamen berezia 

PERTSONAIAK / BANAKETA:

PERTSONAIAK:

Antzezlan honek ez du pertsonaia kopuru zehatzik. Ikasle kopuruaren arabera, pertsonaiak gehitu nahiz ezaba daitezke. Aurkezlearen pertsonaia, esate baterako, bitan bana daiteke, baita trapezista, laguntzaile, dantzari… pertsonaiak ere. Gauza bera egin daiteke, hemen zehazten diren baino antzezle gutxiago izanez gero, gutxien gustatzen zaizuen eszena kentzearekin nahikoa.

- AURKEZLEAK: Ekitaldiko erregea, berak eramango du emanaldiko aria; eszena guztiei bere sarrera emanez. Zirkuko beste pertsonaien antzera arropa dotorea eta alaia eramango du soinean. Soineko dotore bat, galtzak eta alkandora…. izan daiteke,buruan lentejuelak dituen kapela duelarik. Eskuetan bere mikrofonoa izango du.

- LOREA: Irudimen eta ametsez beteriko 10urte inguruko neskatila . Etxeko arropa erosoa izango du soinean.

- OREKARIAK (Katerina eta Ibana): Akrobata eta trapezista alai eta irekiak, ahozabalik utziko gaituzte. Arropa eroso eta koloretsua izango dute soinean.Baita soka gainean akrobaziak egiteko aterkiak ere.

- MAGOAK (Mir,Mor eta Mar): Pertsonaia misteriotsu eta umoretsuak. Magoen jantziak izango dituzte, txistera edo kapela eta guzti . Mor magoak hasieran tarta ezkutatutik ekarriko duenez, bere jantzia kapa batekin lagundua egotea komenigarria da. Mir magoak ziri magiko bat ere izango du, magoaren trukua egiteko. 

- GRAZIELA: Gure zientzialari adimentsu eta ausarta. Kanpotarra izango da eta bere herrialdeko azentuarekin hitz egingo du. Zientzialarien bata zuria izango du soinean.

- PAILAZOAK (Tximist, Pakito eta Kaurkox ): Umorez beteriko pertsonaia lotsagabeak . Pailazo jantzi desberdinak izango dituzte soinean, sudur gorriak lagundurik.

- GIZON INDARTSUA: Indartsu bezain harroa. Zirkuetako gizon indartsuaren irudia izango du. Tirantedun galtza motzak eta niki marraduna. Azpitik gomaespumazko giharrak izango ditu.

- MALABARISTAK: ( Antzerkian parte hartuko duten ume kopuruaren arabera, zehaztu gabeko kopurua). Pertsonaia alai eta biziak. Gazteluetako bufoi edo arlekinen arropak eramango dituzte soinean,kolore bizikoak.

- LEHOIAK : Lehoiz mozorroturiko ikasleak izango dira.

- ANIMALI HEZITZAILEA: Marradun galtzak eta frak moduko txaketa. Eskuan animalia-hezitzaileek erabiltzen duten usta erabili beharrean luma-motots bat izango du.

- FAKIRRA: Fakir ihar eta abila. Indiako fakirren antzera galtza zabal zuriak eta gainetik txaleko distiratsu bat. Buruan durbantea izango du.

- LAGUNTZAILEAK:Gizon indartsu eta fakirraren laguntzaileak,sabel dantzarien arropak eramango dituzte.

- DANTZARIAK: Antzerkian parte hartu duten antzezle oro izan daiteke dantzari. Sabel dantzarien arropa distiratsuak izango dituzte soinean. 

I. ESZENA

(Musika lasaia).

( Lorea bere logelako mahaiaren aurrean eserita ikusiko dugu. Pentsakor dago bere arkatzari punta ateratzen Mahai gainean koaderno bat izango du. Ozenki pentsatzen ari da).

LOREA : Ai!!! (hasperenka) hau da egun luzea gaurkoa, eta oraindik irakasleak bidalitako lana amaitzeko. A ze lana! gustuko dudan gai bat hartu eta idazlan bat idaztea! Baina zer dut nik gustuko? … Sukaldaritza? baiii. Dantza? Bai, baina ….bueno….Eta abestea?.... (protesta aurpegiarekin) ez da batere erraza gai bat aukeratzea. Agian azkenengoz ikusi nuen zirku hura… ( Logalea sartzen ari zaiola nabaritu dugu, aho zabalka hasiko da) Hura bai zirkoa, neska orekaria sokaren gainean, hango elefante ikaragarria, pailazoak ( ahoa zabaldu eta azken esaldia begiak itxirik esango du), hura bai zirkua…. ederra…liluragarria. ( mahai gainera burua pixkanaka erori eta lokartuko da).

(Musikaren aldaketa emango da, zirkuko musika)

(Musika aldaketarekin batera, eszenatokia aldatzera sartuko dira hainbat aktore. Zirkua bihurtuko da bat-batean eszenatokia, kolorez betea, erdian alfonbra gorri bat, egongo da eta atzean kolore bereko teloia ).

- AURKEZLEA : Jaun andreok, emakume zein gizonezko, haur eta heldu. Bakarra, ezin hobea, orain arte zuek inoiz ikusi ez duzuen ikuskizunik ederrena, paregabea!!!

Gaur eta hemen zaudeten guztiontzat ( erredoblea)

ELEFANTERIK GABEKO ZIRKOA!

Denetarik aurki daiteke bertan: (Eszenatokiko alfonbraren inguruan bira bat emango dute zirkuan parte hartuko duten pertsonai denak, aurkezpen giza).

- Mustafa Fakirra.

- Sabel dantzariak.

- Akrobatak/malabaristak /ekilibristak

- Animali hezitzailea

- Magoak

- Pailazoak…..

Beraz, sartu eta hartu lekua.

(musika amaituko da)

Bada hastera doa zirkoa, espero dugu zuen gustukoa izatea.

II. ESZENA
OREKARIAK

( Musika baxu sartu)

1.OREKARIA: Ni Katerina Tatxenoska naiz, arina eta liraina. Moldaviako lurralde urrunetik nator.

2.OREKARIA: Ni berriz, Ibana Mendiguren naiz, Ibana dantzarina. Trapezioa beti gogoko izan badut ere, hain goian ikustean.... (burua altxatuaz gora begiratzeko keinua egin) baaaaa... hain urrun dagoen soka baten gainean jartzeko ausardiarik ez dut inoiz izan. Beraz, ekilibrismo mota berezi bat asmatu dut, beste era bateko ekilibrista bihurtu naiz.

   

Gaurkoan zuei , Katerinaren laguntzarekin, nire azken ikuskizuna eskainiko dizuet.

( musika igo..)

( Paperez estaliriko marko bat agertuko da eszenatokian. Bertan, itzal txinatarren bidez Ibana nahiz Katerinaren siluetak ikusiko ditugu. Kartoizko siluetak izango dira, markoaren atzetik ikasleak manipulatzen dituztenak. Ibanaren irudia ikusiko da lehenik soka baten gainean. Eskuan aterki bat izango du. Itzala sokaren amaierara iristean Katerina sokan jartzen ikusiko da. Itzalen bidez eginiko oreka eszena ikusiko dugu. Eszenaren amaieran, benetako Ibana eta katerina aterako dira markoaren atzetik ).

AURKEZLEA: Txalo bero bat Natalia eta Ibanarentzat. Eta orain gure magoen txanda da. Aurrera Mir, Mor eta Mar magoak. Txalo bero bat hauentzat ere.

III.ESZENA
MAGOAK ( MIR-MAR- MOR eta GRAZIELA)

(Hiru magoak eszenatokian sartuko dira)

MIR: Beno Mar, opari bat egin nahi dizuegu.

MAR: Zerrrr! Opari bat! ze ondo!

MOR: Begira ! ( bere kaparen azpian gorderik zuen tarta aterako du bere tapaki eta guzti. Tartaren trukua egingo du, hau da, tapa Altzako du baina azpian ez da ezer egongo).

MAR: Baina hor ez dago ezer ! hori al da oparia? Ba! a ze oparia!

MIR: Beno, Mar…. hau zure opariaren estalkia besterik ez da.

MOR: Orain, gure botere magikoak erabili eta zure benetako oparia erakutsiko dizugu.

Ez ahaztu gu magoak garela Mir.

(Kontzentrazio musika)

( Mir eta Mar kontzentratu egingo dira eta hitz magikoak esango dituzte.)

MIR-MOR: ( Hitz magikoak) Mir-mor, mirrin morron, morron mirrin gure nahia orain eta hemen bete dadila.

( Mirrek bere ziri magikoarekin tapa ukituko du eta Morrek tapa altxatzean tarta azalduko da).

MAR: Hau bai, tarta zoragarria! Zuena bai benetako boterea! txalo bat Mir eta Mor magoei.

Eta orain nire txanda da. Mir eta Mor magoak oso onak dira gauzak agertarazten, baina nire boterea beste bat da. Nik pentsamenduak irakurtzeko boterea dut. Ni munduko pentsamendu irakurtzailerik handiena naiz.

MOR: Kuxkuxero deitzen zaio horri nire herrian ( barrezka, adarra jo nahian)

MAR: ( ikuslegoarengana hurbilduaz) Benetako pentsamenduak irakurtzen ditut. Hemen dauden edozein ikusleren pentsamenduak irakurtzeko gai naiz. Ea ba, nire botereak frogatzeko boluntario bat beharko dut.

( Ikuslegoaren artetik boluntario bat aukeratuko eta hurbiltzeko esango dio).

Bai, zu hurbil zaitez. Nola duzu izena?

Ez!ez! ez esan. Nire botereak noraino iristen diren ikus dezazuen nik asmatuko dut.

Zure izena Romualdo da. (Ez du asmatuko, baina ez dio boluntarioari hitz egiteko aukerarik emango ). Noski banekien. Kopetan idatzia duzula dirudi.

Zuk egin behar duzuna oso erraza da Romualdo. Animaliak zer diren badakizu ,ezta?

BOLUNTARIOA: Bai.

MAR: Ba zure lana, baserriko animalietatik bat aukeratzea izango da. Baina nire botereak funtziona dezan. Ikusle guztien isiltasuna behar-beharrezkoa da.

( Mir eta Morrek bi pauso aurrera eman eta ikuslegoari isiltzeko keinua egingo die)

(kontzentratzeko musika sartu eta kontzentratzen hasi).

Pentsatu duzu? (boluntarioari)

BOLUNTARIOA: Bai.

MAR: Ba zuk asmatu duzun animalia…. Elefantea da.

BOLUNTARIOA: Ezzzzzz!

MOR: Baina Mar! elefante bat ez da eta baserriko animalia bat.

MAR: ( Haserre aurpegiarekin). Beste saiakera bat egingo dugu, baina oraingoan asko pentsatu indar handiarekin Romualdo. Eta zuek (ikuslegoarengana zuzenduaz) isilik, bestela ezin dut kontzentratzea lortu.

( Mir eta Morrek bi pauso aurrera eman eta ikuslegoari berriro isiltzeko keinua egingo die).

(Berriro Musika sartu eta kontzentratzen hasi).

Pentsatu duzu?

BOLUNTARIOA: Bai.

MAR: Ba zuk asmatu duzun animalia… elefantea da.

BOLUNTARIOA: Ezzzzzz. 

MAR: Bai bai, zure buruan zegoen pentsamenduan elefante bat ikusi dut, eta bestela duela gutxi elefante batekin pentsatzen aritu zara.

MIR: Beno, beno, ez da izango ba… (pentsakor eta hunkiturik aldi berean) zure botere hori! Horiii?( ikuslegoari galdetuaz)

MAR: Bueno, azken bolada honetan!!!!

MIR-MOR: Zer? ( sorpresa aurpegiarekin)

MAR: Ba, nire botereak gutxitzen ari direla eta… (triste ipiniaz). Beno baina Romualdok bere lana primeran egin duenez, txalo handi batekin agurtuko dugu.

( Boluntarioa agurtuko dute,bere lekura itzuli araziz).

MIR-MOR: Txalo bero bat Romualdorentzat.

Ba esaten nuen moduan aspaldian nire boterea ez da lehengoa . Eta konponbide moduan tramankulu berri bat asmatu dut. Pentsamenduak irakurtzeko makina hain zuzen ere.

Graziela zientzialari handiak, lagundu dit honetan. Sar dadila Graziela.( Graziela sartuko da).

GRAZIELA: ( Bata txuri batez jantzita, nolabaiteko azentuarekin, errusiar-italiar). Bai, jaun andreok, ni Graziela zientzialari handia naiz. Betidanik interesatu zait burmuinean ditugun pentsamendu horiek kanporatzea.

MIR : (Beste bien atzetik ) Esan dezakegu bikote hau nahiko jakin min handikoa dela.

MAR: Ixooo! 

GRAZIELA : Beno, esaten ari nintzen moduan. Pentsamenduak kanporatzeko makina bat sortu berri dut, Mar magoaren laguntzarekin. Gaur hemen erakustera goazen asmakizun hau, iraultza bat izango da.

Erakuts dezagun, hemen (antzezten den herriaren izena), gure asmakizuna.

PENTSAMENDU IRAKURTZAILEA.

(Pentsamendu irakurtzailea aterako dute,motorreko kasko bat izango da era guztietako zintzilikario eta adornuz betea).

MIR: Eta hau frogatzeko, beste boluntario bat beharko duzue, noski!

GRAZIELA: Bai, noski, ezinbestekoa. Baina oraingo boluntarioak hogei urte inguru izan beharko ditu. Ea ba, nor izango da gure boluntarioa?

( Ikuslegotik boluntario bat aukeratuko dute Mir eta Morrek eta eszenatokira altxatzen lagunduko dute bitartean Marrek aulki bat aterako du eszenatokira).

MIR: Txalo bero bat gure Raimundo handiarentzat.

GRAZIELA: Ba zorte handia duzu, Raimundo. Ikusle guztien artean zu aukeratua izan zara gure pentsamendu irakurtzailea frogatzeko. Eser zaitez aulkian eta jar ezazu buruan.

MAR: Zer, nabari al duzu zerbait?

BOLONDRESA: ( Bere erantzuna edozein izan daiteke)

MOR: Lasai, oraindik ez dugu martxan jarri .

MIR: Martxan jarri bezain laster buruan hazkura antzeko zerbait sentitzen hasiko zara.

GRAZIELA: Beno, ba gure ikuskizuna martxan jarriko dugu. ( Bere patrikatik karta sorta bat aterako du). Karta hauen artetik bat hartu eta ondo begiratu ondoren jarri zure hanken azpian inork ez ikusteko. Ondoren begiak itxi eta hasi zure buruan karta horren irudia ikusten. Ulertu duzu zure eginbeharrekoa? (boluntarioari)

MAR: Baa ulertu baduzue, hastera goaz. Oraingoan ere zuen isiltasuna behar beharrezkoa izango da.

GRAZIELA: (Boluntarioari) Aukeratu karta bat, begiratu ondo . Ikusi duzu? Ba orain gorde karta zure hankaren azpian.

( Musika sartu eta kontzentratzen hastean argiak piztuko zaizkio pentsamendu irakurtzaileari).

(Intrigako musika)

MAR: Bai, uste dut badatorkidala, kartaren imajina, bai, badut, bai, bai badatorkit. Karta… da. ….( eta Marrek karta asmatuko du, aurrez Grazielak bolondresaren bizkar atzetik, ezkutuan, ikusle zein Marri karta erakutsia baitio).

GRAZIELA: Primeran txalo bero bat gure Raimundori, eta hurrengo arte denoi.

MIR- MAR- MOR- GRAZIELA: Aguuuur.

(Eszenatokiko tramankulu denak jasoko dituzte, aulkia izan ezik).

IV. ESZENA
PAILAZOAK
“PAKITO – TXIMIST ETA KAURKOX PAILAZOAK”

( Musika alaia)

(Lehenengo pailazo bat sartuko da eszenatokira, Tximist, eta musika jarraituz koreografia barregarri bat egingo du eszenatokian. Bigarren bueltan beste pailazo bat jarriko da bere atzean, Pakito eta Tximistek egiten dituen koreografiak imitatuko ditu, Tximist ez da Pakitoren presentziaz ohartuko.Tximistek zerbait sumatzen duenean buelta emango du, ea norbait dagoen ikusteko baina ez du inor ikusiko eta aurrera jarraituko du koreografiarekin- geldialdietan musikari pause eman-3-4 geldialdi Pakito pailazoa deskubrituko arte)

1.PAILAZOA (Tximist): Aaaa zu zinen Pakitooo!! beti bezala adarra jo nahian!

2.PAILAZOA( Pakito): Bai ni nintzen, Tximist. Zer moduz aspaldikooo?

TXIMIST: (Eskuarekin jotzen saiatuko da baina Pakito behera jaitsi eta saihestu egingo du, gauza berbera bi aldiz).

( Beste musika batekin hirugarren pailazoa sartuko da, Kaurkox. Hau ere dantzan sartuko da. Beste bi pailazoek eszenatokiaren izkina batetik begiratuko dute. Eszenatokiko aulkian esertzera doanean Pakitok aulkia kenduko dio ...........).

3.PAILAZOA (KAURKOX): Baina Pakitooo? Zer nahi duzu hortzik gabe gelditzea? Gure Pakito beti adarra jotzen ( ikuslegoari).

TXIMIST: ( Eskuan esne-gainezko tarta batekin sartuko da) Begira zer aurkitu dudan hor atzean!

KAURKOX: ( Tximistengana hurbilduaz) Uuum! hori bai tarta goxoa! Pakito nahi al duzu probatu? Zatoz zatoz ikusi zein ederra dagoen…UMMMM ( behatzarekin esnegain pixka bat hartuz).

( Pakito hurbiltzen denean aurpegian tartarekin muturreko bat emango diote eta kanpora aterako dira bata bestearen atzetik)

(Pertsekuzio musika )

V.ESZENA

GIZON INDARTSUA

AURKEZLEA: Txalo zaparrada bat gure pailazoei. Eta orain sar dadila gure gizon indartsua.

( Gizon indartsua sartuko da bere muskuluak erakutsiaz ).

GIZON INDARTSUA: Egunon guztioi. Ni Karpof indartsua naiz, munduko gizonik indartsuena. ( Bere beso ondoak erakutsiko ditu, izugarrizko giharrak agertaraziz). Gaurkoan zuen aurrean erakustaldi txiki bat egingo dut. Ekar iezadazue gaurko beharrezko tresna.

( Bi laguntzaileak indar handia egiten ari diren keinuarekin zirkuetako bi boladun pisua aterako dute)

Ikusten duzuen pisu honek 375 kilo pisatzen ditu, baina hau igotzea huskeria bat da niretzat. Trist-trast batean igoko dut.

1.LAGUNTZAILEA: Oraingoan ez dugu isiltasunik behar.

2.LAGUNTZAILEA: Juxtu aurkakoa, gure gizon indartsua animatzea behar dugu.

1.LAGUNTZAILEA: Horretarako denok besoak gora altxatu eta txaloak ematen hasiko gara.

( Bi laguntzaileak besoak altxatuz ikusleei egin beharreko keinua errepikatuko die ).

2.LAGUNTZAILEA: Txaloak ematearekin batera bere izena ozenki errepikatuko dugu. Karpof! Karpof!

( Denak txaloak emanez Karpof animatzen duten bitartean pisua goraino igoko du berak ).

GIZON INDARTSUA: Eta orain are zailagoa esku bakarrarekin (esfortzu itxura egingo du eta pisua goraino igoko du ).

Orain beste eskuarekin

( eta igoko du ).

Beno eta bukatzeko…(eta malabar moduan bueltak emango dizkio..).

Hurrengo arte denoi.

LAGUNTZAILEAK: Izugarria da gure Karpof! Aiooo.

VI.ESZENA
MALABARISTAK

AURKEZLEA: Jaun-andreak, umeak eta ikuslego guztiarentzat oraingoan, txalo bero bat malabaristei.

(3 ikasle edo gehiago aterako dira binakako taldeetan eskuetan baloiak dituztelarik. Baloi hauek ahalik eta goren botako dituzte txistua entzundakoan eta bota duenaren ondokoak jasoko du. Ariketa ¾ aldiz errepikatuko dute.Ondoren, eskuetan pilotak atera eta malabareak egiten hasiko dira. Ahal bada batzuk errueda, pinoak edo antzekoak egingo dituzte).

( Musika bixia)

VII.ESZENA
ANIMALI HEZITZAILEA

AURKEZLEA: Hauek ere primeran egin dute. Eta orain ekialde urrunetik datorkigun animali hezitzailea eta bere lehoiak ikusteko aukera paregabea izango dugu. Sartu nahi duzuenean.

(Aurkezlea aurkezten dabilen bitartean, bi aktore sartuko dira tamaina desberdinetako aulkiak sakabanatuz eszenatokian).

ANIMALI HEZITZAILEA: Ni Bladimirov handia naiz, Ekialde urrunetik nator. Animaliak hezten urteak daramatzat. Era guztietako animaliak hezten ditut ,baina gaurkoan nire lehoiak ekarri ditut. Elkarrekin, zuen gustuko erakustaldi bat egitea espero dut. Sar daitezela nire lehoiak.

(Bi lehoiak eszenatokian sartuko dira).

Lehoiak guk bezala izenak dituzte eta gaur gure artean ditugunen izenak ondokoak dira: Luix eta Felix.

Aurrera Felix jar zaitez aulki gainean(GRRRAu, GRRau eginez aulkira hurbilduko da Felix lehoia eta gainera altxako da)

Eta orain Luix, aurrera Luix. (GRRRAu eta gainera altxako da).Txalo bero bat Luix eta Felixentzat. Eta orain are zailagoa aro barrutik pasako dira.

(Felix eta Luix bata bestearen atzean ipini eta Baldimirovek eusten duen aroaren barnetik pasako dira).

Eta hau izan da gaurko ikuskizuna, hurrengoan nire elefanteak ekarri ditut, goazen Felix, aurrera Luix. ( Kanpora aterako da agur eginez).

VIII.ESZENA
FAKIRRA

( Mustafa fakirraren abestia entzungo da eta eszenatokira Mustafa, bere bi laguntzaileak eta zirkoan parte hartu duten aktore denak dantzariz jantzita aterako dira).

Abestia MUSTAFA FAKIRRA

Mustafa fakirra, errege bizarduna
Mekatik Euskadira, gameluz etorria
Mustafaaa, faakirra(bis)
(Abestia amaitzean dantzari guztiak eszenatokiaren atzealdean eserita geldituko dira,
mustafa eta bere bi laguntzaileak eszenatokiaren erdian izango ditugu).

LAGUNTZAILEAK: Gu, Adel eta Ganex gara, Mustafaren laguntzaile eta dantzariak. Lehenengo Mustafaren ikuskizuna ikusiko dugu eta ondoren gure dantzarekin hasiko gara. Txalo bero bat Mustafarentzat.

MUSTAFA: Ni Mustafa fakirra naiz, iharra bezain abila. Gaurkoan nire boterea ikusteko aukera izango duzue. Nire txirularekin animaliarik indartsuenak samurtu eta dantzan ipintzen ditut.

(Laguntzaileek otar handi bat aterako dute, otarraren barnean ikasle bat egongo da bertatik sugea manipulatuko duelarik. Txirula bat emango diote Mustafari. Mustafak Txirula jo eta suge bat aterako da dantzan otarraren barnetik).

GANEX: Txalo bero bat Mustafarentzat. ( Otarra eta txirula jasoko ditu).

ADEL: Eta oraingoan are zailagoa, nire laguntzaileak ekarriko dituzten bi ezpatak nire sabelean sartuko ditut, odol isurketarik gabe. ( Laguntzaileei) Xamira, Adel ekarri itzazue ezpatak.

( Laguntzaileak ontzi handi bat hurbilduko dute eta handik Fakirrak ezpata handi bat aterako du. Jendearen aurrean ezpata handi hori erakutsi ondoren…).

GANEX: Gaurkoan ikusiko duzuena ez duzue inoiz ahaztuko.

ADEL: Mustafa benetako Fakir bat da, eta erakustaldi honetan kontzentratzeko guztion isiltasuna eskatzen dizuegu.

( Danbor hotsa entzungo da, erredoblea, eta Mustafak ontzitik lehen ezpata atera eta tripan sartuko du, ondoren gauza bere egingo du bigarrenarekin. Ezpatak libragailubentosa bidez tripan itsatsirik geldituko dira. Guztien barrea eraginez).

ADEL-GANEX: Txalo bero bat

AURKEZLEA: Eta Orain, Ganex, Adel eta bere taldeko dantzariak sabel dantzako ikuskizun paregabea eskainiko digute.

( Sabel dantza egingo dute dantzari denak).

AZKEN ESZENA

( Lehenengo eszenako eszenatokira bueltatuko gara, Lorea burua mahai gainean duelarik lo dago).

Lorea: ( Eskuan arkatza eta txorroskiloak dituela esnatuko da).

Hau bai amets ederra izan dudala ( aulkitik jaikiko da) .

Benetako zirkua zen nire ametsetakoa eta ni neu ere zirkoko parte nintzen dantzaria.

( Sabel dantza egiten hasiko da). Baina ametsetako zirkoan ez zegoen elefanterik .

Horixe izango da bai nire etxeko lana eta izenburua zein izango den ere badakit.

“ Elefanterik gabeko zirkoa” banoa idaztera.(koadernoa hartu eta idazten hasiko da).

( Azken musika denok kanpora irten eta agurra emateko musika martxosoa)

AMAIERA 

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago