Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 
BOLIGRAFOAREN GORPUTZA 

Larunbatero erreparatzen diot nire aldameneko ikaskidearen boligrafoari, larunbatero emakume baten gorputza imajinatzen dut boligrafo horretan.

Deskribatu egin beharko banu, zera esango nuke:


Gorputz sendoa du,
 forma aberatsak,
atal ezberdinez osatua,
ondo bereiztuak azaltzen direnak.
Goialdetik fina da, buru txikia du, bular txikikoa da,
bere gerrialde meharrak modelo baten antza ematen dio, liraina oso.

Sabel aldera, ordea, borobildua dago, Boteroren eskultura baten irudiko.
Hankak berriz, meheak ditu, arin ibiltzeko prest daudenak, segur aski.

Koloreak ere baditu, grisa eta laranja; grisa, zeru hodeitsuaren antzera, laranja berriz, eguzkia mendebaldetik ezkutatzear dagoen arratsaren kolorekoa.

Larunbatero, momentu desberdinetan erreparatzen diot, batzuetan lasai egoten da, geldi, esperoan mahaiaren gainean, deskantsatzen egongo balitz bezala hurrengo ekintzaren zain. Besteetan, nire ikaskidearen behatzek sostengatu egiten dute eta dantza egiten hasten dira, paperaren gainean, mugitzerakoan irudiak marrazten, artazi dotoreak egiten, izotz pistaren irristalarien antzera.

Kanpoko itxura horrelakoa du.

Barrutik, zainetan odol urdina izan arren, ez du erregina baten irudia, ezta beharrik ere, bizimodu arrunta darama, langile batena, baino ez da horretaz kexatzen, duenarekin disfrutatzen saiatzen baita; gustatzen zaio nire ikaskidearen patrikan ibiltzea, espazio desberdinetara eramaten duelako, esperientzia berriak izateko aukera emanez.

Batez ere, gogoko ditu Bergarako goizak,  gogoko du gelan egotea, gogoko du gehien bat, dantza egiten hasten direnean; gogoko ditu paper zuriaren gainean pausatutako mugimenduak, gogoko ditu etengabeko jauziak.

Eta pentsatzen du bizidunen mundua ez dela hain txarra, oraindik badaudela uneak bizitzaz gozatzeko eta zoriontsu sentitzeko, goiz bateko instante batez bada sikiera.

Carmen Valois 

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago