Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 
jon1a.gif
I. SARRERA
Errotak mundu zein Euskal Herri mailako industria tradizionalaren adibiderik argienetakoa dira. Lur ekonomian oinarritutako bizitzeko erari eta, Euskal Herriaren kasuan, gehienbat garia eta artoa lortzera bideratuta dagoen nekazaritzari guztiz lotuta azaltzen dira errotak.

Nekazal mundua hilzorian sartzeak errotarrien geratzea eta erroten amaiera ekarri du. Ander Manterolak dioenez, norbaitek lan bat utzi arren lanbideak jarraitu egiten zuela adierazteko honako esaera hau erabiltzen zen Zeanurin: “gu hil eta gero be, zorroak errotara joango dira”. Gaur egun, esaera hori ezin zaie egokitu errotariei, gure zibilizazioak eta aurrerakuntzek lanbide hau ia erabat desagertaraztea ekarri baitute. Zoritxarrez, errotari zahar batek esan zuena egia bihurtu da: “errotak eurek joango dira gu baino lehenago”. Errotak ez ezik, eurekin batera errotariak ere desagertzen ari dira, eta Zeanurin jadanik ezin da aurkitu lanbide horretatik bizi den profesionalik.

Erroten eta errotarien desagerpena azken berrogeita hamar urteotan gertatu diren aldaketen isla baino ez da. Gainera, azken errotarien desagerpenarekin batera, bizirauteko era bat, ohitura batzuk, mitoak eta, oro har, bizitza ulertzeko era bat ere galduko da.
 
Erroten historiari eta errota mota ezberdinei buruzko gainbegiratu batekin hasten da ikerketa hau, errota hidraulikoetan egituran sakonduz jarraitzeko; ondoren, Zeanuriko kasuaren azterketa egiten da, udalerri honetako errotak —denak hidarulikoak—identifikatuz eta euren biografia laburra eginez. Ikerketaren bigarren atalean Zeanuriko zein euskal landa-eremuko kultura aurreindustrialaren adibide adierazgarritzat har daitekeen Olabarriko errotaren azterketan  sakontzen da.
 
Kontuan izanik errotagintzaren desagerpenarekin, lanbide honetako hitz teknikoak ere galtzeko bidean daudela, azken atalean, ikerketa-lanean zehar agertu diren hitz berezi horien hiztegia biltzen da, kontzeptu bakoitzaren esanahia argituz. Ikerketatik ateratako ondorioekin, eta gaur egun errotek bizi duten egoera larriaren testuinguruan, euren babespena eta kontserbazioa ziurtatzeko, etorkizunera begira jarrai daitezkeen hiru irtenbide proposatuz ematen zaio amaiera lanari.

Metodologiari dagokionez, jarraitu diren urratsak honako hauek izan dira:

1- Gaiari buruzko informazioaren bilaketa.

2- Bildutako informazioaren irakurketa eta azterketa sakona egitea.

3- Bertatik bertarako lana: Zeanuriko errota guztiak bisitatzea eta argazkiak egitea. Aldi berean, errotei     buruz informazioa ezagutzen zutenekin elkarrizketak egin dira, zalantzak argitzeko eta ordura arte         bildutako informazioa osatzeko. Aditasun berezia jarri da Olabarriko errotaren azterketa egiterakoan,     eta hainbat elkarrizketa egin zaie jabeak diren Pujana familiako kideei.

4- Bildutako informazio guztia antolatzea eta idaztea.

Zeanuriko errotak. Olabarriko errota ikerlan hau egiteak Zeanuriko iragan aurre industrialaren lekuko diren errotak ezagutzeko aukera ezin hobea eskaintzen du.
 
botoia1


 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago