Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

MONOGENISMOA ETA POLIGENISMOA AURREZ AURRE

atapuerca5  

Argazkia Wikipediatik hartuta ,

Homo habilis baten burezurra da.

 
Gizakiaren jatorriari buruz bi izan dira proposatutako hipotesiak: lehenengoan, leku batean; eta, bigarrenean, leku anitzetan batera-edo sortuak izan ziren. Monogenismoa eta poligenismoa izan dira antzinako doktrina antropologiakoak, hain zuzen.

Bi abisu.

1) Ikusi dugunez, badirudi, Adan eta Evaren kontu mitologiko horrek bere eragina duela; baina, istorio honek argi uzten duena  hau da: lehenengo gizonaren ideia; Jainkoak lehenik eta behin Adan egin zuelako, eta gero, Eva. Eta istorio honek zientziaren arloan lekurik ez badu ere, beti lehenengo gizakiaren bila gabiltzala ematen du. Hala balitz, akats larria izango litzateke, zeren eboluzioaren teorian belaunaldi bati hau bezalako belaunaldi batek jarraitzen baitio, eta kontuan hartzen badugu honako prozesu hau gertatzeko ehunka eta milaka lagun behar direla, nola bereizi Eva hori hamaika lagunen artean?

2) Beste aldetik, ez dakit zenbateraino baldintzatuta gauden gizakia nolakoa den aztertzean eta, ezaugarriz ezaugarri, sailkatzean; hainbeste izan dira gaiztakeriak, jazarpenak eta hain latzak eta ankerrak arrazaren izenean egin direnak, ze, mendetan zehar izandako arrazakeriagatik, badirudi gaur inor ez dela ausartzen hitz hori aipatzera. Gaur arraza aipatu, eta arrazista zarela entzun behar! Jakintsuenek esango digute: zer da arraza bat? Eta segituan: arraza berakoa dira pigmeoak eta maasaiak? Galdera onak dira, zalantzarik gabe, ongi erakusten digutelako gaiaren korapiloa. Hala ere, azaldu behar da zergatik Afrikako biztanleak beltzak diren; Asiatikoak, horiak; eta Europarrak, zuriak;... A!... eta, ez ahaztu: Amerikakoak, gorriak; lehen esaten zen bezala.

Monogenismoari kritika.

Lehenengo hipotesian, gizabanakoen fosil zaharrenak Afrikan aurkitutakoak direnez, bada, gizakiaren sorrera Afrikan kokatuta izan da; gero, Asian ere zahar-zaharrak aurkitu zituzten, baina, zalantzatan egon ondoren, lehenengoari eutsi! Gainera, hipotesi honetan ez zegoen zalantzarako lekurik, eta zeure buruari galdetuko bazenio zer koloretakoa zen Afrikatik mundura abiatu ziren gizabanakoen larrua, galdera inozoa zelako sentsazioa izango zenuke, dena argi eta garbi azalduta baitago. Pigmentu bateko kontua dela diote eta eguzkiaren izpi ultramoreak direla eta, larrua babesteko, kolorea aldatuz joan omen zen. Hau soluzio borobila! Horrela izanez gero, ekuatorean bizi zirenak beltzenak izan behar zuten leku guztietan eta, poloetara joan ahala, bai iparreko, bai hegoaldeko biztanleak, zurituz joan beharko zuten.

Baina, nire ustez, gauzak ez dira horrela izan; kolorearen aldaketak ez du zer ikusirik izan paraleloekin, zeren eta hala izan balitz, Hego Afrikako antzinako biztanleak, esate baterako, beltzak izan beharrean, ia zuriak izan beharko ziratekeen. Eta hori bakarrik izango balitz! Nola interpretatu hainbeste ezaugarri bereizgarri: altuera desberdinak, begiak, sudurrak...?
Ikusten duguna zera da: kontinente bakoitzean, ezaugarriz ezaugarri, koherentzia bat dagoela dirudi. Agian, ez da beharrezkoa izango arrazaz hitz egitea; denok espezie berekoa garela zalantzarik ez baitago! Baina, gizon eta emakume bat ikusi bezain pronto, edonork aipa dezake nongoak diren edo haien jatorria non dagoen. Beraz, agian, hitz egin beharko genuke Europako gizakiaz, Afrikakoaz, Asiakoaz, eta Amerikako eta Ozeaniakoaz.

Eta nola mantendu teoria hori eta, aldi berean, baieztatu Neanderthal eta Cro-Magnon gizakiek ez dutela segidarik izan, eta gizaki desberdinak direla! Tira, Afrikatik beste uholde bat aipatu, eta nahikoa! Niretzat horrek ez du, ez hanka, ez buru! Ez da harritzekoa Homo sapiens eta Homo sapiens sapiens izatea!

Poligenismoari kritika.

Gaurko gizon-emakumeak espezie berekoak dira. Nola liteke jatorri desberdina onartuz gero, espezie berekoak izatea? Hori da oztopo nagusia? Bada, geneak konpartituz, jakina! Ezinbestekoa da jakitea nola konpartitzen ahal den eta nola zabaltzen ahal den genetika-informazioa.

Hori ulertzeko, adibide gisa, azken urteotan HIESa munduan zehar nola zabaldu den aztertzea lagungarri izango litzaiguke gure geneek nola bidaiatu zuten jakiteko. Esango didazue gaurko garraiobideekin urtean egundoko bidaiari kopurua dugula. Hala da, urte batean, bidaiariak milioika kontatzen dira eta, gure adibidean, horixe izango da kopuru handiena; eta urteenak, txikiena.

Zenbat urte igaro dira gaixotasun hau hasi zenetik? Berrogei? Baina, adibidean beste faktore bat sartu behar dugu: gaixotasuna ezagutu bezain pronto, munduko estatuburuak hasi ziren neurriak eta aholkuak zabaltzen jendea kutsa ez zedin. Hala ere, harrigarriena da hain denbora laburrean zenbat kutsatu diren bere herritik mugitu gabe! Berrogei urteren buruan, mundu osoan, gaur egun 38.6 milioi pertsona kutsatuta daude...

Eta orain egin behar duguna bidaiarien kopurua murriztea da; zenbateraino? Eman dezagun paleolitikoko tribu bateko biztanleak garela eta ia gure herritik mugitu gabe bizia egiten dugula; orain falta zaiguna ondoko herriekin ditugun harremanak sartzea –amodio istorioak lagunen eta etsaien artean; gerratan, bortxaketak...–; eta horrela urteak joan urteak etorri, zenbat urte? Milaka, noski!... Urteak pasa dira bai, milioika, gizakia, Homo sapiens sapiens, agertu arte!

Nik uste dut, adibide ona dela konturatzeko nola bidaiatzen ahal diren geneak; ez dela beharrezkoa Afrikako edo Asiako punta batetik Europako beste puntaraino bidaiariak izatea geneak zabaltzeko; eta, gainera, gehitu beharko genuke, adibidean bezala, hedapen hori norabide guztietan gertatu izan zela.
botoia1

 

J.M. Munarriz

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago