Bihar ez da gaur
Farola batek argiztatzen ditu berriz,
bere leihoko landare zelatariak:
orain katu gosetien eta zabor poltsen
iragana direnak.
Parkeko zuhaitzek
negar egiten zioten hodei gris hari,
haizeak mozten zuen bezala,
ilargiak itzalari errua botatzen
jarraituko du,
baina belarrak barkatuko ote zion
kendutako inozentziari?
leku berean jarraituko zukeen
as time goes by abesten, my friend?
Zabor emozionalak trenei ihes egiten
uzten zien geltokian,
oroimena zer da,
atzo gaur etorrita?
Gutxietsitako bizitza
benetan ez itzultzeko joan ote zen?
Eta neuk ere badakit,
horrela idaztea ez dela idaztea,
“orain den argia urrun dago
orduko neguaren aldera”, esango bazenute.
Eta badirau,
haize zirimola batean bildurik
enegarrenez,
bi punturen arteko talka ikusezinak.
Zuhaitz konplizeak baina, ez dira lekuz mugitu oraino.
Eta galdetuko dute
eta xuxurlatu
eta oihukatuko,
eta ikusi nahiko genukeena
ez da sekula ikusi genuena izango,
betiko bisaien amenazu zaharberrituetan
txantxangorrien hegal minberak
estaltzen jarraitzen dutelako beti.
Ez horregatik gehiago - baizik eta
horregatik - ;
ez zegoelako besterik
besterik gabe,
eta ez genuelako barkatzen zuen ama bihotzik,
ulertu arte
lagunak, suteak, eta etorriak.
Horregatik beharbada,
eta Samen itzalak utzitako
beste kanturen bat besterik ez delako izango, -edo hori edo egunsentiak
desberdin harrapatu gintuelako-
gaur naizen hauxe berau,
eta gero zu,
baldin eta beti ere, orain eta gainontzekoak.