Besterik baino ez
Bai,
esango dute
ulerkaitza suertatzen naizela
kontrako argudiorik eman beharrik gabe,
bai.
Esango dute,
ez nituela nahi adina erakutsi
nire hezur eta mamiak
gauerdiko hamabietan,
eta berdin berdin ateratzen zaidala
kaka uzkitik.
ederregia nintzela
horrorearen eskuetan erortzeko,
ez nitzakeela inondik ere maita
halako leku eta basakeriak.
Esango dute,
ez nuela behar adina hitz erabili,
gaua zela eta lausotasunak
hartu zuela biharamuna,
tantak bezala jausten zirela,
amildegietatik behera
zeru zikinera.
Bai,
esango dute
delikatuegia dela
zetazko soineko honen taktua,
emakume gorputza dudala
eta mokofinek bakarrik usain dezaketela
ene arima.
Transa naiz, ordea,
transgredentziaz;
bai.
Esango dute, baietz,
haiek ere jasan zutela
biolentziaren bortxa,
nahiz eta inor, inon,
inoiz,
ikuska ibili ez.
Jada badakit
esango dutela, bai,
idatzi ez dudana.
Bai,
ni naiz,
zu
deitoratzera,
destatzera,
lerratzera,
natorren poesia. BAI.