Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Jon Zaharra

7K1284Ilustrazioa: Kristina FernandezHotza, hotza duk aldaketarik handiena. Ez dakik zer den hotz izatea ordura arte; nekea espero duk, baldartzea, baina hotza... Zer diren gauzak. Lehen ez nioan beldurrik. Ez, iritsi arte ez dakik zer den hezurrak hotz izatea, ez izatea babesik, aterperik, berorik.

Oroitzen, lehengo eguzkia? Haren eztia, haren epela. Orduan haizeak laztan egiten zian, azala leuntzen. Harekin edozertarako gai ninduan, barrenean nian indarra. Joana duk, joana, hura ere.

Adio eguzkiari, haize goxoari, inoizko beroari. Zakartuak dituk jada. Gorde zuan eguzkia, ankertu haizea. Hezurretaraino sartzen zaizkidak ziztadak, arropen zirrikituetatik bidea aurkitzen, erraz, errazegi. Inoiz izan al ninduan goxo, ala irudipena baino ez duk?

Hotzak eraman zian lehena, Martin. Jatorra, mutila. Oreka-jolasak zitian gustuko, behin ere ez nian galtzen ikusi. Beti zegoan prest denerako; ausarta zuan, inon halakorik bazen. Ausardiatik ausarkeriara oso gutxi zagok, ordea: denborak irakasten dik aldea, eta hark goizegi egin zian huts lezioa ikasteko. Ez zian ikusten jakin denborak aurrera egiten duela, ez zegoan prest, eta hotza sartu zitzaioan, hotz madarikatua, hezurretaraino. Dar-dar batean zegoan, azkenekoz ikusi nuenean; ez zian askoz gehiago iraun.

Eskerrak ez ninduan agurrean egon. Orain agur zezakeat azken zigarro batekin, kale abandonatuko bakardadean, farolaren zehar-argia lagun bakar. Ea, laster altxatu beharko diat, hobe hastea. Eutsi, bazakiat ez dudala lehenengoan lortuko. Nahikoa duk oraingoan hankak bere tokian kokatzea, bizkarra tentetzea. Ez duk gutxi.

Martin gizajoa, ez zian hau ezagutu. Ezagutuko zian Txomini entzun izan balio. Txomin, taldeko zaintzailea, salbu hintzen hura gertu bazen, gure ganoragabekeriak neurtzen. Hobe zian bere burua zaindu balu besteok adina; baina hainbeste behar zian gure onespena, babesa... Eta gu baliatu egin gintuan hartaz, bai, garaiko beroaldian lotsagabe. Inozo halakoa, oraindik hemen hengoke, baina ez, Martini lagundu behar, eta hala, bakarra galdu beharrean biok joan zineten.

Putza, hire hutsak leku handiagoa utzi zian hik inoiz bete huena baino. Askorik konturatu gabeak gintuan zenbateraino behar hindugun falta izan arte. Laster hasi gintuan sakabanatzen, haserretzen, erretzen, ezpain arteko zigarro muturra bezala. Kuriosoa duk, zigarroa duk haizeak hoztu ezin duen gauza bakarra, hire osasunak horretan ere axolako ez balio bezala. Egin hasperen, baina badakik horrela dela.

Saiatuko al nauk altxatzen? Ahul ditiat zangoak, agian ez naitek eutsiko, baina saiatu beharko, lehenago edo geroago. Heldu bankuari, eskuetan oraindik badiat indarrik, eta... Uf! Alferrik, mundua biraka, arnasa falta, dardara itzuli zaidak belaunetara. Algara irten zaidak, lehor. Pentsatzea ere jaikitze hutsa honenbeste kosta behar zitzaidana... Honetan bukatu al diat?

Abisatu zidaan Mirenek. Tira, ia mehatxua izan zuan, bera ere joan aurretik. Zuzena zuan Miren; zuzenegia, agian. Ez zian ondo jasan besteak atzean utzi izana, beraiek gabe jarraitu izana. Ezin zian onartu joanak zirela, ez zirela itzuliko deika ibiliagatik. Ezin zian onartu aurreranzko bide bakarra joanei joaten uztea zela. Hori izan zuan bere galbidea: hotzari eusteko gai izan, baina bestelako haizeek eraman zitean...

Batera joan zituan hura eta Arantxa. Ibili ohi ziren bezala egin zitean azken bidaia ere: elkarrekin. Ezin bata gelditu bestea gabe, eta nahiago izan zitean elkarrekin bukatu. Iseka egiten niean, ea nor bere aldetik ibiltzeko gai ez ote ziren-edo; egia duk, sekula ez zituan ausartu banaka ibiltzen, baina, barren-barrenean, bazakiat inbidia ari zela hizketan. Bakarrik sentitu behar izan diat horretaz jabetzeko.

Saiatu ninduan noiz edo noiz maitatzen; errazagoa zuan maitatua izaten uztea baino. Izan nian aukerarik, baita galdurik ere; ausartu gaberik, gehienak. Orain, orain ikusten diat zeinen bestelakoa zatekeen bidea beste norbaitekin bukatzea, amaiera goxatu ahal izatea.

Ari nauk berriz ere mainaka. Ez zagok besterik, aukera bakoitzak dik bere prezioa. Honaino iritsi nahi izan diat, eta bidea bakartia duk.

Gezurra. Ez nian iritsi nahi: ez nian jakin noiz gelditu, gainbehera hasi arte.

Hasieran ez nioan garrantzirik eman, edo eman nahi izan. Gehixeago kostatzen zitzaidaan gauzez oroitzea, eta? Eta zer, hitzak trabatzen bazitzaizkidan, ibilera okertzen, begiak lausotzen? Bazegoan okerragorik, jarraitu nezakean. Jarraitu ezin izan nian arte.

Hemen nagok orain, banku hotz honetan, hezurrei eutsi ezinik.

Garbitzaileen mangera hotsak jakinarazi zidak ordua. Aspaldi ahituriko zigarrokina bota eta presta nadin azken bidaiarako. Azken kanta, bidea alaitzeko.

Kostata jaiki nauk, bigarrenean. Arraioa, hau lorpena izatea ere...! Gora, zeharkatu kale hutsa aldaroka, goizeko lehen argiak lagun.

Makurtu nauk gelditu berria den autora, nekez, berriro tentetzea zenbat kostako zaidan pentsatu ere egin nahi gabe.

– Txata... Txara... munto kale... kalera, mse...(hip!)...dez?

– Sartu, baina botakarik ez taxian, ados? Aurrekoarena garbitu berri diat. Mozkor zorionekoak...

 

Idazleari buruz...

Iñaki Dorronsoro Maioz (Ataun, 1994). “Oso jatorra, isiltzen denean”. Ataungo gehientsuenak; galdetu bertan.
“Hi haiz tontoa!” - Bere lagun mina. Ez egin kasurik, bera ere ez da libratzen. “Horretan ere aritzen al da, ba?” - Nahi baino jende gehiago.
“Zein?” - Ezagutzen ez zuen tipo bat.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago