Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Amua irentsi, badaezpada 

7K1122Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Goizean goiz, arrandegira sartu eta hiru lagunek protokoloak betetzeko egina zuten ilara luzean azkena jarri naiz. Erakusleihoaz kanpora, pareko zuhaitzari lotuta zain zegoen txakur txiki bati begira, neure burua bisigu biren ondoan ikusi dut kristalean erdi islaturik. Bat-batean otu zait, pertsonek eta beren ardurapeko txakurrek antza izaten dutela esan ohi denez, asmatu ahal izango nuela erakusmahaian zeudenetatik zein arrain adoptatuko nukeen. Segituan bata bestearen atzetik etorri zaizkit burura familiakoak, lagunak eta etsaiak; herriak eta herrialdeak. Eta parez pare neukan itsaskiari erreparatu diot.

Otarrainak, 120 euro. Gure ozeano honetan –eta ari naiz, oro har, kaukasoarrak gehiengo gaituen munduaren parterik handienaz– pertsona zuzenak otarrainak bagina bezala bizi izan gara, eta kiloko 120 euro balio dugun ustetik erreparatu diegu munduko gainontzeko biztanleei, bizitza askoz merkeagoak dituztenez.

Abakandoak, 45 euro. Egoera ekonomiko estuxeagoan bizi izan direnak, agian, konformatuko dira abakando izatearekin; hala ere, haien bizia otarrainaren prezioan salduko balitz bezala begiratu diete beste kolore batekoei, haiek baino pobreagoei edo ai!... zoritxarreko gerra ezagutzen duten gaixo horiei.

Saltzailea angula sasoiaz hizketan aritu da. Nola jakin, otarrainen populu noblean zenbatek amestu duten angula izatea, etxeko intimitatean inork ikusten ez dituenean edo korrika ari diren bitartean hausnarrean. Areago, ez ote da ezinezkoa jakitea zenbatek zituzten eginak planak politikan, enpresan, ikerkuntzan, interneten, angula bilakatzea egingarri izan zedin, eta plan horiek zer preziotan gauzatuko ziren. Gaziak dira perspektibak, esklusibotasuna ez baita merkea; trukean sakrifizioa eskatzen du, eta ez bakarrik interesatuarena. Aldiz, eta hori da kezkatzekoa, inguratzen duen ekosistema osoa jarri ohi du kolokan, larrialdi klimatikoak etengabe gogorarazten digunez.

Eztarrian azkura sentitu dut, eztulari eusteko larri.

Kontuak zer diren, izaki ezdeus batek eragin du tsunamia. Hasieran, otarrainok ohiko aldaretik kritikatu genuen txinatarren jarduna eta hartutako neurri denak desegokitzat jo genituen gehiegizkoak zirelakoan, demokrazia kontuetan adituak garenez; ezeztapen fasean sartu ginen gero, gure modukoei horrelakorik gertatu ezin zitzaigula sinistuta; finean, jaitsi ginen (edo jaitsarazi gintuzten) gure oinarritik eta besteek lehenago hartutako neurriak kopiatu genituen.

Hiltzeko beldurrak berdinduta eta zortzietako txalo zaparrada eta kantuek bigunduta, irudi izan du, ispilu aurrean umil, gu ere ganbak baino ez garela onartzekotan izan garela; ez txikitan Gabon gauean jaten genituen noizbehinkako berezi haiek, ez, baizik eta mundu osoko jatetxe popularretan arrozarekin batera zerbitzatzen dituzten ganba arruntak. Ganbak, 13 euro.

Nire txanda iristear zela atera naiz arrandegitik, antropofagian ari nintzelakoan, zer arrain klase jan nahi nuen erabaki ezinean.

pdf2Arratsean, laguna eta biok betiko bidean atera gara paseo normal berrian eta nire burutazioen hariari bukaera arte lagundu diogu.

-Baina umiltasun molde horiek ahuntzaren gauerdiko lilurak baino ez dira izan, arrain-sardaren laguntzarik gabe bizitzeko ahalmena zorroztu ahala, askeago sentiarazten gaituzten itsaso honetan. Hala ere –bukatu dut–, angula izan nahi duenak gogoan izan behar luke bere etorkizuna kolokan dagoela. Gure munduak aldaketak bizi ditu, eta hauek bereziki tematzen ari dira sentiberak diren espezieekin. Ganbak, bistan denez, adaptatzeko gaitasun handiagoa dauka.

Esan nahi baita, munduko langileok aldaketa klimatikoaren larria baliatu behar dugula gutxi batzuk gehiengoaren kontura bizi ez daitezen.

-Ganbak? –harritu da laguna–. Badaezpada, ezta planktona ere! –harritu nau ni–.

-Badaezpada?

-Beldurra eta badaezpadakoak lagun minak dira, eta izua izurrite ere badenez, badaezpadako neurriz bete digute bizitza bat-batean. Zer gerta ere, agindutako guztiari men egin diogu, seguruago sentitzeak osasuntsuago egotea ekarriko balu bezala. Ezbairik gabe, erraz. Ur nahasitan arrantzan egin nahi duenari, bidea ondo marraztu diogu: menpekoago izateko prest gaude, seguruago sentitutako bagara.

Hasperen egin du.

-Ondo etxekotutako ontziko arrain garela frogatu dugu; ur garbitan igeri egin ahal izatea, edo ipurdia garbitu ahal izatea nahiago bada, aske izatea baino garrantzitsuagoak dira.

Etxean bueltan, amua janda tonto ontzira erori banintz bezala sentitu naiz. Mostradorean 52 euroan salgai zeukaten hegaluzea ere antzeko sentituko al zen.

Hiriko biztanleak ur gainean egonean irudikatu ditut, bakoitza bere burbuilan akaso, eroso flotatzen.

Eta sare pelagikoek erraz harrapatuko gintuzketela ulertu dut.

 

Idazleari buruz...

De Arbina Berasategi, Gure Lopez

Ea idazle eskolan korapiloak hitzen bidez askatzen ikasten dugun. Eta korapiloak utzitako hutsunea betetzera bagoaz, ahal dela gozatuz eta gozatzeko izan dadila.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli