Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Uda gau bateko ametsa?

7k1016Ilustrazioa: Cristina Fernandez Bizilaguna esekitako arropa jasotzen hastearekin batera heldu zaio Nagoreri laguna atari parera. Ez du tinbrerik erantzun eta etxea inguratu du lagunak, gora begira. Gurasoekin afaltzen ari da, balkoian. «Nagore!», deitu dio etxe azpitik, erreskatean. Seguru binaka jaitsi dituela eskailerak, nerabezaroan lagunekin elkartzeak sortzen duen premia horrekin. Salto batean besarkatu du laguna, aspaldian ikusi gabe egon izan balira bezala, txaketa beltza superheroi baten kapa bezala dantzan. Gurasoek esango zioten janzteko, fresko dagoela kanpoan. Praka motz-motzak daramatza eta beheraka egin die, izterrak pixka bat estali nahian. Oso ederrak ditu, berak ez dakien arren. Lagunari eskutik heldu eta badoaz, parkera edo, baina istant txiki batez, ia oharkabean, begiratu egin du. Rimmel-begi haiek erdi itxirik begiratu dute tabernara, «heldu aspergarri hauek zeri begira daude» pentsatuz bezala.

Parkera iristean kuadrilla izango dute zain bertan, bankuetan eserita, txokolatezko izozkiei urtzeko denborarik utzi gabe. Josuk ez ikusiarena egingo du, aspaldi gerturatzen ikusi badu ere. Ohituta dago Nagore, badaki ikusi duela eta hala ere bere buruan duen segurtasunik ezak astinduko du. Egiazkoa al da hori guztia? Taldean nahasiko dira eta ozenegi hitz egingo dute, lotsarik gabe barre. Pixkanaka lagunak desagertzen hasiko dira, aitzakia onak pentsatzeko lanik hartu gabe, ozarkeriaz. Parkea iluna eta isila egingo zaio bat-batean Nagoreri, harik eta Josuri algara lotsati batek ihes egingo dion arte, Nagoreri falta zitzaion konfiantza itzuliz. Aurpegira begiratu ezinik luzatuko du eskua, mutilarenaren bila eta biak lasaituko dira onespen keinu horrekin. Josuk eztarria garbituko du motorrean etorri dela azaltzeko, bi kasko ekarri dituela, badaezpada. Gorritu egingo zaizkio masailak hori esaterakoan, nabarmen geratu delako. Nagorek bularraldean handitzen ari den bola sumatuko du, salto egitera eramango lukeena, garrasi egitera. Motorrera igoko dira, hotzak eta urduritasunak oilo ipurdia jarriko die begiratokira bidean. Kilker hotsek eta herriko etxeetako argiek eszenatoki magikoa egiten dutela pentsaraziko diote Nagoreri, dardarka kaskoa motor gainean uzten ari denean. Begietara begiratu gabe besarkatuko dute elkar barandaren kontra, iluntasuna eskertuz, hitz egitera ausartu gabe. Bataren ezpainek zalantzaz bilatuko dituzte bestearenak, baldar. Poliki bilatuko dute euren erritmoa, arnasak estutuz joango dira. Josuk txaketa eta lotsa erantziko dizkio Nagoreri, Nagorek lepoa eta arima laztanduko dizkio Josuri. Bizia horixe dela sentituko du Nagorek: Josu, begiratokia, kilker hotsak eta bera. Une hura poto batean gordeko luke, nahi duen guztietan ikusi, usaindu eta dastatzeko, inoiz bukatu ez dadin. Badaki inoiz ez duela berriz halakorik sentituko, sentimenduek gain hartzen diote eta ezin dute gorago egin, ezinezkoa da.

Ebakia luzatu dit Sarak, ilargian nengoen, Anderrek txistea egin du horren inguruan. Bigarren txistea gaurko gauean, zorrotz begiratu diot, ea konturatzen den ez didala graziarik egin. Zigarroa pizten ari da, ez da konturatu. Esku ahurrak lehortu ditut galtzetan, ez naiz motzak erabiltzera ausartzen orain, ez ditut lehengo hankak. «Zuk ez egin barre, etxean horrelaxe egoten zara eta, ilargian», Sarak Josuri. Etxeko lanen banaketaren inguruko eztabaida aspergarria, gaueroko berdina. Azukre poltsatxo osoa bota diot ebakiari. Pozoia omen da, baina gauak gozo beharra du. Gau gehienek dute gozo beharra, azkenaldian. Josuk purrustada egin dio Sarari azkenean eta Anderri lantokiko anekdota bat kontatzen hasi zaio. Sararen senarrari begira geratu natzaio une batez, ezberdin ikusi dut, beste bat dela iruditu zait, aspaldian ikusi gabe neukan bat. Josu. Josu besterik ez, ez jainko bat, ez munduko mutilik txundigarriena, ezta bakarra ere. Josu besterik ez, ilea galtzen hasita, eta aldi berean, motorrean munduaren amaieraraino eramaten ninduen hura. Anderri grazia handia egin dio anekdotak. Ander ere aldatu da, azkeneko urteetan. Guztiok aldatu gara. Ez dugu hain ozen egiten barre, bizilagunak kexatuko zaizkigu; ez gara inori begietara begiratzeagatik dardarka jarriko; ez dugu begiratokiko klandestinitatearen beharrik, ez gara ezkutatzen.

Koilaratxoarekin bueltatxoak eman dizkiot azukreari, nola nahasten den begira. Bizitzak ere horrelaxe ematen ditu bueltak, espero gabekoak. Josu, Ander, Sara. Begiratokia, kafetegia. Inoiz bukatuko ez zirela pentsatzen ditugunak bukatu egiten dira, eta berriak hasten dira, berririk egongo ez dela pentsatzen dugunean. Esperantzak hil eta jaio egiten dira. Jaio eta hil. Ametsek oinak lurrean jartzen dituzte, errealitateak beheraka egiten die tira.

«Joango gara etxera, Nagore?», Anderrek eskua jarri dit belaunean, broma gehiegi egin ote dituen neurtu nahian. Begietara begiratu diot, guapo dago polo urdinarekin. Guapoago, ardura aurpegiarekin. Irribarre egin diot, baina ez. Ez daukat gogorik oraindik, nerabeak etxera bueltatu zain geratuko naiz.

Amaia Telleria Mujika

Idiazabalen jaioa da 1993an. Irakasle lanetan dabilen arren, bere beste zaletasunarentzat tarteak bilatzen saiatzen da: idazketarentzat.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago