Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
HITZEN OHIARTZUNA
   
Irudia: Kristina Fernandez    
     

Eguna haste da eta begiak ireki ez ditudan arren, berehala ohartu naiz alboan inor ez dudala. Konturatu gabe alde egin didan beste gorputz bat; goizaldeak izututa bizi den beste printze urdin bat esnatzen naizenetan patetikoki faltan sumatzen dudana. Baliteke gizon-otso bihurtzearen beldurrez hanka egin izana, agurtze musu deseroso bat aurreztearren edo norbait etxean zain izango zuelako Batek jakin.

Egerdiko hamabiak aldera ausartu naiz egunari eusten; kuleroak jantzi, kamiseta bilatu eta txakurrari jaten eman ostean, kafesne goxo bat prestatu dut buruko minarentzat. Kaletera mahai gainean uztera noala, paper pusketa bar aurkitu dut: << Distantziak txikitzearren egiten dut, bakardade gordinik ez sentitzeko; mingarria zait eta... Gozatu, ez galt utzi! >>.

Zur eta lur. Duela ordu erdi bat nire ohean falta zen ezezaguna, bat-batean ez dut hain arrotz sentitzen Idatzi dizkidan hitzek ni ezagutzera jostatzen baitute; egia esan ezinak esatera. Nik ere distantziak mozteko egin dut larrutan hilabete hauetan guztietan, azala azalaren kontra, gorputz biluzien dantza gezurti batean. Eta badirudi mutil honek ere sexu-gauak dituela flotagailu.

Duela zenbat denbora alde egin ote duen pentsatzeari ekin diot eta hi aldiz pentsatu gabe kalera abiatu naiz, ilea sapar eta ilusioa dantzan. Imajinatzen dut... bera zebra bidea pasatzen eta ni oihuka: << Itxoin! Ezin duzu besterik gabe alde egin; ez hori idatzi ondoren!>>. Berak buelta erdia emango du eta korrika hurbilduko zait, bere beso sendoez nire gorputz txikia inguratzera; lepo guztian zehar musukatzen nauen bitartean,<< azkenik aurkitu dugu elkar>> esanez. Horrela izan behar du; ez dut eta bere telefonorik, ez helbiderik, ez izen abizenik. Nola gozatu, non bitatu ez badakit? Alde banatara, taberna barrura, autobus paradako estalpera eta zebra bidera tentuz begiratu dut; baina ez da inon ageri. Ez da inor ageri.

Etxe ondoko bankuan eseri naiz, ziplo, korapilo bat eztarrian eta txori kaka egin berria buru gainean .Espaloiaren bestaldeko amona zaharrak errukiz begiratzen nau. Ilea mukizapiaz garbitu ondoren, goraka noa kafesne arrastoa bukatzera.

Sukaldera hurbildu eta bertan aurkitzen dut . Harrituta begiratzen nau; irrikaren nondik norakoa antzeman ezinda: << Jope, ez ninan uste hain gustora egon hintzenik; neska!>> Musu goxo batzuk eman ostean bere notatxoak eragindako guztia aitortzen hasten naiz, baita bera bistalik galtzeak sortutako bat-bateko izua ere. Hurrengo etorriko diren hitzek ordea, magia guztia istant batetik bestera lapurtuko didate: << Nik... ba... nik ez dut hori idatzi>>.

Zaplaztekoa masailean! Oso denbora tarte txikian, gogotsu egotetik umezurtz sentitzera pasa naiz; irudikatzetik, fantasia guztia zapuztera. Pertsona hura ezagutzeko desioa erraietan bizitzetik, gosaltzera gonbidatu nahi ez izatera. Eta horrela egin dut. Kalean erosi berri dituen napolitanak berekin eramateko eskatu diot. Haserre alde egin du, ez omen dago nire jarrera ulertuko duenik.

Beste behin, bakarrik gelditu naiz gelaren izkinan, igaro berri den pasartea munduari leporatzen, parerik gabeko bizitzak ere existitzen garela gogoraraziz. Izan ere, bakardadearen beldurrez, horiek konpartitzen aritu naiz luzaroan. Badirudi mundua bikote andana bat besterik ez dela! Ingurura begiratu, eta itsasoz inguratutako irla bakarti bat naizela ez sentitzearren, edozein marinel gonbidatu izan dut, edonola, edozer eraikiz. Ala ezer ez. Batzuetan ez dut ezertxo ere sortu nahi izan, hondarretako gazteluekin gertatu zitzaidan lez.

Hondartzan igarotako orduak ziren umetxotan gehien atsegin nituen momentuak; nekatu arte hondarretan gazteluak altxatzen izaten ginen garaia. Zoriontsu sentitzen nintzen han; zortzi dorrekoak eta ezkutalekudunak izaten ziren, batzuetan kanoi eta guzti .Egun batetik bestera, ordea, hondarrezko gazteluak egiteari utzi nion. Itsasoak eramaten zizkidan, beste haurrak gainetik pasa eta bi dorre zanpatzen zizkidaten, pilota handi bat gainera erori eta dena puskatzen zuen; edo besterik gabe desegin egiten zen. Bere kabuz birrindu. Hori izaten zen denetan gogorrena. Hain tinkoa zirudien... Suminduta ohartu nintzen ez zuela merezi ezer eraikitzeak, hondarra iragankorregia zelako. Golpe gogorra izan zen hura.

Eta nonbaiten badirau atsekabeak, etsipenak; nahiz eta zaldunen atzetik korrika jarraitzen dudan, etxean zapata ahaztu dutela abisatzeko. Belarrira abestuko didatenekin ametsetan edo, egoskor, nirea baino bizkar zabalagoa duten haien sakontasuna bilatzen.

Txirrin txirrin, txirrin! Telefonoa joka ari da.

-Eh Maider, ama naiz--. Zurbil gelditu naiz egongelako leihotik begira. Ez nuen bere deirik espero. Denbora luzea da ez dudala beragandik ezer espero.

-Barkatu horrela sartu izana, baina sorpresa bat eman nahi nizun; edo agian ez naiz aurrez aurre agertzera ausartu... ez dakit. Probatu dituzu?

-Ama, zertaz ari zara?

-Bai... hozkailuan utzi dizkizudan txipiroiez.. hainbeste gustatzen zitzaizkizun txikia zinenean... Gogoratzen zara? << Pipiroiak>> deitzen zenien.

-Noiz sartu zara hona? Ze txipiroi eta ze pipiroi?

Amorratuta, hozkailuko atea zabaldu eta hara non ikusten dudan ontzi handi ba. Amak, urduri, hizketan jarraitzen du.

-Ez al duzu irakurri notatxoa?-. Ama izan da. Amak idatzi du. Amarenak dira hitzak. Zer erantzun ez dakidanez, gauean deituko diodala zin eginez agurtu dut . Sukaldera joan, platerera bost jaurti eta txipiroi hotzak jateko asmoz, telebistaren aurrean eseri naiz.

NOR DA

Ana Moñux Txintxurreta

1987ko ekainaren 20an jaioa. Atera kontuak!

Psikologia ikasi nuen.Orri zuriak bertigoa

ematen dit, gogoak sugartu bitartean

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago