Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
 
luma10    
Gaur ere berdin. Gaueko 21:45 inguruan , gaueroko zereginetan: batak zabor-poltsak edukiontzietara, besteak kartoitzarrak edukiontzietatik; elkar agurtu eta nor bere etxera. Ni bitartean lehiotik, ekidistantzian. Bata ezkonduta, bi senideren ama –neska eta mutila, itunpeko ikastetxe erlijiosora doazenak–, zuzenbidean lizentziaduna eta epaitegietako funtzionarioa; larri zebilen atzo goizean, autobusa galdu, eta lanera berandu iritsiko ote zen beldurrez, etxe-kaleratze bat omen zeukan, ezin berandu iritsi. Bestea ezkonduta eta hiru senideren aita... garai batean, enpresa familiar baten oinordea... garai batean. Duintasun kontua dela dio, ez ziokeela justiziari sekula bera etxetik botatzeko aukera emango, horregatik alde egin zuela eta, are gehiago, aterpea ukatu zioten horiengan beraiengan aurkitu duela orain babesa, kutxazainen epeltasun digitalean eta bideokameraren begirada kuxkuxeropean bizirautea hautatu zuela.
 
Agertoki aparta amaiera odoltsuko film labur baterako: gaueko ilunpea hiltzailearen babesle, zaborrak eta edukiontziak gorpuzkien gordeleku... Bata eta Bestea protagonistak, erasotzailea eta erasotua hurrenez hurren, edo alderantziz... Eta dramatismoa biziagotu nahi izanez gero, haurrak sartu tartean, edonon... Gidoia zertzelatzen hasiko nintzateke, horri guztiari fikzio zantzurik aurkituko banio. Ordea, eguneroko errealitatea da, eta duela ia mende bat ere errealitateak antzekoa behar zuen, Fernando Pessoak O banqueiro anarquista idatzi zuenerako.
 
Portugaldarraren lanak jendarteak pairatzen dituen bidegabekerien eragileak identifikatzen ditu, eta bere burua anarkistatzat duen bankari, tratulari eta estraperlistaren ahotik azaltzen du zein den gaitzari aurre egiteko bidea: anarkismoa. Gizateriaren askatasuna lortuko bada, sistema burgesak betikotu dituen fikzio eta konbentzio sozialak –estatua, erlijioa, familia, dirua– mendean hartu beharra aldarrikatzen du, ez zuzeneko borrokaz, ez beraien eragin-eremutik alde eginez, gaindituz baizik.
 
Zalantzarik gabe Pessoari adibide egokiak zitzaizkiokeen gure Bata eta gure Bestea. Bata zatekeen jendartearen fikzio eta konbentzioetan bete-betean harrapatuta dagoenaren eredua, sistema burgesera guztiz moldatu eta ohitutakoa. Bestea zatekeen anarkista inozoa, fikzio sozialak gainditzeko adorerik ez, eta ihes egiten diena; alegia, diruaren eragin-eremura makurtu ez, baina mendean hartzeko ganora izan ez duena.
 
Bataz eta besteaz dago osatuta gure jendartea, ekonomiak agintzen du aldian-aldian zein proportziotan. Estatistikak Bestearen kurba loditzen doaz egunetik egunera, eta hedabideak egoeraren gordina probesten. Krisia hasi zenetik, 2007ko ekainetik, Hego Euskal Herrian 7.000 lagun kaleratu dituzte, beraz, ustezko 7.000 drama haizagarri: bikotea bananduta badago hobe, nahiago izaten da beti zazpi senideko familia bostekoa baino, beharrezkoa elbarriren bat edo hil-hurrenen bat egotea... Orain ari gara ikusten Baten eta Besteen esparruen arteko muga zenbateraino den malgua eta, horrelakoak entzutean, nahi gabe bezala, kalkulatzen hasten gara gu horiengandik zenbatera gauden, ondoren, nolabaiteko lasaitu urduriaz sorbaldak biltzen bukatzeko. Ba al da ba beste aukerarik?
 
Baiezkoan zeuden maiatzaren 15ean egoera politiko, ekonomiko eta soziala aldarazteko ahaleginean Madrilgo Puerta del Solen kanpatu zuten herritar suminduak, eta baiezkoan diraute azaroaren 20ko bezperan plaza horretan bertan bildu zirenek ere... gutxiago, baina. Ekimena jaio zenetik izan dira heriotz goiztiarra iragarri dioten ahotsak, hamaika arrazoitan oinarrituta aurreikusi dute mugimenduaren akabera. Prentsako irudi batek eman dit niri zer pentsatua: kontzentrazio horietako batean bi gazte, IKEAko poltsa bana buruan euritik babesteko, iPhone bana eskuetan boto-asmoen inkesten emaitzak ezagutzeko. Bataren ondorengoak, akaso...
 
Eta ni bitartean leihoan, gauaren beltzean ekidistantziaren zurikeriatik munduari begira.
 
Irene Gil Legarra
 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago