Iritzia eta gogoeta
ORZAIZ GALARZA,Ion"Intsumisioaren memoria gordetzen zuen Iruñeko kartzela zaharra eraisten ari dira" (Iritziak)
- Xehetasunak
- Nork idatzia: Orzaiz Galarza,Ion
- Kategoria: IRITZIA ETA GOGOETA
- Bisitak: 3208
Sarrionandiaren “Aspaldi utzitako zelda” olerkiko protagonistak esaten zuen: «Jakin nahi nuke nork betetzen duen orain/ nik utzitako zelda/ [...] Ea errekuentoan mirilatik so egiten duen begiak/ inor ikusten duen, edo jadanik inor ere ez». Iruñeko kartzela zaharreko ziegetara mirila batetik so eginen bagenu, dagoeneko ez genuke inor ikusiko. Ez intsumisorik, ez preso politikorik, ez preso arruntik. «Jadanik inor ere ez». Izan ere, presondegia eraisteari ekin zion Iruñeko Udalak irailaren 4an. Santa Luziako espetxe berria iragan ekainean zabaldu zuten, eta egoitza zaharrean gelditzen ziren 176 presoak egun bakarrean eraman zituzten hara. Ordutik, ziegak hutsik egon dira, pasabideetan ez da presoen edo funtzionarioen oihartzunik aditu eta inork ez ditu, paseo amaigabeetan, patioko harlauzak zapaldu. «Jadanik inork ere ez».
Bat-bateko erabakia izan zen Iruñeko Udalak hartutakoa. Eztabaidarako astirik ia eman gabe, alderdi politiko eta hiriko kolektiboek kartzela zaharrak izan zitzakeen erabilera berriak planteatzen hasi ziren unean bertan, gure historiaren zatitxo hori birrintzea deliberatu zuen UPNk. Eta paradoxikoki, horren kontra ahotsa goratu duten lehenak (edo lehenetako batzuk), preso ohiak izan dira.
«Denbora asko eman dugu ‘espetxeak apurtu!’ eta ‘harresiak behera!’ oihukatzen. Oso errotua dugu hori. Horregatik, kartzela bat birrinduko dutela esaten dizutenean, lehen erreakzioa, barru-barrutik ateratzen zaizuna, poza edo euforiarena da (zer esanik ez, kartzela horretan bertan giltzapeturik eduki bazaituzte). Gerora, gaiari bueltak ematen dizkiozunean, argiago duzu zergatik hartu duten agintariek erabaki hori; eta batez ere, zergatik egin nahi duten horren azkar», azaldu digu kazetari eta intsumiso preso ohia den Juan Kruz Lakastak.
Eta zein da, bada, kartzela eraisteko erabakia egun batetik bestera hartzeko arrazoia? Argi du Lakastak: «Eraikina barrutik ikusten duen edonork berehala suma dezake bertan bizitzea zer den: ziega estuak, presoak kontrolpean mantentzeko diseinatutako egitura itogarria... Finean, jendea barruan usteltzeko, txikitzeko eta deuseztatzeko helburuarekin sortutako instituzio autoritario, erradikal eta nazkagarria da espetxea, eta eraikinaren arkitekturak berak salatzen du. Hori da, hain zuzen, jendeak ikustea nahi ez dutena».
Lakastarekin batera, intsumisio delituarengatik preso egon zen beste kazetari bat Gaizka Aranguren iruindarra izan zen. Harentzat, kartzela botatzeko arrazoi nagusia prosaikoagoa da: «UPNk ez du eztabaida publikorik nahi, eta espetxearen inguruan proposamenak azaleratzen hasi ziren unean, eraikina eraistea erabaki zuten. Eta horren atzean dagoena dirua da. Iruñeko Udalak badaki orube horrek gainbalioa emanen diola, mozkinak atera ahal izanen dituela hirigintza operazio horretatik, eta eztabaida piztu baino lehen, nahiago dute eraikina birrindu, zer gerta ere».
Memoria berreskuratzen
Horrekin guztiarekin batera, agintean dagoen alderdiarentzat deserosoak izan litezkeen testigantzak desagerraraztea izan daiteke, Juan Kruz Lakastaren ustez, eraistearen helburuetako bat. «Intsumisoak, preso politikoak eta preso arruntak giltzapetu zituzten Iruñeko espetxean, eta murruak birrintzearekin batera, horien guztien memoria ere ezabatzen ari dira». Hain zuzen, oroitzapen horiek guztiak desager ez daitezen, film dokumental bat grabatzeari ekin diote zenbait intsumiso preso ohiek. Aranguren eta Lakasta daude proiektuan buru-belarri murgilduta, eta haiekin batera, baita kartzela barru-barrutik ezagutu zuten beste zenbait lagun ere; besteak beste, KEM-MOC kolektiboko Fernando Mendiola, Ruben Marcilla intsumisoa edota Kakitzat koordinakunde antimilitaristako Aitor Balbas.
«Lehendik ere pentsatua genuen Iruñeko kartzelan bizitakoari buruzko film bat ontzea, baina asmo edo helburu zehatzik gabe. Kartzela eraitsiko zutela argitaratu zenean, alta, proiektua zehaztu behar izan genuen. Alde horretatik, akuilu bat izan zen guretzat, abian jartzera behartu gintuelako», azaldu digu Arangurenek.
Lakastarentzat ere beharrezkoa zen espetxeko murruen barruan bizitako esperientziak kontatzea. Testigantza ematea. «Gaur egungo gazte askok ez dakite zer zen intsumisioa, eta zer gertatu zen urte horietan, eta horren errua ez da haiena, gurea baizik, transmisio hori ez dugulako behar bezala egin», azpimarratu du. «Arrazoi ezberdinak direla medio, orain arte ez dugu gure esperientzia kontatzeko aukerarik izan –gaineratu du Arangurenek–. Badira kanpotik egindako ekarpen politak, Edurne Elizondoren ‘Ez dugu nahi’ (Txalaparta) liburua, adibidez, baina presoen beraien ahotsa falta genuen. Horregatik, preso ohietako batzuk ikus-entzunezkoen munduan lanean ari ginela ikusita, dokumentalari ekitea erabaki genuen».
Bildu, NaBai, Ezkerra eta PSNko zinegotziekin hitz egin ostean, kartzelan grabatzeko baimena eskatu zioten dokumentalaren arduradunek Enrique Maya alkateari. Proiektuaren izaera ikusita, ezezkoa jasoko zutela uste zuen Arangurenek. «Aukerarik emanen ez zigutela pentsatu genuen, baina astelehen batean, Udaletik deitu gintuzten, dokumentala grabatuko zutenen izen-abizenak eta nortasun agiriak pasatzeko eskatuz. Hamar lagunez osatutako zerrenda pasa nien, eta hurrengo goizean, 07:45ean, sakelako telefonora hots egin zidaten, hitzordua 10:30ean genuela esanez». Bat-bateko eskaleta eta errodaje-plana prestatu ostean, kartzelara abiatu ziren, hitzartutako orduan. Egun horretan, Iruñeko preso ohiek kartzelako harlauzak zapaldu zituzten, hamazazpi urteren buruan, eta bakoitzak bere ziega berriz ikusteko parada izan zuen. «Hunkigarriena, niretzat, ziegara sartzea izan zen. Izan ere, kartzelan, ordu gehienak han ematen dituzu, eta hara berriro sartzeak zirrara berezia eragiten dizu. Barruak mugitzen dizkizu», azaldu du Arangurenek. Juan Kruz Lakastaren aburuz ere, bere (eta beste askoren) ziegara sartzea une berezia izan zen: «Gogoan nuena baino txikiagoa eta itogarriagoa begitandu zitzaidan, eta, oro har, eraikin osoa izugarria dela gogoratu nuen. Izan ere, hedabideetan edo karrikan, kartzela gutxiesteko joera handia dago. ‘Mutil horri lau urteko zigorra besterik ez diote ezarri’ edo ‘bi urte bakarrik eman ditu kartzelan’ bezalakoak botatzen dituzte askok, barruan gertatzen dena ezagutu gabe. Eta murru horien artean urtebete ematea gogorra da gero!».
Ziegetan grabatzeaz gainera, dokumentalaren egileek ordenagailuen gela edota patioa ere bisitatu zituzten. Horiek ziren presoen topagune nagusiak, eta paseoak ematen zituzten bitartean, gizarte arazoak, politika eta beste hainbat kontu izan ohi zituzten mintzagai. «Paseoan ibiltzeko, pareta batetik bestera joatea beste aukerarik ez zegoen, eta taldetan egiten genuen. Kolektiboak hartu beharreko erabakiez hitz egiten genuen, jakina, baina baita beste hamaika gauzaz ere. Orotariko elkarrizketak izaten genituen bertan, baina ibilaldiaren abiadura aldatzen genuen, gaiaren arabera. Hala, lagunak abiada bizian oinez ikusten genituenean, bagenekien hartu beharreko erabaki baten inguruan ari zirela hizketan», gogora ekarri du Lakastak. Patioko ibilaldiak, bilerak, kanpoko munduarekin komunikatzeko bide katramilatuak... Horiek guztiek esperientzia sorta itzela osatzen dute preso ohi guztientzat, baina intsumisoek badute, horrez gainera, atzera begiratzeko modu berezi bat. Egindakoaz harro daude, eta, haientzat, kartzelako egonaldia ez da ezkutatu beharreko sekretua, harro egoteko moduko bizipena baizik: «Gaur egun, garai horiek gogora ekarriz, konturatu naiz oroitzapen onak errazago datozkidala burura txarrak baino», aitortu digu Arangurenek. «Finean, esperientzia gazi-gozoa da, kartzelan bizitzea oso gogorra delako, baina aldi berean, oso seguru eta harro nago hartutako erabakiaz.Intsumiso izan ez banintz, seguru asko, damu izanen nintzateke gaur».
Intsumisioaren ondarea
Iruñeko kartzela zaharra berezia zen, eta ez soilik azpiegitura zaharkitu eta bizi-baldintza eskasengatik. Barruan sumatzen zen giroak ez zuen zerikusirik Estatu espainoleko gainontzeko presondegiekin. Horrekin, zerikusi handia zuen intsumiso preso kopuru handiak, eta garai hartako giro politikoak. «Guk barruan bizi izan genuena ez zen izan intsumisioarekin lotutako esperientzia bat soilik. Une hartan, Euskal Herrian bizi zen eztabaida politikoaren isla ere bazen. Ezkerrekoak edota abertzaleak ginen gehienak, baina espazio horren baitan, joera politiko ezberdinetako kideak bildu ginen. Gaur egun, politikaren esparruan, ezkerreko alderdi abertzaleen batasun saiakerak ikus ditzakegu; bada, duela zenbait urte, batasun hori lortu genuen kartzelan. Eta hurbilpena ez zen soilik politikoa izan, pertsonala eta ideologikoa ere izan zen, guztion artean sare bat osatzen jakin genuelako», dio Arangurenek.
Baina pentsamolde ezberdinen arteko elkarlanaz harago, Iruñeko kartzelan preso izandako intsumisoen esperientzia eredugarri izan daiteke beste hainbat alorretan ere. «Nik desobedientzia zibil ez bortitzaren garrantzia nabarmenduko nuke –azaldu du Lakastak–. Alde horretatik, soldaduskaren amaiera desobedientzia mota horren garaipen izugarria izan zen, gerora, UPN eta PP historia faltsutzen saiatu diren arren, meritua eurena dela esanez. Badakit garaiak aldatu direla, baina asko ikas dezakegu borroka horretaz». Hain zuzen, intsumisoen lekukotza ematera dator oraindik ere argitaratze datarik ez duen film dokumentala. Kartzela eraitsi eta aztarna guztiak ezabatu arren, murru horien artean bizitakoak bizirik iraun dezan, eta belaunaldi berriek aukera izan dezaten, Sarrionandiaren poeman bezala, preso horiek utzitako ziega ezagutzeko.