Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
odriozola_25.png
Isil hadi!

-Aizak, irten hadi automobiletik.
-Neurea duk, eta ondo nagok bertan.
-Ikusten duk hau?
-Zer? Niri ez zakilik atera, e? Horrekin ez nauk beldurtuko ta.
-Ez duk zakila, kirten hori. Errebolberra duk, eta honekin zakilarekin baino zulo handiagoa egingo diat ipurtaldean, ateratzen ez bahaiz.
-Ez diat bigarrenik behar, batekin nahikoa.
Egon hadi, giltza kendu behar diat eta.
-Nola giltza kendu? Lagazak giltza dagoen tokian.
-Ez zeukaat besterik.
-Eskatu emazteari, hark edukiko dik ta.
-Ez. Hau duk emaztearen giltza, neurea apurtu egin zitzaidaan atzo.
-Aaa…Bere tokian jarrita lagako diat, ez arduratu.
Orain, Alde!
-Beno, beno, baina gero, bide batez, utziak autoa ere toki berean, e?
-Bai, bai, lasai horregatik, postaz bidaliko diat, behar izanez gero.
Orain ken itzak zapatak..
-Baina ezingo nauk ibili.
-Galtzetinak ere bai.
-Hotza izango diat oinetan
-Niri ez konta xelebrekeriarik.
Orain sar hadi atzeko kapotean.
-Jode! Ezin nauk taberna batean utzi?
Ez zioat inori esango autoa itzuli arte.
-Sar ezak buru hori, bestela kaskarrekoa hartuko duk.
Jartzak zapi hau begietan.
-Ez diat ezer ikusiko..
-Horretarako duk.
-Ez zegok eskubiderik.
-Egia duk, behingoz ados nagok hirekin.
Hemen autobideak bakarrik zeudek, ez eskubideak.
-Ez nian hori esan nahi.
-Bada, ezin baduk esan nahi duana adierazi, ez ezak ezer esan.
-Nik esan nahi nian
-Isil hadi, mesedez, ez nauk etorri hirekin berriketan egitera, kotxea lapurtzera baizik.
-Ba, ez nauk isilaraziko.
-Ikusten duk hau?
-Nola ikusiko diat, bada? Zapia zaukaat begietan.
Zer jarri didak ahoan, errebolberra?
Horrekin ere ez nauk isilaraziko.
-Oraingoan ez duk errebolberra, babo halakoa! Baina honek isilduko hau.
-Ez diat hire zakila irentsiko.
-Aiiii! Pazientzia!
Goma zatia duk, kotxearen balantzarekin ez mingaina hortzikatzeko.
-Ez diat nahi ezer ahoan
-Ez hion hori esaten larunbat gauean emazteari.
-Hik nola dakik hori?
-Joder! Psikologoa naizelako. Mundu guztiak egiten dik larrutan larunbat gauean.
-A, bai?
-Ala, heuk bakarrik egiten huela uste huen?
-Nik bakarrik ez, baina denak ere ez nian uste.
-Ea, ba. Hik zer egiten duk aste osoan?
-Ba, jaikitzen nauk goizeko seietan, aurpegia garbitu, eta...
-Bale, bale, baina, Zer egiten duk?
-Komunera joan?, autobusa hartu?
-Lana, motel, lana, hosti!
Aste osoan, astelehenetik ostiralera lanean ari haiz, goizeko seietatik.
-Sei eta erdietatik.
-Berdin ziok, letxe!
Lan eta lan egiten duk! Eta gero, etxera heltzen haiz arratsean, nekaturik, erdi haserre. Erosketak egin behar, afaria prestatu, arropak tolestu…Bai, ala ez?
-Bai, bai, hala duk..
-Orduan, nola izango duk bada, larrutan egiteko gogoa?
Larunbatean egin behar, iluntzean, txikiteoan ibili eta gero, igandean jai delako.
Ez ala?
-Bai, bai…
Non ikasi huen psikologia?
-Hi burutik jota hago.
-Zer, ez zaizkik galdera konprometituak gustatzen?
-Zer diok? Ez bainauk ezagutzen.
Hiri gustatzen zaizkik horrelako galderak?
-Bai, egidak, egidak. Ni aditua nauk galdera bereziak erantzuten.
-Aspertuta naukak..
Bizi nahi al duk?
-Zer?
-Ez al duk esan galdera zailak gustatzen zaizkiala?
-Bai, bai.
-Ba, erantzun hau: Bizi nahi al duk?
-Bai, noski, eta ez edozein modutan gainera. Bizi nahi nikek, baina ondo, hau da, lanik egin gabe, kontu korrontea bete- betea, BMWa, txaleta…
-eta emakumeak egunero zakila miazkatzen, ezta?
-Bai, nola dakik? Psikologo ona haiz benetan.
-Psikologoa ez, apaiza naizela uste diat, daukadan pazientziagatik.
Azkeneko aldiz esango diat. Isiltzen ez bahaiz akatu egingo haut.
-Bada, penagarria izango litzake. Horrela ez baituk jakingo altxorra non dagoen
-Zein altxor?
-Zelaimendiko kobazulo ezkutuan dagoen altxor miragarria.
-Zer diok? Altxor bat non dagoen dakiala?
-Jende guztiak zekik hori.
-Bada, niri ez zidak inork ezer esan.
-Bai, motel, azken karlistadan han lurperatu omen ziaten, eta gero, atera ez.
-Ta, hik, nola dakik ba, bidea?
-Ai, baboa, nik nola jakingo diat ba?
Denbora egiten ari nauk ea aspertzen haizen, edo berandutu egiten zaian kotxea hemen lagatzeko.
Psikologa izango haiz, baina inozoa ere bai.
-Egia duk! Zazpiak dituk. Honezkero itxi diate bankua.
Eta ostirala duk; ezingo diat asteleheneraino lanik egin.
Eta ez zaukaat batere dirurik.
-Bestela ere ez duk gehiegi izateko itxura.
-Txantxetan, ala?
-Ez, ez, inoiz ere ez.
-Denbora galarazi didak, eta gainera, Takolorenak egiten?
-Berandutu egin zaik. Ez da beste ezer. Datorren astean izango duk beste norbait lapurtzeko.
-Hire modukoa baduk, ihesik joango nauk, baina lehenik garbituko diat, berriketan utzi baino lehen.
-Lasai hadi, motel.
-Sudurrean hirugarren zuloa egiten diadanean erabat lasai geldituko nauk..
-Arnasa gehiago hartu ahal izango diat.
-Neuk ere bai, heu betirako isilik ikustean hasperen luzea egingo diat.
-Emaztea itxoiten izango duk dagoeneko.
-Egia! Baniak! emaztea zain izango diat eta.
Eta sekulako haserrea hartuko dik, gainera, kontatzen diodanean.
Arraioa!
-Ez nazak hemen utzi, esku eta begiak loturik.
-Nola askatuko haut ba?
Han joango hintzake aintxitxika ertzainei esatera, “norbaitek kotxea lapurtu nahi izan dit”…“norbaitek kotxea lapurtu nahi izan dit”
-Ta, zer egin behar didak, orduan?
-Ba, zakila aterako diat, eta bi tiro jo!
-Baina zakilaz ez duk tiro egiten.
-Ez, zakilaz, lehenik ipurtzuloa apurtuko diat, zeren emaztea muturtutik izanda, bihar ez diat txortan egiterik izango. Eta gero, errebolberraz tiroa emango diat
-A, ulertu diat.
-Eskerrak.
Ikusten zein ongi adierazten ditudan esan nahi ditudanak?
Ba, orain bukatu duk elkarrizketa.
-Pozten nauk hi ezagutzeaz. Inorekin ez diat aspaldian halako elkarrizketa luzerik izan. Eskertzekoa duk.
-Hori duk askok daukazuen arazoa, inork ez dizuela kasorik egiten.
-Bai, bai, hori duk.
-Gaur egungo gizartearen arazoa duk, inkomunikazioa. Bakoitzak berera bakarrik egiten dik.
Elkarren alboan bizi gaituk, baina bakarrik.
-Soziologiaz ere badakik, ala?
-Ez, Zezen Korriden aurkako alderdiaren panfleto baten irakurri nian, joan zen hauteskundeetan.
-Utziko al didak neuri irakurtzen? Interesgarria zirudik.
-Bota egin nian, baina zioena azaldu diat. Garbi-garbi.
-Eskerrik asko.
-Ez horregatik. Agur.
-Azkar buka ezak, mesedez.
-Saiatuko naik. Agur.
-Baina…
-Isil hadi!

Iñaki Odriozola

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago