Gidoiak eta antzerkia

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

 

   
pdf    

HIRUGARREN EKITALDIA

Lehenengo eszena

 

Euria ari du. Idazlea, 50 urte inguruko gizona,
salako bazter bateko besaulki zaharrean eserita dago,
ondoan duen terrazako ateari so.
Hori du bere gogoeta-txokoa azken urteotan.
Gaur gogoetan ez ezik berbetan ari da.
Emakumezko irudi bat atzematen da
haizeak atearen beirara bultza dituen
euri tanten artean. Ahanztura da.
Idazleak zigarro bat piztu berri du, eta
hautsontzia mahai gainean duela ohartuta,
hartzera altxatu da. Pauso mantsoz bueltatzen da besaulkira,
entzun dituen hitzei beste aukeraren bat bilatzen saiatuz. Etsita, eseri egiten da.

IDAZLEA : Beraz, berorrek oroitzapenak arindu besterik ezin du egin, arindu besterik ez.

Ahanztura : Ez iezadazu berorika hitz egin, arren. Itxura, besterik ez bada ere, zeurea baino gazteagoa erakusten dut, eta bestalde, ez didazu begirune berezirik zor, zure moduko jatorri apala da nirea.

IDAZLEA : Ongi da. (Zigarroari ahokada sakon bat ematen dio) Aditasun handiz entzun ditut zure hitz denak; bada zerbait, ordea, ongi konprenitu ez dudana. Gertatu ostean, oroitzapen bihurtzen da oro, eta gure memoriaren armairuan gordetzen. Baina oroitzapenak gehiegi dira armairuaren edukierarako, eta hargatik, berorrek, zuk, gehienak eraman egiten dituzu. Arindu ez ezik, eraman ere bai.

Ahanztura : Ongi deritzozu. Xumeak, garrantzi gutxikoak dira nik daramatzadanak , besteak norberaren historian atxikita geratzen dira, eta horrela, iragana, modu batean edo bestean, bizirik dirau zeuen memorietan, beti, bizitzak dirauen artean behintzat.

IDAZLEA : Hil arteraino. Orduan aske! (Zigarroa itzali egiten du) Baina berorrek, zuk, ez zenuke armairutik nire oroitzapenik hartu beharko, nik mordoa emango nizuke, bolondreski. Eraman iezazkidazu mingarri zaizkidan horiek, arren, preso naukate aspalditik.

Ahanztura : (Gupidaz begiratzen du) Zenbaitzuk lapurtzat naukate, memoriak eta askatasunak lapurtzearen akusamenduan epaitua izan barik, kondenatu egin naute. Zuk, aldiz, zeure oroitzapenak eraman ditzadan erregutzen didazu. Zin-zinez diotsut, ezin dut. Ez dut horretarako ahalmenik. Arintzeko baino ez.

IDAZLEA : (Beste zigarro bat pizten du) Nik ez dut memoriaren armairurik, zelda baizik, eta zuk atearen giltza. Ez dut preso jarraitzeko ez indar ez adorerik. Zeure , berorren baitan uzten dut nire bizitza ala heriotza (Altxatu eta ateari bizkar emanez geratzen da).

Ahanztura : Eroso aurkituko zenuen zeure burua nik edo beste norbaitek erabaki hori harturik, baina askatasuna ez da erosoa sarritan, beldurtu eta sufritu arazten du.(Isiltasuna) Banoa. Nire lanarekin jarraitu beharrean nago. Izan itzazu bizitza eta heriotza duinak, eta horiek askatasunez erabakitzeko aukera.

(Idazleak buelta ematen du, eta beiran euri tantak besterik ez ditu atzematen. Ahanztura oroitzapen da jada, bere memoriaren armairuan gorderik geratu da, betirako)

 

Bigarren eszena

Astebete beranduago. Idazlearen arreba sartzen da salan. Beltzez jantzita doa. Terrazako atearen gortinak zabaltzen ditu eta atea irekitzen du. Hainbeste urteren buruan gogoratzen zuen antzera dago guztia Mahai gainean zigarrokinez betetako hautsontzia ikusi eta harantz doa hustera. Hautsontziaren azpian, anaiaren hitzak aurkitzen ditu paper batean, zirriborrorik gabe, txukun; berak noiz aurkituko zain.

Joan naiz joan, aske izanen naizen lurraldera,
oroitzapenek tormentatuko ez nauten paradisura,
xuxurlatutako hitzak oihu bilakatzen diren hartara.
Eta iristen naizen bezain pronto,
maite zaitudala oihukatuko dut
aske, etengabe. Ez dut
requiemik beharko, ezta errespontsurik ere, bakean izanen baitut arima.
Tentaldian amildu nintzen Jainkoaren legea hautsiz , familia
iraindu izanaren zamak zugandik urrundu ninduen. Ezin ahaztu nuen
nebaren besoetan egona zinela,
berak maitatu eta desiratu zintuela, baita zuk neba ere.
Ezin jasanik neba neu nintzela, erruki Jauna, Kristo erruki
nioen.
Gogoan izan ditut beti egun haiek, baita
orain ere.
Eraman ezinak dira bai, Ahanztura anderea.
Taburik gabe gogoratuko ditut aurrerantzean, eder,
xarmant, lizun.
Eskribitu eginen ditut edo abestu edo errezitatu. Memoriaren zelda
armairu bilakatuko da eta gura dudanean irekiko dut, ausart. Maite zaitut.
 

TELOIA

Hitzak: Ruth Martin Apecechea

Marrazkiak: Larraitz Mendiable Apezetxea

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli