Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Delfos-eko Orakulua

 

luma37    
Argazkia: Izaskun Etxeberria    

-Bai, badakit eguraldi ederra nahi genuela, baina goizeko zazpiak dira, hogeita hamabi gradu daude, bi ordu daramatzagu martxan, eta autobus honetan ez dago aire egokiturik.-

- Oraintxe helduko gara, Belen.

- Eguzkiak jotzen duen aldean jarri gara, gainera.

- Zabal ezazu kurtiña.

- Ez dakit zeozertarako balioko duen.

- Bai, neska, gutxienez ez dizu aurpegian joko.

- Aurrekoak ez nau begi onez begiratu.

- Iparraldeko horiek eguzki bila etortzen dira eta.

- Baina, hau ez da eguzkia, hau sua da.

- Horiek urte erdia ilunean egiten dute, eta beste erdia hotzetan.

- Su bila datoz hona

- Su eta sexu bila, dena beroa nahi dute.

- Ba, bero honekin larrutan egitea da nahiko nukeen azken gauza.

- Beti daukazu aitzakiaren bat-

- Hara bestea. Lauren Bacall seduktorea bihurtu zaigu oporretan. Eta, urtean zehar, zer? Beti nekaturik baitzaude, larunbatetan ez bada.

- Beno, beno, dagoen beroarekin, eztabaidatzen hastea ere ez da atseginena.

- Bai, saia zaitez lo edo egiten, mingaina ere izerditan daukat eta.

 

- Oporretan lasai egotera etorri beharrean, izerdi patsez ari gara astebetean. Badaukat etxera joateko gogoa-

- Bai zera, ez lelokeriarik esan. Peloponesoko puntaraino etorri gara, Grezia klasikoko historiaren aztarnak ikustera. Ez al da hori nahi zenuena?

- Bai, bai, hori uste nuen.

- Zuregatik etorri gara hona; nik Marokkora nahi nuen, porrotxo batzuk hondartzan erre, te ona hartu, paisaia gorri bereziak ikusi, bereberrak agurtu, eta sandia handiak jatera.

-Zuk, ostera, ezetz, Greziako harri zaharrak ikustera nahi zenuela. Azken hiru hilabeteetan eduki nauzu interneten, tenplu eta aztarnen argazkiak begiratzen, eta ibilbideak asmatzen. Eta, orain?

- Ba, orain, ez dakit damutzen ari ote naizen. Beste zerbait gertatzen ez bazaigu, hauek izango dira igaro ditudan oporrik aspergarrienak.

- Zer nahiko zenuke, ba? Heraklito berpiztea, hitzaldiren bat emateko? Hau da hemen dagoena. Harri zahar eta turista ugari,

luma38
Argazkia: Izaskun Etxeberria

kanpokoak barra-barra, denak argazkilari profesionalak, eta gu moduko ardi galduren batzuk.

- Benetan animatzen nauzu, zure esanekin.

- Neu ere pozik nagoelako da, maitea.

- Gehiegi igartzen zaizu, nonbait.

 

- Hara, heldu gara Delfos-era.

- Sekulako aparkalekua. Dena beteta. Nola etorri da hainbeste jende, goizeko zazpiak eta laurdenerako?

- Tourroperadoreak goiz ibiltzen dira…

- Dena japoniarrez beteta dago.

- Bai, eta, frantsesez, alemanez, norvegiarrez…Hemen denetarik dago.

- Orain bi mila urte bezala. Badakizu Delfos-ko orakulua munduko famatuena zela? Hona etortzen ziren merkatari eta erregeak, turismoa egin bitartean, etorkizuneko bisnissak ondo joango ote zitzaizkien galdetzera.

- Eta, orakuloak, asmatu egiten zien, ezta?

- Noski, beti.

- Nola ba?

- Niretzako, entzun nahi zutena esaten zielako, gehienetan.

- Horren truke jaten baitzuten, gainera.

- Pentsa, kontra egiten badiozu gerra handi bat prestatzen izugarriko zorrak egin dituen erregeari, zer gerta dakizuke?

- Ez da komenigarria inoiz boterearekin txarrean egotea.

- Etorkizuna igartzeko modu bat da.

 

- Ur botila hartu duzu?

- Bisera ere bai. Eguzkitarako betaurrekoak, krema, mangarik gabeko nikia.

- Bi ordu eman dizkigute.

- Oraingoan ez digute bitxien denda batera eraman behar?

- Ez, itxuraz, ez.

- Horietan bakarrik egoten da freskura apur bat.

- Eta erosteko tentazioa.

- Eta kumunak ere bai. Pixagurea daukat.

- Hor, autobusen atzean egin beharko duzu.

 

- Bilaidazu itzala, mesedez.

- Han museo antzeko bat dago. Hor, beste etxetxo txuri horien atzean.

- Begira atso zahar hori. Nola egingo du dagoenarekin beltzez jantzita irauteko?

- Ikusteak ere beroa ematen dit.

- Begira dago. Zerbait saldu nahiko dizu

- Etor zaitezte hona, gazteok.

- Zer nahi duzu, emakume?

- Ba al zenekien ingelesez, ba?

- Pixka bat.

- Eta niri ezer esan gabe?

- Oraindik nitaz gauza asko ikasi behar dituzu, Eneriztxo. Zer, urtebetean, eta nitaz guztia dakizulakoan?

- Emaidazu muxutxue, txolin hori, baina txikia, e? beroa dago eta.

 

- Zer esan dizu?

- Berak badakiela orakulua non dagoen…joan nahi badugu…

- Antzerkiren bat izango da, turistak engainatzeko.

-Zer dio orain?

- Benetan ari dela. Orakuluak jarraitzen duela, orain hiru mila urte bezala, eta etorkizuna asmatzen duela, beti.

- Zirrara egin dit. Ez dakit onerako, ala txarrerako.

- Joango gara berarekin?

- Ea arazoren baten sartzen garen.

- Temati ari da, sekretua dela dio, eta bikote gutxi batzuei bakarrik esaten diela.

- Bai, eta guri, kasualitatez, ezta? Azkenean zerbait saldu nahiko digute, ziur izan.

- Goazen, goazen, ea zer esaten diguten.

 

- Etxarte estuetatik joatea ere, misterio gehixeago jartzeko izango da?

- Bai. Eskuinerantz egin du.

- Gero eta ilunago dago.

- Isil zaitez, eta egin aurrera. Ate hartan sartu da.

- Hurbil zaitez poliki.

- Itxi egin da.

- Non dago atsoa?

- Ausartzen zara irekitzen?

- Bai, goazen, oraintxe hasi naiz ondo pasatzen eta.

 

- Ez egin zaratarik.

- Ez naiz ni izan.

- Oraingoan ere ez?

- Ate honek olioa behar du.

- Jadanik badakite sartu garela.

- Ba al daukazu metxerorik?

- Nola izango dut ba? Zortzi hilabete dira erretzeari utzi niola.

- Porrotxoak erretzen dituzu ba.

- Bai, baina noizbehinka bakarrik, besteek egindakoak.

- Ixooo! Ez dugu ezer ikusten, ez entzuten. Adi egon zaitez.

- Arduratzen hasia nago

 

- Arratsaldeon, Europar bikotea!

- Nor ote da hori? Duen jantziagatik, orduko apaiza dirudi.

- Horiek orakuluaren laguntzaileak izaten ziren.

- Hasi da antzerkia. Zer dio?

- Agur egiten ari zaigu, europarrei.

- Nola daki nongoak garen?

- Babalora guztiak Europakoak omen gara.

- Ongi etorri XXI. mendeko orakuluarengana.

- kandelak pizten ari dira.

- Hemen, zuekin, Delfos-eko Sibila. Orain hiru mila urte hasitako emakume igarleen ordezkari eta ondorengoa. Dena dakiena. Etorkizuna argituko dizuena.

- Hara, begira, han dator orakulua.

- Izter luzeak atzematen zaizkio erdi ilunean.

- Emakume ederra da, baina esango nuke ez duela perfil mediterraneorik.

- Ilehoria delako diozu?

- Eta alemanez egiten ari delako

- Alemanez ere badakizu?

- Ez.

- Orduan, nola…?

- Erne! honek ez du itxura onik eta.

 

- Utzidazue zuen begietara begiratzen, barnekoak ikusteko. Bikote gazte eta ederra zarete, zoriontsu itxurakoak. Urrunera etorri zarete oporrak pasatzera... Dirua sobera…

- Azkena izan ezik, orain artekoa ez da zaila asmatzen.

- Zer dio orain?

- Trantzean jarri da, buruari bueltak ematen, ahoa zabalik, aztoratzen hasi da.

- Neu ere bai.

- Hiru laguntzaile azaldu dira ilunean, eta bizkartzainak dirudite.

- Minik har ez dezan izango da, badaezpada.

- Ikusten dut, ikusten dut, bidaia pozgarri honetan laster sorpresa txar bat izan behar duzuela…

-Zer dio?

- Zerbait gertatuko zaigula. Ixo.

Ahotsa.-Hurbileko norbaitek ondasunak lapurtuko dizkizue, iluntasunaren babesean.

- Dirua daramazu?

- Bai, zergatik?

- Ez, ezer ez, galdetzearren. Ez dakidalako zenbat kobratuko diguten antzez saio honengatik.

- Hurbileko norbaitek ondasunak lapurtuko dizkizue, iluntasunaren babesean.

- Pentsatzen ari naizena bururatu zaizu?

- mmm… Zer ari zara pentsatzen?

 

- Sibila desagertu egin da. Kandelak itzali dituzte.

- Bakarrik gaudela ematen du.

- Ez dut uste, hor inguruan hainbat zarata sumatu ditut.

- Ez dut piperrik ikusten.

- Han argitxo bat, haserre itxurako burusoil gihartsu baten aurretik.

- Norbait gehiago ere badaukagu, atzean. Orakulua, ote?

- Sabelean sentitzen ari naizen gauza hotz hau, nik pentsatzen dudana izango da?

- Egon zaitezte geldirik, eta azkar bukatuko dugu!

- Jaso eskuak! Ekarri poltsak!

 

- Hauek ez ziren orakuluaren laguntzaileak, ezta?

-Nola ezetz? Laguntzaileak ziren. Bat eginda zeuden eta.

- Oinetakoak ez dizkigute kendu, behintzat.

- Goizean ez didazu ba esan aspertzen ari zinela bidaia honetan?

- Umorea ez dizute lapurtu, ala?

- Helduko al gara autobusera? Horixe bakarrik falta zaigu, orain, autobusa ere galtzea. Zu eta zure orakuluak!

- Hau inpresioa. Hau zori txarra.

-Dirurik gabe utzi digute. Bitxirik gabe, motxilarik gabe, eta urik gabe.

- Bai, baina kontura zaitez, orakuluak arrazoi zuen, maitea. Beti asmatzen du. Hiru mila urte eta gero ere…

- Mekaguen Delfos!

Iñaki Odriozola

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago